Narra-txakurren bihotza

Narra-txakurrak dira erresistentzia fisiko handienetakoa edo, agian, handiena duten ugaztunak. Iraupen luzeko lasterketetan hartzen dute parte (hiru egunetik bi asterainokoak, zenbait orduko atsedenak barne) eta oso arau termiko gogorren menpe egiten dute korrika, 0 ºC azpitik beti. Lasterka egiten duten bitartean, metabolismo aerobiko gorenaren erdia da korrika egiten ari diren bitartean mantentzen duten maila metabolikoa.

Malgutasun izugarria du narra-txakurren bihotzak; horren erakusle argiak dira ondoren aurkeztuko ditugun datuak. Lokartuta dauden txakurren bihotz-taupadaren frekuentzia 40-60 min-1-koa den bitartean, 80-100 min-1-ko baliora goratzen da ibiltzen dauden txakurretan. Lasterketa aurreko urduritasunaren ondorioz 100-150 min-1-kora igotzen da eta 300 min-1-koraino lasterka egiten daudenetan. Bihotz-taupadaren datu horiek harrigarriak dira. Ikus dezagun zergatik.

Kontuan hartzen badugu txakur horien pisua, gutxi gorabehera, 25 kg-koa dela, atsedenaldiari dagozkion frekuentzien baliokideak 30-45 min-1-koa izango lirateke 75 kg-ko gizabanako batean[1]. Horiexek dira, hain zuzen ere, iraupen luzeko probetako kirolari onek atseden egoeran dituzten bihotz-taupadak. Beraz, atseden egoerari erreparatzen badiogu, kirolari on horien antzeko funtzionamendua du narra-txakurren bihotzak.

Gauzak, baina, oso desberdinak dira korrikan dauden bitartean duten taupaden frekuentziari (300 min-1) dagokionean. Lehenago egin dugun eragiketa bera eginez, 75 kg-ko txakur bati legokiokeen frekuentzia kalkulatu dugu: 225 min-1-koa izango litzateke. Oso garaia da, bai. Izan ere, iraupen luzeko probetako kirolari onenen muga aerobikoa 180 min-1-ko bihotz-frekuentziaren inguruan dago; horrek esan nahi du hortik gora metabolismoaren bide anaerobikoak aktibatu behar direla beharrezkoa den energia-emaria (ATP) ekoiztu ahal izateko. Baina txakurrei ez zaie horrelakorik gertatzen. Egon ere, urrun samar daude euren muga horretatik, zeren, lehenago esan dugun bezala, metabolismo aerobiko gorenaren erdia baita korrika egiten ari diren bitartean mantentzen duten maila metabolikoa.

Horrek esan nahi du narra-txakurrek ahalmen metaboliko ikaragarria dutela. Lasterka ari diren bitartean potentzia handia garatzen dute eta, hala ere, oraindik urrun daude gara dezaketen potentzia gorenetik. Bihotzaren malgutasuna gakoa da ahalegin luze eta handiak egin ahal izateko, baina, aurrerago ikusiko dugunez, ez da gako bakarra.

Erreferentzia: R. L. Van Citters & D. L. Franklin: “Cardiovascular performance of Alaska sled dogs during exercise”; Circulation Research 1969; 24: 33-42.

Oharra: Argazkia The James Caird Society delakoaren webgunetik hartu dugu.


[1] Animalia handiek txikiek baino bihotz-frekuentzia apalagoa dute. Bihotz-taupadaren (f) eta tamainaren (W) arteko harremana ezaguna da eta f1=f2(W1/W2)-0’25 ekuazioa erabiliz kalkula daiteke W1 masa duen animalia baten bihotz-taupada (f1), beste animalia baten masa (W2) eta bihotz-taupada (f2) ezagunak badira.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>