Hartzek ez hibernatzearen zergatia

Groundhog day filme ezagunaren irudiaOso toki hotzetan bizi diren ugaztun askok, -baina ez guztiek-, hibernatu egiten dute. Bizimodu normala dute apirilatik irailera arte eta irailean gordelekuan sartu, gorputz-tenperatura jaitsi, minimo batera eramaten dute metabolismo-tasa eta ez dute jarduera muskularrik garatzen. Horixe da hibernatzen duten animaliek egiten dutena. Energia asko aurrezten dute horri esker, hori baita jarduera murrizteko zioa. Esan beharra dago, hala ere, hibernazioan zehar esnatu egiten direla maiztasun jakin baten arabera, baina ez dakigu zein den noizean behin esnatzeko arrazoia. Garrantzi handikoa izan behar da, ordea, hibernatze-aldian zeharreko energia-gastua asko goratzen baita esnatze horien eraginez. Izan ere, hibernazioan zeharreko gastu metabolikoaren bi heren dagozkie, gutxienez, aldizkako esnatze labur horiei.

Hibernatu ahal izateko gantz nabarra eduki behar dute halabeharrez, eta ugaztun denek ez dute gantz mota hori. Hortaz, ezinbesteko zeregina betetzen du gantz nabarrak hibernatzen duten animalietan, bera baita esnatu ahal izateko behar den beroa ematen duena. Aurreko sarreran ikusi genuen bezala, beroa sortzea da gantz mota horren zeregina, eta beste era bateko jarduera termogenikoak[1] ordezkatzen ditu haur jaioberrietan. Gantz nabarraren kokapen anatomikoa garrantzitsua da hibernatzen duten animalietan. Arteria nagusiak inguratzen dituzte gantz mota horren biltegi batzuek; hori dela eta, jardunean hasten denean sortzen den beroa berehala heltzen da, odolari esker, birika, bihotza eta garunera, hau da, bizitzarako organo nagusietara.

Hibernatzen duten animaliek bigarren ezaugarri komun bat dute gantz nabarra edukitzeaz gain: txikiak dira guztiak. Hartzek, jendeak uste duenaren aurka, ez dute egiazko hibernazioa garatzen, azal-hipotermia baita garatzen dutena. Bost kiloko masa du hibernatzen duen animaliarik handiena den marmota alpetarrak. Eta hori ez da kasualitate bat, animalia handiagoek ez hibernatzeko oso arrazoi ona baitago. Ikus dezagun hau.

Lehenago adierazi dugun bezala, energia aurreztea da hibernatzearen helburu eta arrazoia. Baina handiagoak diren heinean, gutxiago aurrezten dute animaliek hibernazioaren bitartez, tamainaren menpekoa baita horrela aurrezten den energia kantitatea. Izan ere, ohiko jarduera-mailetan, oso handia da animalia txikien tasa metabolikoa[2], baina hibernazioan dauden animaliena ez da horrenbeste aldatzen tamainarekin. Hogei gramoko saguzar baten ohiko metabolismo-tasa 6 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke eta hibernazioan dagoen batena, 0’03 ml O2 g-1 h-1-koa. Alde handia dago, beraz, bi tasa horien artean eta, ondorioz, handia da tamaina horretako ugaztunek lor dezaketen aurrezkia.  Bost kiloko marmota alpetar baten ohiko metabolismo-tasa 0’5 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke, eta hibernazioan egonik, 0’02 ml O2 g-1 h-1-koa. Aldea dago, bai, bi tasa horien artean ere, baino askoz alde txikiagoa. Beraz, txikiagoa da hibernazioaren bitartez marmota alpetarrak lor dezakeen aurrezkia.

Gogora dezagun marmota alpetarra dela hibernatzen duen ugaztunik handiena. Tamaina handiagoko animalien kasuan, bi metabolismo-tasa horien arteko aldea txikiagoa izango litzateke eta beraz, energia aurrezteko tartea txikiagoa. Gainera, ez dugu ahaztu behar aldizkako esnatzeek energia-kostu handia ekartzen dutela. Beraz, bi faktore horiek kontuan izanik, argi dago animalia handiagoek ez luketela aurreztuko ezer edo kasik ezer eta, beraz, hibernazioa eurentzat ez litzateke izango negozio ona. Ez, hartzak ez du hibernatzen; bistan dago horren zergatia zein den.

Oharra: Groundhog day filme ezagunetik hartu dugu irudia


[1] Dar-dar egitea edo bestelako mugimendu muskularrak.

[2] Masa unitateko metabolismo-jarduera da tasa metabolikoa; beraz, masa unitateko, energia gehiago gastatzen dute animalia tixikiek handiek baino.

2 iruzkin honentzako: Hartzek ez hibernatzearen zergatia

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>