Bikote bitxi hori

Ceratias_holboelli[1]Ceratias holboelli-ri arrain arrantzalea[1] esaten diote ingelesez, kanabera bezalako luzakin berezia ateratzen baitzaio buruaren goi aldetik. Lumineszentea da luzakinaren punta; horri esker erakartzen ditu ehizakinak. Apo-arrainaren antzera jokatzen du (ikusi Arrain arrantzalea izenburuko sarrera), baina argia erabiliz amu gisa.

1922an, B. Saemundsson biologo islandiarrak 66 cm-ko luzerako arrain arrantzalearen ale eme bat harrapatu zuen. Harrituta geratu zen arraina ikusterakoan, beste bi arrain txiki ikusi baitzituen handiaren azalari itsatsita. Hasiera batean, arrain kumeak zirela pentsatu zuen, baina oso itxura arraroa zuten, endekaturik egongo balira bezala. Gainera, hain estua zen arrain handiarekin txikiek zuten lotura, ezpainak handiaren larruazalarekin bat eginda zeudela baitzirudien.

Hiru urte beranduago, C. Tate Regan iktiologo britainarrak  aurkitu zuen arraintxo haiek ez zirela kumeak, ar nanoak baizik. Hau da, ar helduak ziren eta emeari itsatsita zeuden betiko. Izan ere, arrain handi eta txikiaren odol hodien arteko jarraikortasun osoa zegoela ikusi zuen Reganek. Orain badakigu erantsi ondoren arrak uko egiten diola bizitza askeari eta emearen guztiz menpeko bihurtzen dela. Izan ere, emerik aurkitzen ez duten arrek ez dute gonadarik garatzen eta ez omen dute biziraupen luzerik (hilabete gutxi batzuk besterik ez).

Zenbaiten ustez, bizkarroi bat da arrain arra, baina bizkarroia bada ere, guztiz berezia da, espermatozitoak ematen baitizkio emeari. Are gehiago, arrik itsatsita ez duten emeek ez omen dute gonada heldurik garatzen eta behin betiko ar erantsirik gabe bere obozitoak ez omen dira inoiz ernalduak gertatzen. Beste zenbaiten ustez, berriz, zakil bat baino ez da arrain arrantzale arra, baina hori ez da zuzena. Egia da zenbait organo, -begiak, esaterako-, galdu dituela, baina bere brankiak, bihotza eta giltzurrunak mantendu ditu eta beren zereginak betetzen dituzte.

Aurkakoa pentsa badaiteke ere, Ceratias holboelli ez da salbuespen bat, Lophiiformes ordenaren beste kide askok erakusten baitituzte antzeko ezaugarriak. Mutur batean daude Ceratias holboelli-ren modukoak, baina talde bereko beste zenbait espezietako arrek eta emeek bizitza independentea dute. Eta bestalde, erdiko formak ere badira.

Ur sakonetako arrainak izanik, oso apala da euren dentsitatea eta ondorioz, sexu desberdineko aleak elkar aurkitzea oso zaila izaten da. Beraz, ingurune berezi horretan bizitzeko moldapena da arra emeari itsatsita bizitzea, behin erantsiz gero, betiko geratzen baitira elkarri lotuak.

Arrain hori bizi den ur sakonetan janaria aurkitzea ere oso zaila denez, lumineszentziaren trikimailua garatu dute orden bereko espezie askok. Ur sakonetara ez da iristen eguzki-argia eta beraz, ilicium izeneko kanabera moduko luzakinaren puntan diren bakterio sinbionteek sortzen duten argia oso erakargarria egiten zaie eremu zabal batean dauden balizko harrapakinei.

Elikatzeko moduagatik bereziak dira oso arrain hauek, bai, baina askoz bereziagoak dira duten ugal-estrategiagatik. Bizi diren ingurumenaren ezaugarri berezien pean bizitzeko moldapenak dira bai bata eta bai bestea.

Oharra:  Project Linnaeus webgunetik hartua dago irudia


[1] Anglerfish da ingelesezko izena.

Iruzkin bat honentzako: Bikote bitxi hori

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>