Nobel saria nori eman?

calamar[1]225px-Alan_L._Hodgkin[1]Txibiaren mantuko neurona batzuk garrantzi handikoak dira. Neurona horiei esker berebiziko garapena jasan zuten nerbio-fisiologiari buruzko ikerketek igaro den mendearen lehen erdian. Sir Alan Hodgkin-ek eta lankideek ikerketa-lan ugari egin zituzten neurona horiekin eta nerbio-bulkadaren ezaugarri elektrofisiologikoak ikertu eta ezagutu ahal izan ziren lan horiei esker. Nerbio-fisiologiaren eremuan egindako ekarpenengatik 1963an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria eman zioten Hodgkin-i. Horixe dugu ikerketa eta ezagutza horien garrantzi handiaren adierazle ezin hobea. Neuronak aipatu ditugu, baina egia esan, neuronen axoiak izan ziren esperimentuetan erabili zirenak.

Zergatik txibiaren axoiak eta ez beste edozein animaliarenak? Bada oso luzeak eta lodiak direnez, txibiaren axoiekin oso erraza delako esperimentuak egitea. Izan ere, txibiaren axoiak hain luze eta lodiak dira (1 mm-ko diametroa izan dezakete) erraldoiak direla esaten baitugu. Oso erraza da elektrodoak txertatzea axoi erraldoietan; horri esker, kinada elektrikoak erraz aplika daitezke axoiaren edozein puntutan eta kinada horiei neuronek ematen dizkieten erantzun elektrikoak oso erraz hauteman eta neur daitezke. Txibiak ez dira axoi erraldoiak dituzten animalia bakarrak, baina Hodgkin-ek eskuragarriago zituenak dira, Ingalaterrako Plymouth hiriko itsas-biologiako laborategi batean egiten baitzuen lan. Hodgkin-entzat garrantzi handiko ezaugarria izan zen axoiaren tamaina handia, baina naturak ez ditu gauzak egin ikertzaileei erraztasunak emateko. Ikus dezagun, bada, axoi erraldoiek txibiarentzat duten garrantzia zein den.

Axoien mintzetan gertatzen diren potentzial elektrikoaren aldaketa iragankorrak dira nerbio-bulkadak. Axoiaren konoan sortu, axoian zehar bidali, eta axoiaren bukaeran diren adar guztietaraino heltzen dira. Seinaleak dira potentzial-aldaketa horiek, maiztasun handiz sortzen eta bidaltzen diren seinaleak. Horretan datza neuronaren funtzionamendua.

Autoelikatzen den despolarizazio bat da aipatu potentzial elektrikoaren aldaketa. Atseden-egoeran potentzial negatiboa dago mintzaren barne- eta kanpo-aldearen artean; labur esanda, mintzean zeharreko ioien banapen asimetrikoari dagokio potentzial negatibo hori. Despolarizazioa gertatzen denean, positibo egiten da potentziala, mintzaren ioiekiko iragazkortasuna aldatzen delako. Gertaera konplexua da despolarizazioa, baina hemen ez ditugu xehetasunak azalduko. Tentsio elektrikoaren menpekoak diren kanalak ireki eta itxi egiten dira despolarizazioa sortuz eta deuseztatuz. Hortaz, karga elektrikoak mugitu egiten dira axoiaren plasman zehar eta mugimendu horrek sortzen duen tentsioaren aldaketa da seinalea berriztuko duten mintz plasmatikoko aldameneko kanalak irekitzeko pizgarria.

Beraz, axoiaren barruko karga elektrikoen mugimenduak zeregin garrantzitsua du nerbio-bulkadaren transmisioan. Eta horri dagokio, hain zuzen ere, txibiaren axoi horiek erraldoiak izatearen zioa. Ezaguna denez, eroale baten eroankortasuna kablearen lodieraren menpekoa da; hau da, kable meheek erresistentzia gehiago jartzen diote karga elektrikoen mugimenduari eta kable lodiak eroale hobeak dira. Bada, printzipio berbera aplika daiteke axoietan, axoi lodietatik arinago mugitzen baitira karga elektrikoak eta, beraz, kanalak irekiaraziko dituen despolarizazioa azkarrago heda baitaiteke axoi lodietatik axoi meheetatik baino. Hortaz, nerbio-bulkadak azkarrago transmititzen dira axoi erraldoietatik, askoz azkarrago.

Axoi horien neuronak dira txibiaren mantuaren hegalak mugitzeko seinaleak garraiatzen dituztenak. Izan ere, axoi horietatik doan informazioak berebiziko garrantzia du ehizakiak harrapatzerako orduan edo harrapariengandik ihes egiteko orduan. Hori kontuan hartuta, garrantzi handikoa da garunetik hegaletaraino seinaleak ahalik eta azkarren iristea, lastertasun horren menpe baitago txibiaren biziraupena. Lehen ikusi dugu zein den axoi erraldoiek Hodgkinentzat izan zuten garrantzia. Orain badakigu zein den txibientzat beraientzat dutena.

Bukatu baino lehen, Hodgkin-en Nobel sariaren inguruko pasadizo bat ekarriko dugu hona, zeharka bada ere axoi erraldoien garrantziaren kontuarekin erlazionaturik baitago. Saria Hodgkin-ek baino gehiago txibiak merezi zuela esan omen zion behin zientzialari ezagun batek. Ez dago esan beharrik Hodgkin-i iruzkinak ez ziola bat ere graziarik egin!

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>