Bibolin eta kontrabaxuen arteko desberdintasunak

flying-bat[1]Itxurari erreparatzen badiogu, tamaina da bibolin eta kontrabaxuen arteko ezberdintasun nagusia. Bibolinak txikiak dira; kontrabaxuak, berriz, hari-instrumentu handienak. Eta musika-tresna bakoitzak sortzen duen soinuari erreparatzen badiogu, tonua da bi instrumentuak bereizten dituena: bibolinak tonu altuko notak sortzen ditu eta tonu baxuko soinuak kontrabaxuak. Bada horretarako arrazoi fisikoa: korda luzeek korda laburrek baino maiztasun apalagoan bibratzen dutenez, tonu baxuagoko soinua egiten dute, tonua bibrazioaren frekuentziari baitagokio. Esan bezala, gertaera fisikoa da eta jende askok daki hori horrela dela.

Jende askok ez dakiena da gertaera fisiko berberak animalien munduan ere baduela isla. Animalia askok soinuak erabiltzen dituzte elkarren artean komunikatzeko eta bestelako zereginetarako. Saguzarrek sortzen dituzten ultrasoinuak[1] etortzen zaizkigu gogora berehala. Maiztasun handiko soinu-uhinak sortzen dituzte; elkarren artean komunikatzen dira horien bidez eta, era berean, objektu eta bizidunen kokalekua zehazten dute; ekolokazioa deritzo saguzarren ahalmen horri.

Eta ber gauza gertatzen da frekuentzia apaleko “soinuekin”. Maiztasun oso apaleko “soinuak” sortzeko ahalmena dute baleek eta elefanteek. Komunikazio-tresna gisa erabiltzen dituzte biek, baina gure entzumenak ez du “soinu” horiek hartzeko ahalmenik. Frekuentzia apaleko uhinak izanik, uhin-luzera luzekoak dira eta horri esker distantzia luzeetan zehar heda daitezke. Gaur badakigu zenbait kilometrotara dauden elefanteak harremanetan egon daitezkeela maiztasun apaleko soinu horiei esker.

Baleak eta elefanteak dira ugaztun handienak eta saguzarrak dira txikienetakoak. Animaliek sortzen dituzten soinuen uhin-luzerak animalien tamainarekin erlazioa baitu. Arau hertsirik ez badago ere, animalia handien ahots-kordak animalia txikienak baino luzeagoak izaten dira eta beraz, tonu baxuagoko (maiztasun apaleko = uhin-luzera luzeko) “soinuak” sortzen dituzte. Gainera, gizasemeok ezin har ditzakegu bi muturretako frekuentziak, gure entzumenaren hartze-esparrutik kanpo baitaude.

Oso tamaina desberdineko animaliek sortzen dituzten soinuak dira aipaturikoak, baina espezie bereko aleen artean ere, desberdintasun esanguratsuak egon daitezke. Bi adibide ekarriko ditugu hona. Asiako hegoaldean eta Australian bada ferra-saguzar espezie bat (belarri luzeko ferra-saguzarra) tamaina desberdineko bi barietate dituena, handia eta txikia. Barietate handiko saguzarrek txikiek baino maiztasun apalagoko soinuak sortzen dituzte. Horren ondorioz, tamaina desberdineko harrapakinak jaten dituzte handiek eta txikiek: handien ekolokazio-sistemek ezin antzeman ditzakete txikiek aurki ditzaketen harrapakin txikiak.

Bigarren adibidea ez dagokie ugaztunei, anfibioei baizik. Korroka egiten dutenean, igel arrek sortzen duten soinuaren tonua ere, tamainaren menpekoa da, soinu baxuagoa egiten baitute igel ar handiek txikiek baino. Espezie bereko igelez ari gara. Hortaz, igel emeentzat tonu baxuko soinuak dira erakargarriagoak, tamaina handiagoko arrak nahiago baitituzte parekatzeko.

Oharra: argazkia sciencenotes blogetik hartua dago


[1] Ultrasoinu esaten zaie uhin horiei, gure entzumenak har ezin baitezake horren maiztasun garaiko bibraziorik.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>