Thomson gazelaren beroaldia

Gazella_thomsonii_in_flightEzaguna denez, jarduera fisiko garaiak energia-eskariak garaiagoak izatea eragiten du. Muskuluek lan gehiago egitean, uzkurketa-zikloak gauzatzeko beharrezkoa den gainerako energia (ATPa) sortzeko, oxigeno gehiago garraiatu behar da muskulu-zeluletako mitokondrioetaraino. Bai zirkulazio-sistemak eta bai arnas-aparatuak hartzen dute parte oxigeno gehigarri hori helarazten, lankidetza hestuan: arnas-hartzea azkartu egiten da oxigeno gehiago hel dadin difusioz arnas-organoa pefunditzen duen odolerantz batetik. Eta bestetik bihotzaren taupada-maiztasuna emendatu egiten da; sarriago uzkurtuz, denbora unitateko odol gehiago ponpatzen baita beharrizan metaboliko garaiagoa duten ehunetarantz.

Animalia asko, beraz, hatsantu egiten dira ariketaren ondorioz. Hatsantzea, baina, xede anitzeko jokaera dugu. Goraxeago esan denez, arnasketa-zikloa azkartzeko mekanismoa da, baina ariketak eragindako beroa disipatzeko ere erabiltzen da zenbait animaliaren kasuan, batez ere izerdirik botatzen ez dutenetan (ikus Munduko gauza hotzenetako bat izenburuko ekarpena). Hala ere, batzuetan ariketak sortutako beroa xahutzeko zailtasunak daudenean, hatsantzeak ba omen du hirugarren betebehar garrantzitsu bat: garuneko tenperatura balio seguruetan mantentzea.

Azter dezagun aukera hau adibide bat aztertuz: Thomson gazela izenez ezaguna den Afrikako ekialdeko gazela txikiak 15-20 kg inguru pisatzen du. Harrapari baten presiopean, 40 km h-1 abiaduran 5 minutuz korrikan aritu ondoren, jarduera metaboliko emendatuak eragindako ezohiko bero-ekoizpenak, animaliaren gorputz guztia berotzea eragiten du. Ohiko 39 ºC-ko tenperaturatik aldenduz, 44ºC-raino heltzen da odol arterialaren tenperatura. Ariketa gogorraren ondorioz, beraz, animalia homeotermo honek, modu iragankorrean bada ere, galdu egiten du gorputzeko tenperatura konstante mantentzeko gaitasuna.

Zergatik gertatzen da tenperatura-emendio hori? Harrapariaren mehatxupean korrika bizian doala, 40 aldiz emendatzen da gazelaren gastu metabolikoa. Aipatu behar da gainera, lasterketa hori ingurune-tenperatura garaietan burutzen dela. Beraz, ariketaren ondorioz ekoitzitako beroa galtzeko zailtasun handiak ditu Thomson gazelak. Ondorioz, odolaren tenperatura igo egiten da nabariki, beroa galtzeko aukerak mugatuta baitaude. Izan ere, tenperatura-emendio horrek baliteke animaliaren muskulu sistemaren funtzionamendua azkartzen laguntzea, eta beraz korrikaldiaren etekina hobetzea.

Gazelaren gorputzeko tenperaturaren emendioa ez da gertatzen beroa disipatzeko mekanismoek huts egiten dutelako ordea, animaliak frekuentzia altuko hatsantzera jotzen baitu, bai freskatzeko, baina baita oxigeno gehiago lortu ahal izateko. “Munduko gauza hotzenetako bat” izenburuko artikuluan txakurrentzako azaldu genuenez, izerdirik botatzen ez duten animalia askok erabiltzen dute hatsantzea beroa disipatzeko. Arnas-sisteman oinarritutako mekanismo horiek oso eraginkorrak badira ere, ohiko balditzen menpe behintzat, gazelaren ihesaldia bezalako larrialdiko egoeretan gertatutako bero-ekoizpenaren zama hain da handia, ezen tenperaturak gora egiten duen ezin daitekeelako sortzen den bezain beste bero disipatu.

Baina ariketak eragindako tenperatura igoera, ez da modu berean gertatzen gorputz osoan, hatsantzeari esker Thomson gazelaren garuna gainerako gorputz guztia baino hotzago mantzentzea lortzen baita. Gorputzeko tenperatura 44 ºC-ra dagoen artean, zerebroko tenperatura, ordea, ez da 41 ºC-ra heltzen. Balio seguruetan mantentzen da beraz; jakina denez, garuna osatzen duten zelulentzat oso kaltegarriak dira 41-42 ºC-tik gorako teperaturak.

Nola baina lor daiteke hatsantzearen bitartez horrelako hozte-prozesu selektiboa? Arteria karotideotik garunerantz bideratzen den odola kazkezurrera iritsi orduko ehundaka arteriatxo txikitan banatzen da; gero, garunera heldu baino lehen berriro batu egiten badira ere, bero-trukatzaile modura jokatzen duen rete mirabile bat osatuz. Sare zoragarria osatzen duten arteria txiki horiek, odol benosoz osaturiko sinu bat zeharkatzen dute. Odol benoso hori hotzago dago, hatsantzen ari den gazelaren sudurretik igaro ondoren heltzen baita sinu horretara. Horrela, arteriatxoetan zehar doan odol arteriala hoztu egiten da, beroaren zati bat odol benosorantz galtzen baitu, eta garunera heltzen denerako odol hau arteria karotideoko odola baino 2-3 ºC freskoago dago. Atunen berogailua eta sare zoragarria izenburuko artikuluan ikusi genuen bero-trukerako sare zoragarriaren sistema hau, justu kontrara jokatzen: atunen muskuluaren kasuan, odola muskulura heldu orduko berotzeko erabiltzen zen sistema bera.

Hortaz, orohar bero-galerarako mekanismoa izateaz gain, hatsantzeak ingelesez “selective brain cooling” deritzon prozesuan ere hartzen du parte. Thomson gazela adibidetzat hartu badugu ere, artiodaktilo hori ez da hozte selektibo hau baliatzen duen animalia bakarra, etxabere ungulatu askok ere mekanismo berbera erabiltzen baitute. Animalia hauei buruz esan daiteke, bai, “burua hotz” mantentzen dutela!

Iruzkin bat honentzako: Thomson gazelaren beroaldia

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>