Bihotza bero eta burua hotz

Michigan_player_running_at_youBurua hotz mantentzeko Thomson gazelak duen ahalmena ez da, inondik ere, salbuespen bat, garuneko tenperatura gainontzeko gorputzekoa baino baxuago mantentzeko gaitasun bera baitute ugaztun eta hegazti askok. Thomson gazelaren kasuan bezala, rete mirabile direlako sistemak erabiltzen dituzte animalia gehienek horretarako. Eta urteetan uste izan zen hori zela burua hotzago mantentzeko homeotermoek erabil zezaketeen mekanismo bakarra.

Michal Caputa fisiologo poloniarrak orain dela 5 urte argitaratutako berrikuspenean irakur daitekeenaren arabera, baina, ez omen da nahitaezkoa mota horretako bero-trukatzaile bat garuneko hozte selektiboa gauzatzeko, eta bestalde, retea izateak ez du bermatzen burua hotzago mantentzeko gaitasuna. Ba omen daude gamelua bezalako animaliak, rete karotideo oso garatua izan arren hozte selektiborako ahalmen mugatua dutenak, eta bestalde, nahiko xumea den txakurren sarea oso eraginkorra omen da.

Txoriek, bestalde, rete oftalmikoa erabiltzen dute karotideoaren ordez helburu bera lortzeko. Hauen artean ere badaude rete sinpleak dituztenak eta ondorioz garuna hozteko ahalmen mugatua, diamante mandarina izeneko txoria esaterako. Baina modu berean, ba omen daude reterik gabeko hozte selektiboa gauzatu dezaketenak, hala nola kolibria.

Bero-trukatzaile modura jokatzen duen sarea izatea ez da, hortaz, derrigorrezkoa garuna hoztu ahal izateko. Izan ere, Caputak azaltzen duenez, badago odol arteriala hoztearen ordez beste aukera bat garunaren tenperatura gainontzeko gorputzarena baino baxuago mantendu ahal izateko, garuneko rete arteriala ez duten zenbait ugaztunetan aurkitu dena: odol benosoak zuzenenan hoztea garuna. Bariante txiki batzuekin hauxe da untxi, akuri eta arratoietan gertatzen dena. Dirudienez, hipertermia gertatzen denean, garunaren ingururantz bidaltzen den odol benosoaren kantitatea emendatu egiten da. Eta odol benoso hori hoztua dago sudurretik eta buruko azaletik igaro delako, azalera horietan zehar beroa ingurunerantz disipatzen baita.

Caputaren ustez, litekeena da gizakiok ere antzeko sistema bat baliatzea gure zerebroa hipertermiatik babesteko. Gizakiaren kasuan ez da modu esperimentalean frogatu garunaren hozte selektiboa gerta daitekeenik, ez baita sekula neurtu baldintza hipertemikoak jasan behar dituzten gizabanako osasuntsuen garuneko tenperatura, baina ba omen daude zeharkako ebidentziak.

Burua hotz mantentzea zentzu figuratuan garrantzitsua bada, are inportanteagoa da garuneko tenperaturari 41 ÂșCtik behera eustea. Balio horretatik gora kalte larriak gertatzen zaizkio ia edozein animaliari, eta baita gizakiari ere. Ohiko baldintzen menpe, homeotermoak diren animaliek tenperatura tarte hestu baten barruan mantentzen dute, baina patogenoek, jarduera fisikoak edo/eta ingurune-baldintzek hipertermia-egoerak eragin ditzakete. Amerikako Estatu Batuetan, 1995tik hona futbol amerikarra jokatzen den estadioetan 40 bat jokalari hil dira partida jokatzen ari zirela bero-kolpeak jota. Kasu guztietan tenperatura altu eta hezetasun-maila garaietan gertatu ziren heriotz horiek, hau da, ariketak sorrarazitako bero-ekoizpena disipatzeko baldintzarik txarrenetan. Jakina denez, kaskoen bidez babesten dute burua jokalari horiek, eta kaskoak aurpegiaren azalera handi bat ere babesten du. Gauzak horrela, oso zaila suertatzen da burutik zehar beroa galtzea. Ondorioz, hipertermia gerta daiteke, eta hortik kasu larrienetan, heriotza.

Arazo hori saihesteko asmoz, Atlantako Hothead Technologies enpresak ekoitzitako kasko bereziak hasi dira probatzen errugby amerikarreko jokalariak. Kasko berezi horiek sentsore termiko bat dute erantsita, etengabe jokalariaren buruko tenperatura neurtzen duena. helme4tKablerik gabeko teknologiari esker, irrati uhinen bidez, jasotako datuak entrenatzailearen PDA edo ordenagailu batera bidaltzen ditu sentsoreak. Izan ere, tresna prestatua dago tenperatura balio jakin batera hurbiltzen denean, sarriago jaso dezan informazioa; eta aldez aurretik ezarritako balio batetik gorakoa bada balioren bat, alarma akustiko bat pizten du entrenatzaileak edo arduradunak egokia den erabakia har dezan. Teknologiari esker, hortaz, bada modua operazio-gunea den garunaren babeserako mekanismo fisiologikoek huts egiten dutenean hipertermiak ekar ditzakeen ondorio latzei aurre egiteko.

Hemen azaldu dugunez, oso garrantzitsua da burua hotz mantentzea; hortaz, ugaztun homeotermook tresna egokiak ditugu horretarako, baina hori bai, mugak ditu tresna horien eraginkortasuna. Mugak gainditzen direnean, baina, bizitzaren eta heriotzaren arteko ertzera iristen gara eta, zenbaitetan, ertz bera ere igaro.

Erreferentzia: M. Caputa: “Selective brain cooling: a multiple regulatory mechanism”. Journal of Thermal Biology 2004, 29: 691-702

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>