Basasagua eta elefantea

basasagua eta elefanteaBasasagu baten masa 30 g-koa izan daiteke; Afrikako elefante batena, berriz, 3.000 kg-koa. Basasagua ez da ugaztun txikiena, eta badago gure adibidearena baino elefante handiagorik ere (4.500 kg-korik ere bada). Baina guk adibide horiek hartu ditugu, handia (elefantea) txikia (basasagua) baino 100.000 bider handiagoa delako eta guk 100.000 bezain zenbaki borobila nahiago izan dugulako.

Aurreko bi sarreratan azaldu dugun bezala, garrantzi handia du animalien tamainak funtsezko zenbait ezaugarriri dagokionez. Gorputz-atalen masen proportzioak, esaterako, ez dira konstanteak. Pisu handiagoko hezurrak dituzte, proportzioan, animalia handiek, eta txikiek, bestalde, larruazal gehiago (hemen irakur dezakezu). Bestetik, tamainak baldintzatuak dira barne-prozesuak ere. Horixe ikusi genuen LSDa eta elefantearen istorioan, adibidez (hemen irakur dezakezu).

Metabolismoak barne-prozesu horiek guztiak integratzen ditu, eta tamainak eragin handia du animalien metabolismo-jardueran ere. Begien bistakoa da animalia handiek txikiek baino oxigeno gehiago kontsumitzen dutela eta bero gehiago disipatzen dutela. Baina hezurren masarekin gertatzen zen bezala, oxigeno kontsumoa edo bero-ekoizpena ez dira tamainaren zuzenki proportzionalak. Izan ere, masa unitateko adierazten badugu, animalia handiena baino garaiagoa da animalia txikien metabolismoa. Hau da, elefante kilo baten metabolismoa askoz apalagoa da basasagu kilo baten metabolismoa baino.

Azaltzen ari garena beste era batera irudikatzeko, esan dezakegu elefante batek basasagu baten metabolismo-tasa izango balu erre egingo litzatekeela. Hau da, ekoitziko lukeen beroa ezin izango luke disipatu behar bezalako arintasunez eta elefantearen ehunak hain arin berotuko lirateke non suak hartuko bailituzke. Izan ere, elefantearen metabolismo tasa, basasaguarenaren %5koa da; beraz, elefanteak basasaguarena izango balu, 20 bider bero gehiago sortuko luke eta ez luke izango bero hori dispatzeko modurik.

Bestalde, energiaz elikatu behar da jarduera metabolikoa; erregaiak behar dituzte animaliek horretarako. Errepara diezaiogun, beraz, gure basasaguak eta elefanteak jaten duten landare kantitateari. Eguneko 75 g jaten du basasaguak eta 150 kg inguru elefanteak. Jakina, askoz handiagoa da elefanteak jaten duen kantitatea, baina basasaguaren eguneko janeurria bere masaren halako bi eta erdi den bitartean, elefantearena bere masaren %5 baino ez da.

Metabolismo eta animalien tamainaren artean dagoen erlazio hori matematikoki aiderazita, honakoa da: R = a x Wb, non R arnas kontsumoa edo bero dispazioa den, a espezie eta zenbait ezaugarriren menpekoa den koefiziente bat den, W animaliaren masa den eta b ekuazioaren berretura den. Berreturak 1 balioko balu, menpekotasuna guztiz proportzionala (lineala) izango litzateke; hau da, R = a x W. Baina b delako horren balioa 1 baino apalagoa da. Izan ere, b = 0’75 dela esan daiteke. Asko izan dira balio horren oinarri biologikoa bilatu duten zientzialariek, eta zenbait hipotesi proposatu badira ere, gaur ez dago kontu horri buruzko inolako akordiorik ikertzaileen artean.

Oinarri biologikoa ezezaguna bada ere, erlazio horren ondorioak garrantzi handikoak dira, eta horiek bai, ezagunak dira. Lehenago esan dugun bezala, tasa metabolikoa (masa unitateko arnas-kontsumo edo bero-disipazioaren bidez adierazten dena), handiagoa da animalia txikietan handietan baino. Erlazio hori matematikoki adieraz dezakegu, aurrekoan oinarrituta. Masa unitateko metabolismoa M = R/W eta beraz, M = R x W-1. Horrek esan nahi du M = a x Wb x W-1, eta beraz: M = a x W (b-1).

Kontuan hartzen badugu b = 0’75 dela, honelaxe geratuko litzateke ekuazioa: M = a x W -0’25. Erlazio negatiboa dela adierazten du berretura negatiboak; hau da, lehenago esan dugun bezala, tamaina handitzerakoan tasa metabolikoa jaitsi egiten da.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>