Satitsu etruskoaren bihotz aparta

1198631360[1]Txori bat esku artean hartu baduzu, irakurle, konturatuko zinen txoriaren bihotz-taupada oso arina dela, maiztasun handiz uzkurtzen baita txori baten bihotza. Esku artean egonik, txoria ez dago egon daitekeen egoerarik lasaigarrienean eta beraz, ulergarria da normala baino arinago uzkurtzea bihotza. Hala ere, txoriaren beldurra edo urduritasuna kontuan hartuta ere, oso azkarra da txoriaren bihotzaren taupada, bizkorregia guretzat.

Aldiz, elefante bat auskultatuko bagenu, bihotza oso astiro doala somatuko genuke. Alde handia dago bi taupaden frekuentzien artean, animaliaren tamainaren arabera aldatzen baita hori. Animalia txikien bihotz-taupadak oso arinak dira, maiztasun handiz uzkurtzen dira euren bihotzak, eta kontrakoa gertatzen zaie animalia handiei. Hortaz, metabolismoa ez da tamainarekin aldatzen den funtzio bakarra. Izan ere, metabolismo-tasa eta bihotz taupada modu berean aldatzen dira tamainarekin. Ugaztunen bihotz-taupada (fh: min-1) eta tamainaren (W: kg) arteko erlazioa, honakoa da: fh = 241 x W-0’25

Ezaguna den ugaztunik txikiena satitsu etruskoa da. 2 g-ko masa du eta bere metabolismo-tasari buruzko ideia bat edukitzeko adierazgarri samarra da honako datu hau: 2’6 g janari behar du eguneko. Hau da, bere masaren %130 jaten du eguneko eta kontuan hartu behar da animalia honen jakia intsektu eta zizare txikiek osatzen dutela[1]. Bada, satitsu etruskoaren bihotz-taupada oso arina da, ia sinesgaitza izan ere: 1.200 min-1! Eta eskerrak animalia honen bihotza nahikoa handia den. Izan ere, ugaztun gehienon bihotzaren masa gorputzaren masaren %0’6 da; satitsuaren bihotza, proportzio horren araberakoa izango balitz 0’012 g-koa izango litzateke eta bihotz-taupada 3.500 min-1-koa izan beharko litzateke, baina bihotz-muskulua ezin izango litzateke uzkurtu hain arin. Bihotzak 0’035 g-ko masa du; hau da, bere tamainaren arabera legokiokeena baino hiru bider handiagoa da. Beraz, hiru bider handiagoa izateagatik bihotza uzkur daiteke fisikoki posiblea den maiztasun batez, nahiz guri gezurra iruditzen zaigun. Ondo leitu duzu, irakurle: 1.200 taupada minutuko edo, nahiago baduzu, segunduko 20!


[1] Erkaketarako egokia den beste datu bat: elefanteek beren masaren %4 jaten dute eguneko, baina hauen kasuan landareak dira jakiaren osagaiak.

Iruzkin bat honentzako: Satitsu etruskoaren bihotz aparta

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>