Ugaztunik arraroena

mole-rat[1]Somalia, Kenya eta Etiopiako larre elkorren azpian sator bat bizi da; sator biluzia du izena eta bera da ezaguna den ugaztunik arraroena. Hartzen dugun ezaugarria ia edozein dela, ez da sator biluzia bezain ugaztun bitxirik.

Izenak berak dioenez, ilajerik gabeak dira sator biluziak. Itxura berezi samarra dute, hortaz, baina itxura baino gehiago, berezia da euren sistema soziala. Kolonietan bizi diren karraskari zulatzaileak dira, eta termitak bezala bizi eta ugaltzen dira. Eme bakarra dago kolonia bakoitzean; eta eme hori da ugaltze-lan osoa egiten duena. Emeaz gain, tamaina txikiko ale arren kasta bat dago; eurak dira janari bila aritzen direnak, bai eta gordelekuak zulatzen dituztenak ere. Langileak dira, beraz, ar txiki horiek.

Heterotermia izenburuko sarreran esan genuen bezala, sator honen gorputz-tenperatura, -30ºC-, konstante mantentzen da, baina gorputz-beroaren jatorria ez da metabolismoa, bizi den zuloarena baizik. Hortaz, animalia ektotermoa da baina, teknikoki, homeotermoa da, gorputz-tenperatura ez baita aldatzen. Ugaztunen artean salbuespena da, beraz, sator biluziaren estatus termikoa eta zenbaiten aburuz, zuloetan bizitzearekin zerikusia du eraenketa termiko berezi horrek. Hala ere, Sahara azpiko Afrikako eskualdeetan beste zazpi sator espezie daude eta guztiek eraentzen dute gorputzaren tenperatura beroaren barne-ekoizpenean oinarrituta. Beraz,  ez dirudi Afrikan lurrazpian bizitzea arrazoi nahikoa denik hain gertaera bitxia azaltzeko.

Bestalde, sator espezie horien arteko beste desberdintasun esanguratsuak ere badaude, baliabide-gertutasunarekin zerikusirik dutenak hain justu. Izan ere, satorren koloniak handiagoak dira baliabideak urriagoak diren inguruetan, eta handiagoa da sator-talde bakoitzaren barruko aleen arteko lankidetza ere. Hortaz, inguru txiroenetan bizi dira sator biluziak. Zulatzen dituzten lurrak idor samarrak dira, eta bazter horietan dauden landareek tuberkulu handiagoak dituzte; handiagoak eta, aldi berean, sakabanatuagoak. Beraz, zailagoa da tuberkulu bat aurkitzea, baina hori bai, aurkitzen denean janari gehiago dago tuberkulu horietan. Kontuan hartu behar da, gainera, zuloak egitea energia-kostu handiko jarduna dela.

Muturreko ingurune-baldintzen menpe bizitzeko moldapenak dira sator biluziek garatu dituzten portaera eta fisiologia. Tuberkulu bat aurkitzea oso zaila denez, satorrak gosez hiltzeko arriskua oso handia izango litzateke bakoitza bere aldetik arituko balitz jaki bila. Beraz, janaria partekatuz gero, satorren kolonia ale askok osatzea da estrategiarik egokiena. Sator biluzien talde-egitura dela eta, ale askok osatzen dute kolonia eta gainera, eme ugaltzaile bakarra egonik, talde osoaren jarraikortasuna da bermatu behar dena, ez banako bakoitzarena.

 Bestetik, taldea osatzen dutenak asko izateko, txikiak behar dute izan taldeko kideak, asko eta handiak batera izatea ezina baita. Horrek, baina, aurkako nabarmena du, garaiagoa baita animalia txikien metabolismo-tasa animalia handiena baino. Eta horri dagokio, seguraski ere, endotermia galtzea, horren bitartez konpentsatzen baita, nonbait, aurkako hori. Ugaztun eta hegazti txikiak dira masa unitateko gehien gastatzen duten animaliak, energia-gastu handia dakarten bi ezaugarri batera gertatzen baitira animaliotan: endotermia eta tamaina txikia. Tamaina, kasu honetan aho biko ezpata dugu: batetik, txikiak izateagatik asko izan daitezke talde bateko satorrak, baina bestetik, gastu metaboliko garaiegia edukiko lukete, txikiak izateagatik berau ere. Beraz, tamaina txikiari uko egin ezin diezaioketenez, endotermiari egin diote uko sator biluzi bitxi hauek. Horri esker energia asko aurrezten dute eta horrek, gainera, ez die aparteko eragozpenik ekartzen, garaia eta, aldi berean, konstante samarra baita bizi diren eskualdeetako lur azpiko zuloetako tenperatura.

Bukatzeko, sator biluziaren beste bi bitxikeria aipatuko ditugu. Batetik, oso bizitza luzea dute, beste karraskari guztiena baino askoz luzeagoa: batazbeste, 30 urteko adinera heltzen dira. Eta bestetik, minbizirik pairatzen ez duen ugaztun bakarra omen da. Bi ezaugarri horiek harrigarriak dira, batez ere biak batera hartzen baditugu: azken batean, bizitza laburra duen animalia batek minbizirik ez edukitzea ulergarriagoa izango litzateke, minbizi bat garatzeko denbora nahikoa ez edukitzea gerta bailiteke; baina 30 urte minbiziak garatzeko denbora nahikoa da, nahikoa eta sobera. Ezezaguna da bitxikeria (bitxitasun) horren arrazoia, baina normala den bezala, ikertzaileen interesa biziki piztu du kontuak, minbiziaren aurkako mekanismoren bat aurkitzeko gakoa eman bailezake. Ikertzaileek minbizia ikertzeko bi animalia-eredu erabili dituzte orain arte, sagua eta gizakia. Sagua txikia da eta bizitza laburrekoa; gizakia, berriz, handia eta bizitza luzekoa. Baina sator biluziak txikiak eta bizitza lukekoak dira; hortaz, baliteke konbinazio berezi horrek zerikusirik izatea minbizirik ez edukitzearekin.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>