Izainak

hp_egel[1]Zimitz musukatzaileaz aritu ginen aurreko sarrera batean eta azaldu genuen Europako zoologikoetan intsektu horiek erabiltzen hasiak direla bertan dauden animaliei odol-laginak hartzeko. Baina zimitz musukatzaileak ez dira erabilgarri suertatu diren animalia hematofago bakarrak. Zimitz horiek baino askoz gehiago erabili izan dira eta erabiltzen ari dira izainak; odolusteak egiteko erabiltzen dira hain zuzen ere. Izain guztiak, hala ere, ez dira elikatzen odolaz. Harrapariak dira zenbait, eseri-eta-itxaron motakoak batzuk eta ehiztari arruntak besteak. Baina egia da gehienak odolaz elikatzen direla: hematofago ektoparasitoak dira.

Hirudo medicinalis dugu, izainen artean, Europan ezagunena; odolusteak egiteko aspalditik erabili da. Duela 2.500 urte Egipton erabiltzen hasi ziren, greziarrek jarraitu zuten erabiltzen, eta geroztik, duela gutxi arte erabili izan dira helburu horrekin. Oinarri zientifiko zuzenik gabeko jardunbidea zen, Hipocrates-en lau humoreen teorian sustraitua. Hori dela eta, XIX mendearen geroztik gero eta gutxiago erabili izan da Hirudo helburu horrekin.

Hala ere, azken hogei urteotatik hona berreskuratu egin da odolustearekin jardutea, nahiz helburu eta arrazoi desberdinengatik izan den. Antza denez, mikrokirurgiarako lagungarri samar gertatzen dira izainak. Hirudo-k, bizkarroiari koska egiten dionean, bi eratako gaiak erabiltzen ditu zurrupatze-lana errazteko; bata analgesikoa da eta antikoagulatzailea bestea; “hirudina” izena eman diote antikoagulatzaileari. Analgesikoari esker bizkarroia ez da ohartzen koskaz eta ez du aurkako neurririk hartzen. Eta antikoagulatzaileari esker errazago iragaten da odola izainaren digestio-sistemara.

Bada, antikoagulatzailea da mikrokirurgian laguntza ematen duena. Izan ere, izainak ez du bere lan kirurgikoa egiten odola zurrupatzen duen bitartean, zurrupatzeari uzterakoan baizik. Bukatzen duenean zauritxo bat uzten du; “hirudina” delakoaren eraginari esker zauritxoa ez da orbaintzen eta odoluste txiki baina etengabea sortzen du. Horixe da zirujauek bilatzen dutena. Askotan, ebakuntza baten ostean zain-odola pilatzen da ebakitako ehunetan[1] eta ehuna kaltetua gera daiteke horren ondorioz. Esan bezala, izainek sorturiko odoluste txikien bitartez ekidin dakioke kalte horri. Betazal, hatzamar eta belarrien ebakuntzetan erabiltzen dira izainak, bai eta estetika-ebakuntza zenbaitetan ere. Dena den, izainek alergia-erreakzioak eta infekzioak sor ditzaketenez, heparinaz hornituriko “izain mekanikoak” fabrikatu nahi dituzte egiazko izainik erabili behar ez izateko.

Izainen erabilgarritasun ezohiko baten berri izan dugu duela gutxi. Aurtengo urriaren 19ko The Ottawa Citizen Kanadako egunkarian irakurri dugu lapurketa bat gertatu zen tokian aurkituriko izain batean zegoen odolaren DNAren azterketari esker jakin ahal izan zuela poliziak lapurraren nortasuna. Lapurketa, Australiako Tasmanian gertatu zen 2001ean. Bi lagunek, 71 urteko andra bati 500 $ lapurtu zioten bere basoko etxean. Dirudienez, lapurketaren tokia miatzerakoan, izain bat aurkitu zuen poliziak eta izainaren odola erautsi eta analizatu egin zuten. Zazpi urte beranduago, droga-delitu batean ustez inplikaturik zegoen gizon bat atxilotu zuten eta bere odolaren DNA-azterketa egin zutenean lagin zaharraren DNA bera zela ikusi zuten. Zer pentsatuko zuen lapurrak? Konturatuko ote zen zainaren koskaz lapurketaren egunean?

Eta begira izainen zer beste erabilera bitxia egin daitekeen: gure (JIPI) aitonak, frontoian pilotan jokatu ondoren izainak jartzen zituen eskuen larruazalaren gainean, odola zurrupa zezaten eta puztuta zeuden eskuak bere onera itzul zitezen. Harrigarria? Baliteke, baina mikrokirurgian ematen zaien erabilera bera ematen zien berak izainei.

Izeba zaharrak, bestalde, izainak gordetzen zituen kristalezko ontzi batean. Hirudo medicinalis espeziekoak ziren izainok, eta oso ederrak ziren. Horixe zioen izeba zaharrak eta halaxe uste nuen nik ere. Marroi berdeskak ziren eta marra gorri ikusgarri bat zuten goialdean. Izeba zaharrak baraurik zituen ontzian, handik ez baitzituen ateratzen ezertarako, elikatzeko ere ez, noski. Nonbait irakurri dut izain horiek urtebete iraun dezaketela baraurik, baina izeba zaharrak behin esan zidan bere izainek bi urte zeramatela etxean, bilobek errekatik ekarri zituztenetik.

Izainak denbora luze egon daitezke jan gabe, euren fisiologia horretara oso ondo moldatua dago eta. Aipatzekoa da bere bolumenaren halako hamar izan daitekeela izain batek bizkarroiari zurrupatzen dion odola. Denbora luze jan gabe egoteko moduko janeurria da, zalantzarik ez dago; gainera, bere ehunak ere berzurga ditzake behar izanez gero. Izan ere, zentzu handikoa da ahalmen hori izainengan, bizkarroi bat utzi eta hurrengoa aurkitu arte denbora luze igarotea gerta baitaiteke. Azken batean, ur masa jakin batetik hurrengo zaldia, hurrengo behia edo Humphrey Bogart[2], esaterako, noiz pasako den ez dago jakiterik, eta oso tarte luzea izan daiteke igaroko dena. Gogora ezazu, irakurle: ber gauza gertatzen zitzaion “Pitoiaren baraualdiak” izenburuko sarreran aurkeztu genuen pitoi sugeari.


[1] Zain-hutsegitea deitzen zaio horri

[2] Gazteek seguraski ez dute ikusi “Afrikako Erregina” izenburuko filmea. Filme horren eszena batean, izainez beterik agertzen da protagonista, Humphrey Bogart, ontzi bat bultzatzeko uretan sartu ondoren.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>