Erraldoi abisalak

Mesonychoteuthis_hamiltoni[1]“El rojo” (Bernhard Kegel) zientzia-fikziozko eleberri bat da. Biologoa da idazlea eta Alemanian ezagun samarra, dirudienez. Eleberriaren literatura-kalitatea, apalegia izan barik ere, ez da beste munduko gauzarik. Ondo idatzita dago, hori bai, eta gainera, bistakoa da idazlea zientzialaria dela eta idazten duenaz badakiela. Eleberri horretatik harturiko pasartea (141. or.) da hurrengoa:

“Noizean behin, larruazal leun eta garbi haien gainetik pasatzen zuen mihia. Baina bakarrik itxura fresko eta osasungarria zuten animaliekin, nazka ikaragarria ematen baitzion. Ehunek amoniakoa ote zeukaten jakin nahi zuen: animaliek amoniako usainik ez zutenez, eta berak laborategirik ez zuenez, gustu-zentzumenera jo behar zuen egiaztatzeko. Euren ehunetan amoniako asko duten txibiek flotatu dezakete, grabitatearen eraginpean egongo ez balira bezala; txibia handiek ere, -txibia erraldoiek barne-, flotatu dezakete horri esker. Jon Deaverek erakutsi zion amarrua, baina erakutsi aurretik, bakarrik gourmet eta zefalopodomanoei gomendatzeko modukoa zela esan zion, parregura sarkastiko bat azaldu zuelarik aldi berean. Orain Hermannek bazekien bere adiskide australiarrak zer adierazi nahi zion.”

Eleberriko pasarteak ederki azaltzen du txibia erraldoien ezaugarri bitxi hori. Izan ere, Asturiaseko kostaldearen aurreko uretan harrapatu dituzten txibiei buruz horixe azpimarratu izan dute egunkarietako kroniketan, amoniako asko eta oso haragi gogorra dutela ere. Jakina, txibia erraldoiak jangarriak ote diren izaten da egunkariek aipatzen duten kontua, eta bi horiek dira ematen diren jangarriak ez izatearen arrazoiak. Gizakiok ezin ditzakegu jan, ez, baina zeroiek ez dute jateko inolako eragozpenik; izan ere, katxaloteen harrapakinak dira txibia erraldoiak[1].

Architeuthis generoan sartu dituzte orain arte aurkitu diren txibia erraldoi guztiak. Zortzi espezie deskribatu dira, baina litekeena da egiazko kopurua txikiagoa izatea. Izenak berak dioenez, tamaina handikoak dira, ornogabe handienak, zalantzarik gabe. Eme handienak 13 m luze dira hegal kaudalaren puntatik bi garro luzeenetako puntetara, eta 10 m-ko luzera dute ar handienak. Garroak kenduta, 5 m dute luzean, gutxi gorabehera. Gutxi da animalia hauei buruz dakiguna; izan ere, bizirik eta bere medioan zeuden Architeuthis generoko txibien lehen argazkiak 2004an atera zituzten eta 2006ko abenduan lehen filmea.

Txibien artean eta, oro har, ornogabeen artean ere, luzeena da Architeuthis. Ez da, baina, masa handiena duena. Masari erreparatuz gero, “txibia kolosala” da ezagutzen den ornogabe, -eta txibia-, handiena. Mesonychoteuthis hamiltoni du izen zientifikoa eta txibia erraldoiaz baino gutxiago dakigu kolosal horri buruz. Izan ere, oso ale gutxi harrapatu dira. Txibia kolosal handiena, 2007ko otsailean harrapatu zuten Zelanda Berriko uretan. Ia 500 kg-ko pisua zuen eta 10 m luzeran. Hala ere, adituek uste dute 12-14 m-ko luzera dutela espezie honetako ale handienek.

Bai txibia erraldoiak, bai kolosalak ere, biak bizi dira ozeanoetako ur abisaletan. Ehunetan duten amoniakoari esker, uraren dentsitate berbera lortzen dute eta flotatzeko ahalmen handia ematen die horrek. Harrapariak dira baina, aldi berean, harrapakinak ere. Lehen esan bezala, katxaloteen harrapakinak dira. Izan ere, katxaloteen urdailetan aurkituriko aztarnak oso garrantzitsuak izan dira ur sakonetako zefalopodo horien ezaugarri anatomikoak ezagutzeko.

Bi txibia espezie horiek “gigantismo abisal” edo “ur sakonetako gigantismo” izenez ezaguna den gertaera baten adibide ezin hobeak dira. Ur sakonetan bizi diren ornogabe asko eta asko oso handiak dira, sakonera txikiko uretan bizi diren euren taldeetako kide hurbilenak baino askoz ere handiagoak. Isopodo erraldoia (Bathynomus giganteus), txangurru japoniarra (Macrocheira kaempferi), sardinzarren erregea (Regalecus glesne), olagarro zazpi besoduna (Haliphron atlanticus) eta beste txibia zenbait dira gigantismo abisal horren beste adibideak.

Ur sakonetako gigantismoaren zergatia azaltzeko bi hipotesi nagusi erabili dira. Bizi-zikloen teoriaren araberakoa da bata, eta oinarri metabolikokoa bestea. Lehen hipotesiaren arabera, baliabideak urriak direnean eta ale handien bizirik irauteko probabilitatea ale txikiena baino handiagoa denean, hazkunde somatikoari ematen zaio lehentasuna eta, beraz, atzeratu egiten da ugaltzea. Ale helduen tamaina, handia izaten da horren ondorioz, oso handia zenbait kasutan. Metabolismoa eta tamainaren artean dagoen erlazioan du oinarria bigarren hipotesiak. Horren arabera, handia izateak aldeko nabarmenak ditu baliabide oso urriak diren tokietan, energetikoki askoz ere eraginkorragoak baitira animalia handiak txikiak baino. Gogora ezazu, irakurle, “Elefantea eta basasagua” izenburuko sarreran idatzi genuena; orduan azaldu genuen metabolismo eta tamainaren artean dagoen erlazioa. 

colossal_squid_compared[1]


[1] Nahiz ez diren, askotan esaten edo idazten denaren aurka, katxaloteen harrapakin nagusiak. Izan ere, oso gutxi dira zeroien urdailetan aurkituriko txibia erraldoien haztarnak.

Oharra: Marinebio webgunetik hartu ditugu irudiak. Lehena, Zelanda Berriko Arrantza Ministerioarena da.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>