Lebitarren Liburuan eta Koranean jasota

RE_CerdosDehesa[1]“Txerria, apatxa zatituta duelako hausnarkaria izan gabe; animalia hori lohia da zuentzat” (Liburu Santuak: Lebitarren liburua, 11).

“Esan: helarazi zaidan goiargian ez dut aurkitu inorendako ezer jateko debekurik, animalia baten gorpua edo odol isuria ez bada, edo txerrikia, lohikeria baita” (Korana: Artaldeak, 145)

Lebitarren liburuan eta Koranean ezarritako txerrikia jateko debekuaren zergatia azaltzeko, gehienetan eman diren arrazoiak hauexek izan dira: txerriak gizakiarentzat oso arriskutsuak diren bizkarroiak (trikina, esaterako) edukitzea batetik eta txerrikia beroaren eraginez erraz usteltzen den haragia izatea, bestetik.. Hau da, txerrikia jateak ekar ditzakeen osasun-arazoak izan dira debekuaren zergatia azaltzeko aldarrikatu diren zio nagusiak.

Marvin Harris antropologo estatubatuarrak, berriz, bestelako ikuspuntua du. Kultura eta erlijio handiek zenbait jaki galarazteko izan dituzten zioak azaltzeko oso teoria erakargarria plazaratu zuen bere “Good to eat” (1985) liburuan. Bere ustez, jakiren bat galarazi baldin bada, debekuaren onurak kalteak baino handiagoak zirelako jarri da galarazpena. Bai juduek eta bai islamiarrek, biek dute debekatua txerrikia jatea; areago, ikutzea edo ikustea bera ere galarazita dute juduek, eta musulmanek debekatuta duten jaki bakarra da.

Harrisen ustez, arrazoi ekologiko eta ekonomikoak daude debeku horien atzean, eta tenperatura eraentzeko txerriak dituen ur behar handiekin erlazionatuta daude arrazoi horiek. Izan ere, ibaien bazterretako baso hezea da txerriaren ingurumen egokiena. Ingurumen horretan aurkitzen ditu elikagai dituen sustraiak, boilurrak, eta  ezkurrak, eta garrantzi handiagokoa dena, urez eta lokatzez blaitzeko gune egokiak ere.

Dirudienez, Ekialde Hurbileko eremu askotako ekologiak, aldaketa handia jaso zuen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hedapenaren ondorioz. Baso hezeen ordez, lur landuak ekarri zituen nekazaritzak, gero larreak eta lugorriak edo basamortuak azkenean. Landare urriko eremu idorretan etekin handiena ematen duten abereak ahuntzak edo ardiak bezalako hausnarkariak dira. Digeritzeko zailak diren zuntzetan eta karbohidrato konplexuetan aberatsak diren landareak jaten dituzte eta gainera, ez dute ur gehiegirik behar. Txerriek, berriz, ezin ditzakete digeritu landare mota horiek; izan ere, gizakiok jaten ditugun karbohidrato bertsuak dira txerriek balia ditzaketenak. Eta bestalde, arazo termiko larriak izan ditzakete toki bero eta lehorretan, ur asko behar baitute.

“Izerdiaz” izenburuko sarreran azaldu genuen bezala, gorputza hozteko modu bakarra dago ingurune-tenperatura gorputzarena baino garaiagoa denean: gorputzaren azal batean ura lurruntzea. Guk, gizakiok, beste ugaztun batzuek bezala, izerdiaren lurruntzea baliatzen dugu horretarako, eta arnas sistemaren azaleko likidoa lurruntzera jotzen dute hegaztiek eta beste ugaztun askok. Horixe azaldu genuen “Munduko bi gauza hotzenetako bat” izenburuko sarreran. Txerriek ez dute izerdirik botatzen eta beraz, hatsantu egiten dira bero daudenean. Hatsantzea, baina, ez da nahikoa txerrientzat toki beroetan, eta urez eta lokatzez blaitzera jo behar dute freskatzeko. Azken batean, ura edo lokatza dira izerdiaren zeregina betetzen dutenak.

Hori horrela, oso garesti aterako litzateke txerriak haztea Ekialde Hurbileko eremu gehienetan. Baso hezea desagertu ostean ez zen gelditu baso horietan txerriek aurki zezaketen sustrai, boilur, edo ezkurrik; beraz, gizakiok jaten duguna eman beharko litzaieke elikatzeko. Hau da, gizakiekin beraiekin konkurrentzian egongo lirateke txerriak janariari dagokionez. Eta jana baino mugagarriagoa, ura da. Baso hezerik gabe, txerriek ez zuten beroaren aurreko babes egokirik. Ura behar zuten, baina toki idorretan oso preziatua da ura, gizakion kontsumorako, batez ere. Beraz, urari dagokionez ere, gizakiekin konkurrentzian egongo lirateke txerriak. 

Marvin Harrisen arabera, beraz, eraentze termikorako txerriek ur bolumen handiak behar izateari dagokio Lebitarren liburuan eta Koranean ezarrita dagoen txerrikia ez jateko aginduaren zergatietako bat, nagusia, seguraski ere.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>