Begi tubularrak dituzten arrainak

Winteria telescopa

Stylephorus chordatus

Begi guztiak ez dira berdinak. Gure begiak esferikoak dira, beste animalia askorenak bezala, baina begi-eredu bat baino gehiago dago animalia-erreinuan eta badira hodi itxura duten begiak ere. Egia esan, mota horretako begiak -tubularrak edo zilindrikoak- ez dira batere arruntak; 11 arrain familiatan eta lehortiarrak diren zenbait animalia gautarretan baino ez dira behatu. Begi tubularrak dituzten arrain gehienetan begiak gora begira badaude ere, hau da, buruaren bizkar-aldean (Argyropelecus, Hierops, Opisthoproctus generoetan), zenbaitetan aurrerantz zuzenduta agertzen dira, aurpegirantz (Stylephorus chordatus, Gigantura indica edo Winteria telescopa, esaterako).

Opisthoproctus soleatus

Naturan arraroak izanik itsas ur sakonetako arrainetan begi tubularrak horren maiz agertzea ez da kasualitatea, noski. Esferikoen ordez zilindrikoak diren begiak argi-intentsitate apaleko inguruetan bizitzeko moldapentzat hartu behar ditugu hortaz. Izan ere, oso argi gutxi iristen da itsasoan barrena 1.000 metrora, eta heltzen den apurra egokiro detektatzea funtsezkoa da, bai harrapakinak zein harrapariak hautemateko. Arrazoi berberagatik, ia argirik gabeko alde horietan bioluminiszentzia somatzea eta izpien norabidea zehazki hautematea hil ala biziko kontua izan daiteke.

Hodi itxurako begiek irekidura handiko lenteak izaten dituzte, horrela argia bereganatzea errazten baita.  Tubuluak, oinarrian nahiko estruktura konplexua agertzen duen erretinaraino eramaten du argia, eta  lente handien luzera fokala egokitu egiten du. Alkarren ondoan dauden pare bat begi tubularrek sentsibilitatea emendatzen dute, kontrasteak hautematea ahalbidetzen dute, eta ikusmen-eremuen gaineztatze binokular zabala eragiten dute, sakoneraren pertzepzio zorrotzagoa ahalbidetuz.

Denak ez dira aldekoak, noski, espezializazio-maila garaiak kontrakoak ere baditu. Izan ere, ikusmen-eremua oso mugatua dago begi esferikoekin alderatuz, eta bestalde, ehun erretinalak tubuluen hormetan koka badaitezke ere, alde horietara heltzen diren imaginak ezin dira enfokatu.

Bestalde, eta lehen esan bezala, hodi itxurakoak izatea ez da arrain hauen begien ezaugarri “bitxi” bakarra. Espezie hauetako zenbaitek, gainera, gora begira dituzte begiak eta bada kokapen edo orientazio hori edukitzeko arrazoi on bat. Hortaz, gora begira dauden bi begi tubular paraleloei esker, arrainek harrapakinen soslaia “ikus” dezakete goragotik datorren argi eskasaren kontra, egunez behintzat, eta oso modu zehatzean hauteman dezakete zein distantziara dagoen. Bestetik, begi tubularrak aurre alderantz zuzenduta dituzten arrainen kasuan, euren gorputzak bertikal kokatzen dituzte, aurkitu ondoren azpitik erasotu ahal izateko harrapakinak. Stylephorus espezieko aleak eskegita bezala mugitzen dira, begiak erabiltzen dituzte bere burua harrapakinaren pare-parean kokatzeko eta orduan aho sabaia izugarri azkar irekitzen dute, eragiten duten korrontea harrapakina irensteko baliatuz. Antzeko modua erabiltzen dute Gigantura generoko aleek.

Arraro samarrak dira begi tubularrak, bai. Arraroak egiten zaizkigu eta gainera, oso animalia gutxik dituzte era horretako begiak. Hori horrela da, baina argi dago aldeko nabarmenak dituztela eguzki-argiaren izpi ahulenak baino iristen ez diren ur sakonetan bizi diren arrainentzat. Horrexegatik dituzte.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>