Buru gardena duen arrain harrigarria

Begi tubularrak dituzten arrainez aritu ginen aurreko sarrera batean. Arrain horien artean bada bat bereziki deigarria dena, Macropinna microstoma izen zientifikoa duena. Opisthoproktidae familiako Macropinna generoko espezie bakarra da arrain hori.  Espezie honetako arrainak 600-1.000 mko sakoneretan[1] aurki daitezke Itsaso Bareko alde subartiko eta epeletan; Bering Itsasotik hasita iparrean, Japoniaraino mendebaldetik eta Baja Kaliforniaraino ekialdetik. 1939 urtean aurkitu zen lehenengoz espezie hau eta beraz, arrain honen ezaugarriak aspalditik ziren ezagunak: arrain txikiak dira, 4-5 zm dituzte luzeran eta euren itxurari buruz aipagarriena zera da: aho txikia dutela eta buruaren goialdean gorantz zuzenduta dauden bi begi zilindriko dituztela. Izan ere ingelesez “barreleye” izenez ezagutzen dira opistoproktido hauek; gazteleraz “ojobarril” izen arrunta  erabiltzen da eta, hortaz euskaraz upel-begiko arrain izena ondo egokituko litzaioke agian.

Oraintsu arte misteriotzat zuten nola konpontzen zen Macropinna harrapakinak ehizatzeko, bere bi begi tubularrak bizkarrean finkatuta baititu, ahoa aurre aldean kokatuta dagoen artean. Beste modu batera esanda, ahoa ez dago ikusmen eremuaren barruan. Nola lor dezakete harrapakinak ehizatzea begiak gorantz begira dauden artean ahoa aurrera begira dagoela? Nola lortuko genuke guk eskuak erabili gabe  zerbait irenstea uretan murgilduta gaudela ahoa daukagun tokian izan beharrean kazkezurraren erdi-edian izango bagenu?

2008an Kaliforniako  Monterrey Badiako Akuarioko ikertzaileek 2004an egindako “in situ” behaketak argitaratu dituztenean argitu da paradoxa zirudien arrain hauen elikatzeko modua. Bideoan grabatutako irudiei esker, hasteko, arrain hauen benetako itxuraren berri izan dugu. Irudiak hartzeko eta animaliak harrapatzeko tramankulua itsas hondora bidali zutenean eta Macropinnaren lehen aleak grabatzea lortu zutenean ikerlariei deigarrien egin zitzaien lehen gauza zera izan zen: arrain hauek uste zena baino buru handiagoa eta gardena dutela! Ezaugarri bitxi hori deigarria egin zitzaien 1939tik ordurarte inoiz ez zelako izan buruko ezkutu garden horren berririk; antza denez, upel-begiak arrantzatzen zirenean ur sakonetatik sareen bidez ateratzerakoan estruktura hauskor hori guztiz kaltetua gelditzen zen.

Hemen txertatu dugun irudian oso ondo ikusten da buru gardena; izan ere  begiak diruditen baina izatez sudur errosetak diren estrukturen azpitik hasita bizkarreko eskatak hasten diren lekuraino luzatzen da estalki gardena, begi tubularrak goitik eta alboetatik babestuz. Irudian oso nabarmen diren kupula berdeen azpian daude kokatuta begi tubularrak; kopa horiek lenteak dira eta  dituzten pigmentu berdeei esker, arrain hauek bizi diren sakoneretara heltzen den argi apurra xurgatzen dute, eta horrela zorrotzago hauteman dezakete inguruko animaliek igorritako bioluminiszentzia. Esan bezala, begi tristeen itxura duten aho txikiaren gaineko estrukturak sudurzuloak dira eta benetako begiak buruaren barruan, goialdean daude kokatuta; begiak inguratzen eta babesten, fluidoz beteriko ganbara dago, ezkutu gardenak estaltzen duena.

Baina beste aurkikuntza bat ere egin zuten ikerlari hauek in situ egindako grabaketetan oinarrituta: Macropinnaren begi tubularren ohiko kokapena dortsala bada ere, behar denean begien kokapena aldatu egin dezakete, aurpegirantz zuzenduz. Laborategira eramandako aleak aztertuz, begien mugimenduak eragiten zituzten jarrerak eragin zitzaizkien, kasu gehienetan emaitza positiboak lortuz. Behatu zen errotazio-mugimendurik ikusgarriena 75 bat gradukoa izan zen. Aurretiaz ere ezaguna zen begi hauen muskulatura konplexu samarra zela, baina begien mugitzeko gaitasunaren behaketak argitu du hain zuzen ere zein betebehar zuten muskulu horiek denak, begi-hodiak norantza zuzentzen diren ezartzea, beharrizanen arabera. Hain zuzen ere bizkarreko ohiko kokapenean daudela begiek goian gertatzen denaren berri ematen dute, eta jateko zerbait interesgarria hautematen denean, begiak ahoaren planorantz hurbil daitezke erasoaren eraginkortasuna hobetzeko. Bestalde, begiak mugitu ahal izateak ikusmen-eremua izugarri zabaltzea ahalbidetzen du, eta goian tarte hestu baten gertatzen denaz gain arrain hauek alboetan eta aurrean dagoenaz ohar daitezke begien mugitzeko gaitasunari esker.

Esan dezakegu, beraz, Macropinnaren begiak moldapen ebolutiboaren adibide paregabeak direla. Begi tubularrak izatea berez moldapena izanik, kontuan hartzen badugu begien jarrera ez dela finkoa, baizik eta begiak alde dortsaletik rostralerantz mugi ditzaketela arrain hauek komeni zaienean, moldapena are miresgarriagoa egiten zaigu. Eta moldapen horri etekin guztia ateratzeko, bada, begien errotazio-ahalmenari dagokion azalera, buru osoa nonbait, gardena behar du izan, bestela begiek ezin izango lukete ikusi eta….Bai, bitxia benetan itsas sakoneretako arrain hau, baina dituen ezaugarri “arraro” guztiek dute zentzua animalia horren bizilekua eta bizimodua ezagututa. Itsasoaren barruan argia eta ilunaren arteko alde horretan bizirauteko moldapen sakonak besterik ez dira “Hogei mila lekoatako urazpiko bidaia” tik ateratakoa dirudien animalia harrigarri honen ezaugarri bitxiak.


[1] Sakonera mesopelagiko beherenak dira horiek.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>