Landareak jaten dituen armiarma

Munduan 40.000 armiarma espezie deskribatu dira gutxi gorabehera, eta intsektu eta bestelako animaliez elikatzen dira guztiak. Baina duela gutxi jakitera eman dutenez, landareez elikatzen den armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izen ederra bezain bitxia eman diote. Akazia zuhaixketan bizi dira armiarma txiki hauek.

Akazia horiek ondo ezagunak dira biologoen artean, inurriekin mutualismo-harreman berezia mantentzen baitute. Inurriek, herbiboro gehienengandik babesten dituzte akaziak, eta akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoizturiko nektarra eta Belt-gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrientzako janaria.

Bagheera armiarmek akazia-inurri sistema hori baliatzen dute, baina nolabaiteko “iruzurra” egiten. Nektarra eta Belt-gorputzak jaten dituzte inurriek bezala, baina gero ez dute landarea defenditzen: horrexegatik esan dugu iruzurra egiten dutela, mutualismo-harremanaren onurak bai baina ordaina ez dutelako ematen truke. Dirudienez, armiarmek oso bista ona dute, bizkorrak dira eta kognizio-gaitasun handia dute eta horri esker inurriek ezin harrapa ditzakete. Gainera, euren habiak ez dituzte egiten akazietan, beste landareetan baizik, inurriengandik urrun.

Costa Rican, 2001ean, aurkitu zuten herbiboria mota hau lehendabizi; eta 2007an, Mexikon behatu zuten berriro. Mexikoko populazioko armiarmek, bestalde, landareak jateko joera handiagoa dute Costa Ricakoek baino. Izan ere, Belt-gorputzak dira Mexikoko populazioko armiarma horiek jaten dutenaren %90a. Costa Ricako populaziokoek, berriz, animalia-harrapakinak, -inurrien larbak barne-, gehiagotan baliatzen dituzte jakia osatzeko.

Definizio garaiko filmaketak egin dituzte basoan ikerketa hau aurrera eramateko; eta horrez gain, laborategiko lanak ere egin dituzte. Lan horietan, 15N, 14N, 13C eta 12C isotopoen edukiak aztertuz, landareen energia-ekarpena neurtu dute eta basoan behatutakoa berretsi dute horrela.

Bare haragijale batez aritu ginen aspaldiko sarrera batean hemen. Bare hura, -bare mamutsa- ez da bakarra, beste bare haragijaleren bat baitago munduan. Ez dakigu Bagheera bezalako beste armiarma belarjalerik ote dagoen munduan; beste espezieren bat egon daiteke, noski, baina salbuespenak dira hauek guztiak, armiarma herbiboroak eta bare karniboroak. Baina salbuespen izate hori da, hain zuzen ere, animalien malgutasunaren eta ingurune desberdinetara moldatzeko izan dezaketen gaitasun handiaren erakusle argia.

Oharra: Irudia ZME Science blogetik hartua dago.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>