Ura hartzen dutela... nondik esan duzu?

Lehorreko anfibio gehienek ez dute urik edaten. Edo hobeto esan, ez dute ahotik edaten. Ura behar dute, noski, baina larruazaletik hartzen dute. Anfibioen larruazala oso iragazkorra da; horri esker, oso erraz igaroten da ura larruazalaren alde batetik bestera, uraren mugimenduaren norantza edozein dela ere. Horrek baditu bere aurkakoak, noski, eta horiei buruz behin baino gehiagotan mintzatu gara hemen. Ura erraz gal badezakete, ura gordetzeko mekanismo bereziak behar dituzte anfibioek. Hemen ikusi dugun bezala, anfibioen barne-medioa edo gernu-puxika bera, ur-biltegiak izan daitezke, eta ur hori erabil dezakete deshidratatzeko arriskuan daudenean.

Baina, esan bezala, iragazkortasun handi horrek, aurkakoez gain, aldekoak ere baditu eta larruazaletik ura zurgatu ahal izatea da horietako bat. Gainera, zenbait espeziek ura xurgatzeko atal berezia dute larruazalean. Pelbis-adabakia edo pelbis-aldea esaten zaio atal horri eta sabelaren beheko aldearen eta pelbisaren artean dago, atzeko hankek sabelarekin bat egiten duten aldean hain zuzen ere. Beraz, hidratatu behar diren anfibio lehortiarrek ez dute zertan uretan sartu behar, nahikoa dute sustratu heze edo bustien gainean esertzearekin edo pelbis-adabakia sustratu bustiaren aurka zapaltzearekin. Pelbis-adabakiaren epitelioa odol-hodiez josita dago eta horri esker, oso handia izan daiteke hortik zurgatzen den ur bolumena. Izan ere, gorputzaren masaren halako hiru izan liteke era horretara eguneko zurga daitekeen ur bolumena.

Gradiente osmotikoa da ura xurgatzeko indarra. xurgatzen den ura ur diluitua da, ia ez du gatzik. Apoaren odolak, bestalde, kanpo-urak baino askoz ere solutu gehiago du. Hori dela eta, urak kanpotik barrura igarotzeko joera du, horixe baita urarekin iragazkorra den mintz baten bi aldeen artean gertatzen den ur-mugimendua. Hori bai, horrek badu ondorio bitxi bat, zeren ur-xurgapena ahalik eta handien izan dadin, odola azkar mugitu behar baita odol-hodi horietatik. Azter dezagun kontua.

Ura barneratzen denean eta odolarekin nahasten denean, diluitu egiten da odola, solutu kantitate berdina ur-bolumen handiagoan baitago. Beraz, ura xurgatzeko indarra gero eta txikiagoa izango litzateke odola mugituko ez balitz edo oso astiro mugituko balitz. Hori dela eta, odola azkar mugitu behar da, berehala berriztatzen baita horrela eta, berriztatze arin horren ondorioz, bere solutuen kontzentrazioa ez baita gehiegi jaisten. Gradiente osmotikoa, hau da kanpo- eta barne-likidoen artean dagoen solutu-kontzentrazioen arteko aldea oso gutxi beheratzen da horrela eta kasik bere horretan manten daiteke ur-xurgapenerako indarra.

Ura xurgatzeko mekanismoa azaldutakoa izanik, uraren beharren araberakoa da odol-fluxua. Hau da, deshidratazioa apala denean odola ez da oso arin zirkulatzen pelbis-adabakiko odol-kapilareetatik, baina oso arin mugitzen da apoaren ur-beharrak handiak direnean.

Azkenik, esan beharra dago uraren ekonomian esku hartzen duten hormonek zeregin garrantzitsua dutela prozesu honetan. Angiotentsina II peptidoaren eraginez, esaterako, areagotu egiten da apoak esertzeko jokaera, eta hormona antidiuretikoak (ADH) goratu egiten du pelbis-adabakiaren epitelioko iragazkortasuna. Hori dela eta, bi hormona horien ekintzen ondorioz, nabarmen igo daiteke xurgatzen den ur-bolumena.

Bi igelen azpiko irudiak ikus daitezke ondoren txertatu dugun orriaren kopian. Eskumako igela edaten ari da:

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>