Inurri laborariak

Nekazaritza da giza-zibilizazioaren lorpen garrantzitsuenetako bat. Neolitoan gertatu zen nekazaritza-iraultzari esker izugarri hazi zen giza-populazioa eta, neurri handi batean, iraultza horri zor dio gizakiak lortu duen hedapen-maila.  Bada, gizakia baino lehenago, inurri espezie batzuek erdietsi zuten lorpen bera. Zehatzak izateko, duela 50 milioi urte hasi ziren laborantzan jarduten inurri horiek, inurri hosto-ebakitzaile izenez ezagunak direnak.

Nekazaritza gizakiarentzat oso garrantzitsua izan bada, inurri hosto-ebakitzaileek onura nabarmenak ateratzen dituzte jardun horretatik: arrakasta handiko inurri espezieak dira Hego eta Erdialdeko Amerikako baso eta ohianetan.  Guztira, 41 espezie dira hosto-ebakitzaileak eta bi generotako kideak dira, Atta eta Acromymex hain zuzen ere. Arrakasta horrek, baina, badu alde txarra gizakiontzat, espezie zenbaitek giza-nekazaritzarako eta azpiegituretarako kaltegarriak diren izurriteak sortzen baitituzte.

Inurri hosto-ebakitzaileak zenbait landareren hostoak bildu eta ebaki egiten dituzte; hortik datorkie izena, noski. Gero, lurrazpiko habiko ganbaretara eramaten dituzte hosto zatiak eta onddoak hazten dituzte hosto zati horietan. Gongilidia izena duten egitura berezituak dira inurriek jaten dituzten onddoen zatiak; gongilidiak elikagaietan oso aberatsak dira eta larbek ere jaten dituzte. Onddo espezie desberdinak erabiltzen dituzte inurri desberdinek, baina onddo guztiak dira Lepiotaceae familiakoak.

Aurkeztu dugun mutualismo harreman horretan hirugarren osagai batek hartzen du esku, bakterio batek, hain zuzen ere. Pseudonocardia izeneko bakterioak dituzte tegumentuan inurriek eta badirudi inurri espezie zenbaitek bakterioak elikatzeko berezko osagaiak jariatzen dituztela. Bakterio horiek onddo-infekzioen aurkako produktuak sortzen dituzte eta eurei esker babesten dituzte onddo-haztegiak inurriek. Bereziki, Escovpsis izeneko onddo bizkarroiaren aurkakoak dira Pseudonocardia bakterioek sortzen dituzten metabolitoak[1].

Bestalde, Science aldizkariaren joan den urteko azaroaren 20ko zenbakian (263 bol., 1120-1123 orr.) irakurri ahal izan dugunez, egurats-nitrogenoa finkatzen duten bakterioek ere hartzen dute esku harreman konplexu honetan[2]. Klebsiella generoko bakterioak dira horietako asko eta baratzean egiten dute bere finkatze-lana. Dirudienez, nitrogeno-edukin oso apala dute hostoek eta bakterio horien jardueragatik ez balitz, nitrogenoak mugatuta egongo lirateke inurriak. Izan ere, nitrogeno horri zor diote inurriek izan duten arrakasta ekologikoa, nitrogenotan txiro samarrak baitira eurak bizi diren baso eta ohianak.

Inurriak nekazariak direla esatea gehiegikeriatzat har liteke, baina ez da gehiegikeria inondik inora. Esan bezala, hostoak ebaki, zatiak habira eraman eta onddoak zaintzen dituzte inurriek. Eta hori gutxi balitz, hondarrak garbitu eta habitik urrun dagoen zabor-piletara eramaten dituzte. Zenbait espezietan, bestalde, inurri laborari zaharrenek egiten dute lan hori, gazteak baratzean geratzen diren bitartean. Horrela, onddo- edo bakterio-infekzioez kutsatzeko arrisku gutxiago hartzen dute inurri gazteek.

Berezi samarra da hemen deskribatu dugun portaera, baina hau ez da animalien artean ezagutzen den nekazaritzako kasu bakarra. Anbrosia-kakalardoek eta termitek ere onddoak hazten baitituzte. Eta bestalde, kontuan hartu behar dugu digeritzeko zaila den baliabide bat ustiatzeko sinbiosia dela hau, inurrien gorputzetatik kanpoko sinbiosia. Arraroa begitantzen zaigu kanpo-sinbiosia delako, baina helburu bereko beste sinbiosi asko daude, hori bai animaliaren digestio-hodiaren barruan gertatzen dira horiek.


[1] Esan beharra dago Pseudonocardia Actinobacteria taldeko kidea dela eta talde berekoak direla antibiotiko gehienak sortzen dituzten bakterioak; beraz, antibiotikoak erabiltzeari dagokionez ere, 50 milioi urte aurreratu zitzaizkigun inurriak.

[2] Elhuyar aldizkariaren 2010ko urtarrileko alean ematen da kontu honen berri.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>