Jirafaren bihotza

Historian izan den jirafarik famatuena Mediciren jirafa izan da, Lorenzo de Mediciri 1486an bidali ziotena. Hura ez zen izan, baina, Europara ekarri zuten lehena. Julius Caesarrek k.a. 46an jirafa bat eraman zuen Erromara Egipton izandako garaipenak ospatzeko. Eraman zuen bilduma osatzen zuten animalien artean jirafa izan zen arrakastatsuena. Erromatarrek, grekerazko jatorria (καμηλοπάρδαλη) duen izena (camelopardale) eman zioten ordura arte guztiz ezezaguna zuten animaliari, gamelu eta lehoinabarraren ezaugarriak nahastuta zituela iruditu zitzaielako. Hortik dator, hain zuzen ere, jirafaren izen zientifikoa, Giraffa camelopardalis. Generoaren izena, arabieratik dator, -ziraafa edo zurapha berbatik-, eta “camelopardale”-tik espeziea izendatzen duen bigarren berba.

Julius Caesar handia antzeratu nahi izan zuen Lorenzo de Medicik, zeren Florentziako herritarren artean izan nahi baitzuen erromatarren artean Caesarrek zeuzkan ospe edo auctoritas bera. Segurtasun osoz ez dakigun arren, badirudi  al-Ashraf Qaitbay Egiptoko Sultan Mamelukoak oparitu ziola, Otomanoen aurka Mediciren laguntza nahi zuen eta. Arrakasta handia izan zuen jirafak Florentzian, hain arrakasta handia garaiko artistek euren margolanetan margotu baitzuten edo idazlanetan jaso. Il Bacchiacaren “Mana bilketa” margolana dugu adibide ona, baina ez bakarra.

Jirafa gajoak, baina, zorte txarra izan zuen; korta berezia prestatu zioten arren, lepoa hautsi zuen kortako habeen aurka buruak kolpea hartu ondoren. Kortako habeak ez bide zeuden behar bezain altu. Azken batean, munduko animaliarik garaiena da jirafa. 900 kg-ko masara eta 5’5 m-ko garaierara irits daitezke espeziearen ale arrak. Lepoa dute ezaugarririk behinena; bere luzerari esker beste animalia guztiek lor ezin ditzaketen hostoetara hel daitezke.

Hain lepo luzea edukitzeak, bistan da, zenbait ondorio bitxi ditu, odola bururaino bidaltzeko “ponpa” indartsua behar baita horren garaiera handia gainditzeko. Oso handia da bihotza: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera du, eta 7’5 cm-ko lodiera dute bere hormek. Indar handia egin behar du eta beste edozein ugaztunaren presioaren bikoitza da odolaren presio arteriala aortatik ateratzerakoan.

Presio hori, baina, arazo handia izan liteke bihotza baino beherago dauden organo zein gorputz-ataletarako, presio handiegipean baitaude. Izan ere, presio horren pean kapilareetatik irten egingo litzateke odol-plasma beste edozein animalia baten hanketan. Hori ez da gertatzen jirafetan, noski, oso lodi baitituzte odol-hodien hormak, ehun konektiboa eta larruazala. Bestalde, pilotoen g-jantzien moduko larruazala dute jirafek; hau da, odolaren presioaren aurka egiten du larruazalak. Horri esker odola ez da pilatzen hanketan eta edemari ekiditen dio.

Zer gertatzen da, baina, ura edateko burua jaitsi behar duenean? Odola ez ote zaio buruan pilatzen? Arazoa konpontzeko sistema berezia dute jirafek lepoan. Izan ere, ez da jirafetan sortu den sistema berri bat, baizik eta ugaztun guztiok dugun egitura baten erabilera moldatua. Buruaren azpian dugun rete mirabile delakoaz ari gara, sare miresgarriaz alegia. Sare miresgarriak ikusi ditugu hemen lehenago; atunek erabiltzen dute muskulua berotzeko, esaterako, eta aurkako helburua betetzeko erabiltzen dugu ugaztun askok, burua gehiegi ez berotzeko, hain zuzen ere[1].

Bada, rete mirabile-ak zeregin desberdina betetzen du jirafetan. Elkarren paraleloak diren odol-hodi askok osatzen dute rete mirabile bat eta odol-hodi horiek odol bolumen oso desberdinak har ditzakete euren barnean. Hori dela eta, burua jaisterakoan rete mirabile-aren odol hodiak odolez betetzen dira eta horri esker odol hori ez da bururaino iristen; burua altzatzerakoan, berriz, odol-hodi horiek hustu egiten dira. Zeregin horretan balbula zenbaitek eraentzen dute odol-fluxua, eta garrantzi handikoak dira prozesua era egokian bideratzeko. Nolabaiteko tanponatze-lana egiten du sare miresgarriak kasu honetan, presio hidrostatikoa tanponatzea, hain zuzen ere.

Argazkia Julio Álvarez Peñalverrena da eta hemendik hartu dugu.


[1] Gogora dezagun bero-trukatzailea dela rete mirabile delako hori. Elkarren ondoan dauden odol-hodien sorta bik osatzen dute eta sorta bakoitzaren hodiek kontrako norantzan daramate odola. Horrexegatik trukatzen dute beroa, batzuek besteei iraganarazten diotelako.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>