Bibalbio izurria

Izurritetan pentsatzen dugunean, intsektuak edo arratoiak izaten dira burura datozkigun animaliak. Baina horiek ez dira izurritea sor dezaketen animalia bakarrak. Bibalbioen artean bada bat egiazko izurria sortu duena, eta oso arriskutsua gainera.

2007ko abuztuan, ur gezetako bibalbio baten larbak aurkitu zituzten Gipuzkoako Lareoko urtegian; zebra-muskuiluaren larbez ari gara. Alarma piztu zuen aurkikuntzak, lehendabizi ikusi baitziren larba horiek Kantauri Isuriko urtegi edo ibaietan. Zorionez, baina, larritzeko arrazoirik ez omen dago, oraingoz ez, behintzat; egindako ikerketen arabera larba horien presentzia ez da baieztatu eta ondorio larririk izango ez duen ustekabeko gertaeratzat hartu izan zen lehen agerpen hura.

Zebra-muskuilua arriskutsua dela esan dugu eta orain azalduko dugu zergatik. Azalpena eman aurretik, baina, espezieari buruzko zertzelada batzuk eskainiko ditugu. Dreissena polymorpha da zebra-muskuiluaren izen zientifikoa, eta paradoxikoa bada ere, ez da muskuilu bat; ezagunak ditugun bibalbioen artean txirlak daude muskuiluak baino hurbilago zebra-muskuilutik. Muskuilu izena itxurari dagokio, muskuilu baten antza baitu, eta gainera, sustratuan finkatzeko muskuiluek duten firuzko egitura bera dute, bisu izenekoa. Eta zebra esaten zaio maskor marraduna baitu.

Dreissena polymorpha ur gezetako bibalbio txikia da; 5 cm-ra irits daiteke luzeran. Errusiako hego ekialdeko lakuetan du jatorria, baina espezie inbaditzailea da, munduko toki askotatik sakabanatu baita.  Gazitasun desberdineko uretan bizirik manten daiteke denbora luze, eta tenperaturari dagokionez ere, jasankortasun-tarte zabala du. Gainera, oso eraginkorra da; arrautza-kopuru oso garaiak ekoizten ditu ur gezetako beste bibalbioekin erkatuz gero.

XIX. mendean hedatu zen Europako kanaleetatik eta Ipar Itsasora heldu zen, bai eta Britainia Handira ere. Europako hegoaldea beranduago kolonizatu zuen, Italiar eta Iberiar Penintsuletara joan den mendearen azken laurdenera arte ez baitzen heldu. Ipar Amerikara 1988an iritsi zen, Laku Handietara, eta geroztik ari da zabaltzen, apurka apurka, Ipar Amerika osotik. Aisialdirako belauntzi eta batelak ibai batetik bestera edo laku batetik bestera eramanez hedatu da horrenbeste, erantsita bidaiatzen baitira muskuilu txikiak eta larbak. Horixe izan omen zen Lareoko urtegian gertatu zena. Hala ere, eta Ebro ibaia kolonizatu badu ere, Kantauri Isuriko ibaietara ez da oraindik heldu.

Beldurgarriak dira bibalbio honek sortzen dituen kalteak. Bertako bibalbio espezieak ordezkatu ditu toki askotan. Tokian betitik dauden bibalbio populazioen gainean finkatzeko gai dira; zebra muskuiluaren populazio berriak sortzen dira horrela, eta azpian geratzen direnak hil egiten dira. Gainera, kaietako egituretan eransten direnean kalteak sor ditzakete egurrezko egituretan, bai eta industrietan hozte-prozesuetarako erabiltzen diren kanale, hodi eta ponpetan. Hodi batetik sartzen badira, urte gutxitan bete dezakete hodiaren argia guztiz itxi arte. Gastu handiak egin behar dira gero hodiak garbi mantentzeko.

Bestalde, bada zebra-muskuilua jaten duen arrainik: Rutilus rutilus ur gezetako arraina da horietako bat eta zenbait tokitan, zebra-muskuiluak dira arrain horrek jaten duenaren %90a. Hala ere, orain arte ez da inon ikusi arrainen predazioak Dreissena-ren populazioak muga ditzakeenik.

Kontuak kontu, Dreissena polymorpha izurri arriskugarria dela esatea ez da gehiegikeria bat, inondik ere. Ibai zein lakuetako biodibertsitatearen arerio handia izateaz gain, izugarriak dira sor ditzakeen kalte ekonomikoak.

Oharra: Goiko  irudia, NOAA AEBtako agentziarena da eta argi erakusten du zelako kalteak eragin ditzakeen gizakiak uretan sarturiko egituretan. Beheko irudia, Utah Estatuko Nekazaritza Sailarena da eta bibalbioaren itxura desberdinak (polymorpha) ikus daitezke horretan.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>