Kolosoen bat etortzea

Txibia kolosal eta hondo abisaletako beste animalia erraldoiei buruz aritu ginen “Erraldoi abisalak” izenburuko sarreran. Animalia erraldoiekin jarraitu nahi dugu hemen, baina oraingo honetan, bi espezieri buruz bakarrik arituko gara, lehortarra bata eta itsastarra bestea. Elefante afrikarra da lehorreko espeziea eta zeroia edo katxalotea, itsasokoa. Elkarrengandik hurbil ez dauden arren, ezaugarri komunak dituzte bi espezie horiek eta hori, nonbait, harritzekoa da, ingurumen oso desberdinetan bizi baitira. Ikus ditzagun, bada, partekatzen dituzten ezaugarri horiek.

Biak bizi dira ingurumen egonkorretan, oso egonkorrak baitira bai itsasoa eta bai sabana. Bizitza luzekoak dira, 60 urtera hel baitaitezke, eta bizitzaren bigarren hamarkadan heltzen dira ugal-heldutasuna. Biek izaten dituzte kume gutxi, oso ondo zaintzen dituzte kumeak, eta gehienak iristen dira ugal-heldutasunera. Kumeen jaiotzen arteko aldiak bost urtekoak izaten dira eta 40 urteko adinetik aurrera, beheratu egiten da ugal-ahalegina. Elefante eme zaharrenek zeregin garrantzitsua betetzen dute elefante-taldean eta, seguraski, gauza bera gertatzen da zeroi eme zaharrekin. Zuzentzen dituzten emeen taldeetako egiazko matriarkak dira eme zaharrak.

Janari tona asko jaten dute euren bizitza luzeetan zehar eta mugimendu luzeak, oso luzeak egiten dituzte janari horren bila joateko. Elefanteak landare desberdinez elikatzen dira eta, esan bezala, kantitate handiak jaten dituzte; izan ere, gizakia albo batera utzita, Afrikan eragin handiena izan duen espeziea da. Zeroiek euren ingurumenean duten eragina ondo jakitea ez da erraza. Askotariko jakia dute, txibia eta arrain espezie asko jaten baitituzte. Eta ugaltzeko edo elikatzeko migrazio luzeak egiten dituzte. Bada, nahiz eta XIX. eta XX. mendean zehar katxaloteen populazioak nabariki murriztu diren, urteko 100 milioi tona janari kontsumitzen dute, gizakiak arrantzaren bitartez lortzen duen kantitate bera gutxi gorabehera.

Hamar bat elefantek osatzen dute elefante-talde bat. Familia matrilinealak dira eta emeek, seguraski, bizitza osoa ematen dute familia-talde berean. Talde horietako kideek elkarrekin eta batera egiten dituzte gauza asko: mugitu, jan, edan eta atsedena hartzen dute batera. Familia bateko kideek elkar ukitu, usaindu eta ferekatu egiten dute. Euren artean komunikatzeko, ukimena, usaimena, ikusmena eta, batez ere, entzumena erabiltzen dute. Horri esker mantentzen dituzte euren arteko hain lotura estuak. 12-36 hertz-eko infrasoinuak igortzen eta jasotzen dituzte, 100 dB-tik gorako potentziarekin horietako zenbait; izan ere, 4 km-ra dauden elefanteak, harremanetan egon daitezke infrasoinuen bitartez.

Zeroien talde-egitura ere antzekoa da, nahiz gutxiago dakigun eurei buruz; dozena bat katxalotek, gutxi gorabehera, osatzen dute taldea. Taldekideek denbora luze ematen dute ur azpian, ehizan; 400 mt-tik beherakoak izaten dira urperatzeak eta 40 min-ko iraupena izaten dute, bataz bestean. Urpean dauden bitartean soinu bereziak, -klik deiturikoak-, egiten dituzte tarte jakinetan. Soinu horien frekuentziak oso desberdinak dira, 200 hertz-etik 32.000 hertz-etarako tartean. Ekolokalizazio-seinaleak bide dira klikak eta harrapakinak kokatzeko erabiltzen ei dituzte.

Kumeak dituzten taldeetan, taldeak hartzen du kumeen zaintzaren ardura eta ez da arraroa kume batek bere ama ez den eme baten tititik edoskitzea; elefanteek ere egiten dute hori askotan. Arratsean urperatzeari uzten diote eta sei ordu egoten dira igeri egiten astiro, lasai, jolasean, hegalekin eta masailekin elkar ferekatzen. Horrela jokatzen dutenean, klik sortak egiten dituzte, eta litekeena da taldearen kohesiorako komunikazio-sistema izatea, bai eta taldearen mugimendua koordinatzeko ere.

Biak, elefanteak eta zeroiak, ugaztun handi eta adimentsuak dira. Oso antzekoak dira euren talde-egiturak. Biek baliatzen dute taldekide zaharrenek duten ezagutza, baliabideei buruzkoa batez ere. Urte sasoiarekin batera gertatzen diren janari-gertutasunaren aldaketak, edo ura non eta noiz aurki daitekeen, tankera horretakoa da kide zaharrek duten informazioa; balio handikoa izan daiteke, taldeko kideen biziraupena horren azpian egon baitaiteke. Seguraski, elefante eta katxaloteen bizitzak hain luzeak izateak zerikusi handia du ezagutza ekologiko horrekin.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>