Bergmannen araua

“Iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz”.  Karl Bergmann biologo alemaniarrak idatzi zuen hori 1847an. Ondoko beste bi hauek ere idatzi zituen: “bi animalia-espezie bereiztuko lituzkeen ezaugarri bakarra tamaina izango balitz, bi espezie horien banaketa geografikoa baldintzatuko lukeen ezaugarria, tamaina izango litzateke” eta  “Baldin eta genero jakin bateko espezieak bereizten dituen ezaugarri bakarra tamaina bada, klima beroagoan biziko litzateke tamaina txikiagoko espeziea”. Esaldi horien bitartez adierazi zuen Bergmannek geroztik bere izenez ezaguna izan den araua, alegia Bergmannen araua. Animalia endotermoak dira, nagusiki, arauaren menpe daudenak.

Bergmannen arauaren azpian dauden faktoreak ez daude oso argi, baina orain arte, eraentze termikoa eta animalien tamainaren artean dagoen harremana izan da araua azaltzeko erabili den zioa. Argudio horren arabera, ugaztun eta hegazti txikiek eskualde hotzetan zailtasun handiagoak dituzte handiek baino. Izan ere, eta hemen beste zenbaitetan adierazi dugun bezala, animalia handien gorputzek masa unitateko azalera txikiagoa dute animalia txikien gorputzek baino. Hori dela eta, animalia txikiek beroa galtzeko joera handiagoa dute handiek baino eta, ondorioz, lan metaboliko handiagoa egin behar dute barne-tenperatura  konstante mantentzeko. Ez dezagun ahaztu, bestalde, lan metaboliko handiago hori egiteko energia gehiago behar dutela eta horrek esan nahi du energia-baliabide gehiago lortu behar dituztela. Hori horrela, zentzuzkoa dirudi eskualde hotzetan animalia txiki gutxiago egotea.

Gauzak, hala ere, ez daude oso argi. Batetik, arauaren salbuespen nabariak daude. Errepara diezaiogun, esaterako, elefanteari, lur gaineko ugaztunik handiena dena. Eskualde beroetan bizi da, nahiz egia den horixe dela hain belarri handiak behar izateko arrazoia. Eta bestalde, nahiz salbuespenik baden, animalia poikilotermoetan ere behatu da joera bertsua. Izan ere, poikilotermoetan ez luke inolako zentzurik izango beroa galtzeko arriskuaren kontuak, poikilotermoek ez baitiote ekidin behar beroa galtzeari.

Otsailean bertan argitaratu den ikerketa baten emaitzen arabera, ordea, azalpen berria eman diote Bergmannen arauari. Azalpen horren arabera, latitude garaiko landareak aberatsagoak dira, hazkurritsuagoak, eta horrek ahalbidetzen du landare horiek jaten dituzten animaliak handiagoak izatea. Goi-latitude eta behe-latitudeetako landareez elikatu dituzte espezie desberdineko animaliak laborategian eta esperimentu horien bitartez heldu dira lehenago azaldu dugun ondoriora. Egia da hasiera batean herbiboroen banaketa azaltzeko  balio dezaketela esperimentu horiek, baina, zer gertatzen da haragijaleekin? Bada, ikertzaileen ustez, toki hotzetako animalia karniboroek ere profitatzen dute landare elikagarriagoen eragina, harrapakin handiagoak jaten baitituzte.

Lanaren egileek uste dute eurena ez dela hartu behar Bergmanneen araua azaltzeko hipotesi bakartzat. Eta euren aburuz, faktore metabolikoen garrantzia kontuan hartu behar da. Izan ere, Bergmannen arauaren oinarrian faktore bat baino gehiago dagoela proposatzen dute ikertzaileek.

Erreferentzia: Chuan-Kai Ho, Steven C. Pennings, and Thomas H. Carefoot, “Is Diet Quality an Overlooked Mechanism for Bergmann’s Rule?” The American Naturalist 175:2 (Feb 2010).

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>