Ur sakonetako gepardoa

Behin baino gehiagotan aritu gara hemen ugaztun urpekarietaz. Ugaztunak izanik, egurats-oxigenoa arnastu behar dute eta beraz, itsas-azalera igo egin behar dute arnasteko. Baina ur sakonetan elikatzen dira horietako zenbait. Zeroiek, esaterako, 1.000 m-tik beherako uretaraino jaitsi behar izaten dute beren harrapakinen bila. Antzekoa da kalderoi hegalaburraren jokaera nahiz horren sakon ez den urperatzen.

Globicephala macrorhynchus izen zientifikoa duen kalderoi hegalaburra Delphinidae familiako kidea da. Izurde bat da, beraz, baina nahikoa handia: 6 m-ko luzera eta 4.000 kg-ko masa edukitzera irits daiteke. Duela urte pare bat, espezie honen ehiza-jokaerari buruzko ikerketa baten emaitzak argitaratu zituzten Journal of Animal Ecology aldizkarian. Tenerifeko uretan egin zen ikerketa eta ikertzaileen nazioarteko talde batek burutu zuen; 23 izurderen mugimenduak eta egindako “klaskak” erregistratu zituzten kalderoriei erantzi zizkieten DTAG izeneko marka digitalen bitartez.

Harturiko erregistroen arabera, kalderoi hegalaburrak 500-1.000 m-raino heltzen dira ehizan ari direnean eta urperatze-denbora 20 min ingurukoa da. Ur sakonetarantz zuzentzen diren bitartean, (balizko harrapakinen) ekolokalizaziorako klaska-segida luzeak sortzen dituzte eta noizean behin, klaska-segiden artean, zurrunbak ere egiten dituzte. Zurrunbak, dirudienez, harrapakinak harrapatzeko saioekin loturik daude.

Urperatze sakonak egiten dituztenean, esprint azkar batekin heltzen dira tokirik sakoneneraino eta une horretantxe egiten dute burrunba bat. Horixe da kalderoi hegalaburren ehizatzeko modua. Urperatzen hasten direnean lastertasun apalez mugitzen dira, baina esprintatzen dutenean, 9 m s−1-ko lastertasunez egiten dute; izugarria da abiadura hori uretan mugitzen den ugaztun batentzat. 20-80 s-ko iraupena dute esprint horiek eta oso garesti ateratzen zaie kalderoiei. Esprinterako behar duten energiaz ari gara, noski. Ehizarako urperatze sakon hauen lokomozio-kostu osoaren %10-36koa dagokio esprintari, nahiz denboraren %2-8koa baino ez den esprintean ematen dutena.

Arrisku handiko jokaera da. Izan ere, egiten dituzten saioen erdia bakarrik dira arrakastatsuak; beste erdian ez dute asmatzen. Kontuan hartzen badugu ehizaren kostua oso garaia dela, bistan da handiak izan behar direla harrapakinak ere; bestela jokaera hori ez litzateke emankorra izango eta ez lukete erabiliko. Orain arte ezezaguna zen “arrisku handiko/etekin handiko” taktika hori zetazeoen artean, nahiz lehorrean badiren horrela jokatzen dutenak. Lehorreko ugaztunen artean gepardoa da taktika horren adibiderik argiena.

Lehen esan dugunez, zetazeoen artean ezezaguna zen kalderoi hegalaburrek erakusten duten ehiza-portaera. Hortaz, ikerketa-talde bera beste zetazeo batzuen, -zifioen[1]-, jokaera aztertu du El Hierro uharteko uretan eta dirudienez, oso bestelako jokaera dute. Zifioen urperatzeak luzeagoak dira, ordu eta erdi iraun baitezakete. Jakina, urperatzeak luzeak badira, nekez gorde dezakete esprintatzeko oxigeno nahikorik. Baina zifioen elikatze-portaera ez da “arrisku handiko/etekin handikoa”, askoz era kontserbakorragoan jokatzen baitute. Urperatze bakoitzeko 30 bat harrapakin lortzen dituzte; hori bai, txiki, mugitzeko ahalmen urriko eta, energia-edukin apaleko harrapakinak dira zifioenak. Hala ere, euren lokomozio-kostuak apalak direnez, denbora luze egon daitezke urpean, harrapakinen bila.

Diferenteak dira kalderoi hegalaburren eta zifioen taktikak, baina emankorrak dira biak.

Iturria: N. Aguilar, M. P. Johnson, P. T. Madsen, F. Díaz, I. Domínguez, A. Brito and P. Tyack (2008):   “Cheetahs of the deep sea: deep foraging sprints in short-finned pilot whales off Tenerife (Canary Islands)”. Journal of Animal Ecology, 2008; 77 bol. (5) orr. 936 – 947

Oharra: Argazkia, Woods Hole Oceanografic Institution ikerketa-erakunde estatubatuarrak argitaratzen duen Oceanus aldizkari digitaletik hartua dago. Ahoan olagarro bat daraman kalderoi hegalabur bat ikus daiteke. Ehiza-urperatze batetik irten berria delarik atera diote argazkia.


[1] Ziphiidae familiako zetazeoak dira zifioak. Mutur luze eta mehea da euren ezaugarri berezkoena. Izurdeen antza dute.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>