Txikiena izateak dakartzan lan astunak

Odol beroko animaliarik txikiena Cuban bizi da. Erle-kolibria da. Mellisuga helenae du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz. Bere masa, 2 g-ra ez da iristen, eta 3 cm-koa da bere habiko diametroa. Erle-kolibria da hegaztirik txikiena baina oso txikiak dira beste kolibri guztiak ere (Trochiidae familiako espezieak). Hegalen mugimendua hain da azkarra, hegaztiak baino intsektu hegalari baitirudite. Hegoak 12-90 bider astintzen dituzte segunduko eta 50 km orduko lastertasuna lor dezakete. Gainera, atzeraka ere mugi daitezke, beste hegazti denek egin ezin dezaketena.

Hain txikiak izanik eta hain mugimendu bizkorrak eginik, homeotermoen artean garaiena dugu kolibrien metabolismoa, eta litekeena da animalia guztien arteko handiena edo handienetakoa izatea[1] haien metabolismo-tasa. Oxigeno-beharrak oso handiak ditu, bai eta bihotz-taupadaren frekuentzia ere. Minutuko 1.260 taupada da neurtu den bihotz-maiztasunik garaiena. Jakina, hain metabolismo-tasa garaia elikatu ahal izateko, oso handia da kolibrien energia-beharra ere. Hori dela eta, asko jan behar dute; beren tamaina kontuan harturik, ez dago kolibriek baino gehiago jaten duen animaliarik.

Bestalde, hain da handia kolibrien metabolismoaren energia-eskaria ezen, gauean, hegan egin eta jan ezin dezaketenean, beheratu egiten baitituzte giltzurrunaren lana, bihotz-taupadaren maiztasuna[2] eta gorputz-tenperatura, metabolismo-tasa esangarriki motelduz. Ez dezagun ahaztu hain txikiak izategatik oso garaia dela atseden-metabolismoa ere[3], eta hori dela eta, lozorro-egoerara jotzen dute gauean, zenbait ugaztunek egiten duten bezala. Hori bai, ugaztun horiek lozorrora urte-sasoi oso baterako jotzen duten bitartean, gauerako egiten dute kolibriek.

Nektarra da kolibrien janari nagusia, baina ez bakarra. Intsektu zenbait jaten dituzte noizean behin, proteinen eta gatzen beharrak asetu ahal izateko. Nektarra, bestalde, gluzidoen iturri da, baina oso apala da zenbait loretako nektarraren azukre-kontzentrazioa. Hori horrela, nektar bolumen handiak hartu behar dituzte eta, gainera, maiz hartu behar dituzte. Erle-kolibriek, esaterako, 1.500 lore bisitatzen dituzte egun bakar batean, eta kontuan hartu behar da eguneko denboraren %20 baino gehiagorik ez dutela ematen nektarra zurrupatzen. Jarduera handi baina denboran mugatu horren ondorioz, euren masaren adina janari-kantitate lortzen dute, baina nektarra azukreen ur disoluzio bat denez, euren masaren halako 5-15 bider zurrupatu behar dute egunero, dituzten energia-beharrizan garaiak betetzeko.

Lan astunak, bai, kolibrienak, hain txiki izateagatik!


[1] Intsektu hegalari zenbaiten metabolismo-tasa izan daiteke kolibriena baino garaiagoa.

[2] Segunduko 1-3 taupadaraino beheratzen dute bihotz-taupadaren maiztasuna.

[3] Ikusi “Saitsu etruskoaren bihotz aparta

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>