Nektarra jateak dakarren korapiloa

Azken sarreran ikusi genuen bezala, nektarra da kolibrien jaki nagusia. Baina nektarra, diluzio bat da, ur diluzio bat. Hortaz, 12 ordutan zurrupatu behar duten ur kantitatea, kolibrien masaren halako 5 baino gehiago da eta hori, bistan da, ur asko da, gehiegi behar bada.

Ur gehiegi edaten duten animaliek hiperhidratazioa edo urez pozoitzea paira dezakete. Gezurra  badirudi eta ezohiko samarra bada ere, noiz edo noiz gertatzen zaie gizabanakoei, gaixotasun zenbaiten ondorioz batez ere. Paradoxikoa bada ere, gastroenteritisak, esaterako, hiperhidratazioa ekar dezake. Izan ere, barne-medioaren gatz-kontzentrazioa gehiegi behera daiteke ur gehiegi edaten denean, eta barne-likidoen bolumen handia galdu ondoren gerta daiteke hori. Hori dela eta, zenbait kirolari ere hil dira lehiatzen ari ziren bitartean, urez pozoituta, eta hiperhidratazioaren zantzuak aurkitu zituzten Andy Warhol artista ezagunaren gorpuan ebakuntza baten osteko bihotz-arritmia baten ondorioz hil zenean. Garunaren funtzioa da hiperhidratazioaren ondorioz kalterik handiena jasan dezakeen organoa, zeren barne medioa gehiegi diluitzen denean neurona-plasmaren eta barne medioaren arteko elektrolitoen balantzea desorekatzen baita. Ezaguna denez, elektrolitoen oreka ezinbestez gorde behar da nerbio-bulkada behar bezala sortu ahal izateko.

Naturan animalia gutxi egon daitezke hiperhidratazioa pairatzeko arriskuan. Anfibioak egon litezke egoera horretan, larruazala iragazkorra baitute, baina gernu bolumen handiak ekoitziz konpontzen dute arazoa; anfibioen gernua, bestalde, oso diluitua da, kasik ez du gatzik, giltzurruna oso eraginkorra baita gernutik gatzak berreskuratzen. Ur gezetako arrain teleosteoak ere, urez pozoitu litezke uraren sarrerari ekiditeko modurik izango ez balute, baina beste sarrera batean ikusi genuen bezala, oso eraginkorrak dira diluzioaren aurka dituzten hiru hesiak[1].

Uretako animalia horiek, beraz, badituzte gehiegizko uraren arazoari ekiditeko modu egokiak, bestela ezin litezke-eta ur gezetan bizi. Kolibriek ere, lehenago emandako arrazoi bitxiagatik, aurre egin behar diete antzeko arazoei. Kolibriek urarekin duten arazoa ez da arazo makala. Izan ere, uretan bizi diren anfibioek baino ur-sarrera handiagoak jasaten dituzte.

Kolibrien hesteak nektarraren ur osoaren zati txiki bat bakarrik zurgatzen duela uste zuten hasieran, baina gero frogatu da ezetz, gehiena zurgatzen duela. Ez zen ideia txarra, hala ere, horixe baita Nectariniidae familiako eguzki-txoriek[2] egiten dutena.

Zurrupaturiko uraren %80 zurgatzen dute kolibriek eta beraz, giltzurrunak kanporatu behar du ur gehiena. Hortaz, oso eraginkorra da euren giltzurruna, eta oso malgua gainera; azken batean, egunez lan handia egin behar badu ere, gauez ia ez du lanik egiten, lozorroan sartzen baitira kolibriak eta giltzurrunak ia ez baitu gernurik sortzen.

Hala eta guztiz ere, urarena ez da arazo txikia, giltzurrunak mugak baititu, oso eraginkorra eta ahaltsua bada ere. Izan ere, litekeena da kolibriak toki beroetan bizitzera behartuta egotea. Toki hotzetan bero gehiago galtzen dute animalia homeotermoek eta hori dela eta, gehiago jan behar dute toki hotzetan beroetan baino (ikus “Soldaduak”). Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, askoz ere ur gehiago prozesatu beharko bailuke giltzurrunak. Hortaz, ingurune hotzetan jarritako kolibriek pisua galtzen dute, gehiegizko ur-arazoa dela medio jan ezin baitezakete beharko luketen nektar guztia

Lehen esan bezala, bestelakoa da eguzki-txorien jokaera fisiologikoa. Eguzki-txoriek ez dute zurgatzen zurrupatu duten ur guztia, %60 bazter baitezakete. Ez dakigu zein den hori egiteko erabiltzen duten mekanismoa, baina badakigu txori horientzat behar-beharrezkoa dela horrela jokatzea, bizi diren tokietan hotza egiten baitu askotan.

Halakoxe korapiloak ditu bizitzak: tamaina, tenperatura, giltzurrun-funtzioa eta elikatze-modua, -lau faktore horiek batera- kolibrien banapen geografikoa baldintzatzen dute. Bai korapilo ederra!

Erreferentzia: C. Martínez del Rio, J. E. Schondube, T. J. McWhorter, and L. G. Herrera (2001): Intake Responses in Nectar Feeding Birds: Digestive and Metabolic Causes, Osmoregulatory Consequences, and Coevolutionary Effects; American Zoologist 41 (4): 902-915.


[1] Larruazal iragazkaitza da lehen hesia; gernu bolumen handia ekoizteak eta gernuko gatz-kontzentrazioa oso apala izateak osatzen dute bigarren hesia; eta gatzen barneratze aktiboa dugu hirugarrena. Azken hau da, izan ere, urez pozoitzea eragozten duena, barne-medioaren diluzioaren aurkako berezko mekanismoa baita.

[2] Familiaren izen zientifikoak dioen bezala, nektar-jaleak dira txori horiek ere.

Oharra: argazkia, hemendik hartu dugu.

Iruzkin bat honentzako: Nektarra jateak dakarren korapiloa

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>