Denbora urrea da

Cyclorana platycephala igelari buruz aritu gara hemen, “Ur-ontzia den igela” izenburuko sarreran. Oraingo honetan, genero bereko beste igel bati buruz arituko gara, Cyclorana alboguttata igel australiarraz hain zuzen ere. Bere lehengusina bezala, toki idorretan bizi da eta lokatzezko geruza duen zibot baten barruan ematen du denbora gehiena. Udako euriak datozenean bakarrik berpizten da, baina zenbait udatan euririk egiten ez duenez, hilabeteak edo urteak eman ditzake estibazio-egoeran, zibotaren barruan.

Denbora luze ezer egin gabe egon ondoren, muskulu-atrofia pairatu behar izaten dute animalia gehienek. Eta antzeko zerbait gertatzen da digestio-sistemarekin. Erreginatxo marradunaren istorioan ikusi genuen bezala, digestio-hodia atrofiatzen du txori horrek migrazioan, atrofiaturik askoz gutxiago gastatzen baitu eta horrela aurrezten duen energia hegaz egiteko erabil baitezake. Atrofia-egoera horiek onuragarriak dira, energia eta bestelako baliabideak aurrezten laguntzen baitute, baina badituzte kontrakoak ere. Atrofiaturik egonik, ez muskuluak ez eta digestio-sistema ezin erabil daitezke ingurune-baldintzak egokiak bihurtzen diren unean; denbora-tarte bat behar izaten baita funtzionalitate osoa berreskuratzeko.

Hori horrela, pentsatzekoa da antzeko zerbait gertatzen zaiela gure igelei. Baina Cyclorana igelei ez zaie horrelakorik gertatzen, euria heltzen den unean mugitzeko eta jateko prest baitaude, eta normaltasun osoz egiten baitute.  Dirudienez, ondo ezagutzen ez diren mekanismoak tarteko, muskuluen eta digestio-sistemaren zelulen aktibitatea garai samar mantentzen da estibazioan zehar. Hori bai, horrek ez dakar metabolismo-jarduera eta metabolismo-gastu handiegirik. Izan ere, estibazio-egoera hasi eta berehala jaisten da metabolismoa. Hortaz, bizimodu arruntari dagokion metabolismo-tasaren %20ra irits daiteke aste gutxiren buruan eta kontuan hartu behar da, gainera, Cyclorana-ren bizimodu aktiboari dagokion tasa metabolikoa oso apala dela berez. Bistan da zelula horien metabolismo-jarduera oso eraginkorra, efizientzia handikoa dela, energia eta oxigeno gutxi, oso gutxi erabiliz egiten baitute egin beharreko lana. Lehen esan bezala, efizientzia garai horren mekanismoa ezezaguna da, baina ba omen du zerikusirik mitokondrioetan gertatzen diren metabolismo-bideen ezaugarriekin.

Edozelan ere, bestelakoa da, gure ustez, azpimarratzeko kontua. Mekanismoari baino, moldapenaren balioari erreparatu behar zaio kasu honetan. Euri jasen ondoren, zibotatik irten, jan, gizendu eta ugaldu egin behar dute igelek, baina kontuan hartu behar dugu denbora-tarte laburra -aste gutxi batzuk- dituztela horretarako. Beraz, berebiziko garrantzia du atrofia-egoeratik berehala irteteak, oso denbora labur eta mugatuan osatu behar baitute bizi-ziklo osoa. Denbora urrea da, bai, Cyclorana igelentzat batez ere.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>