Eskua dirudien eta begiaren lana egiten duen sudurra

Izenburu hori erabili zuen 1999an K. C. Catania zoologoak Journal of Comparative Physiology aldizkari ospetsuan sator sudur izarkaradunari buruzko bere ikerketak aurkezteko. Bitxietan bitxia da izan ere sator sudur izarkaradunaren itxura, argazkian ikus daitekeenez: aurreko hanka handi eta izar itxurako sudur larrosa horrekin. Askotan gertatzen den moduan, ezaugarri morfologiko bereziek badute funtzio bereziren bat lotuta. Ikus dezagun.

Sator sudur izarkaradunak satorrek osatzen duten Talpidae familiakoak dira eta Condylura cristata da bere izen zientifikoa. Estatu Batuetako ipar/ekialdeko gune hezeetan egiten dituzten zuloetan bizi oi diren ugaztun txiki hauek har dezaketen luzerarik handiena 20 cm da, eta 55 g inguru pisatzen dute helduek. Sator hau hain da berezia, bera bakarrik baitago Condylura generoan. Bere itxura bereziaren ezaugarririk behinena, dudarik gabe,  duen 22 luzakin/garro arrosa eta mugikorrez osatutako “sudurra” da. Garro horiek 3 hartzaile sentsorial mota desberdin dituzten Eimer organoz josita daude (ikus beheko irudia). Sator mota askotan aurki ditzakegu Eimer organoak. Izan ere, sator europearrean aurkitu zituen estreinakoz Theodor Eimerrek 1871ean organo hauek. Baina sator sudur izarkaradunaren kasuan garroetan daude kokatuta, eta zenbaki izugarri handietan: zentimetro koadrora heltzen ez den izarraren azalera horretan 25.000 inguru Eimer organo daude, eta horiekin lotuta 100.000 nerbio-zuntzetik gora.  Inerbazio-maila ikaragarri horrek sudurra  “supersentikorra”  izatea eragiten dute nonbait.

Sator sudur izarkaraduna itsua izan arren duen sudur bereziari esker harrapakin txikiak ehizatzen oso trebea da. Eta hala behar du izan, berez sator guztiak bezala metabolismo-tasa oso garaiak agertzen baititu (ugaztunen artean altuenetarikoak) eta beharrizan metaboliko horiek mantentzeko energia asko eskuratu behar da. Gainera, sator sudur izarkaradunak bizi diren inguruko negu hotzei aurre egiteko energia gehigarria behar da, eta beraz harrapari asko ehizatu behar dituzte. Eguneko, ia bere pisua haina jaki kontsumitzen dutela kalkulatu da, eta horretarako lurreko zizareez gain hezegunetako lokatzetan bilatu behar dituzte ornogabe txiki zein intsektuen larbak. Bilaketa-lan horietan ezinbestekoa omen da sudur izarkaraduna. Izatez, sudurra ez da usaimen organoa, eta ezta esku edo hanka lagungarria, ezagutzen den ukimen-organo harrigarrienetariko bat baizik. Lanean ari denean (ikus bideoa: a twenty two tentacle nose izenekoa) izarraren mugimenduak hain dira azkarrak non ezin den organoa begi bistaz argi ikusi: guk ingurua gure begien mugimenduarekin aztertzen dugunaren antzera, sator hauek euren izarra lekuz aldatzen dute inguruan zer dagoen hautemateko. Segunduko 12 alde desberdin ukitzen/miatzen ditu eta aurkitzen dena aztertu eta baloratu egiten da, eta irensteko modukoa den ala ez erabaki. Aztertzeko moduko zerbait hautematen dutenean ahotik hurbilen kokatzen diren garro txikienak kokatzen dira aurkitutakoaren gainean azken balorazioa egin ditzaten, eta akaso, irentsi. Nature aldizkariaren arabera, harrapakinak irensten azkarrenetarikoa den animalia dugu sator sudur izarkaraduna, 120 milisegunduro jan baititzake bizirik dauden jakiak. Animalia honen entzefaloak 8 ms baino ez ditu behar harrapakina jangarria den ala ez erabakitzeko: tarte hestu hori nerbio-bulkadaren transmisio-abiadura maximoaren inguruan dago! Beste modu batera esanda, ia ezinezkoa da azkarrago erantzutea

Oharra: star-nose mole ingelesez eta topo de nariz estrellada gazteleraz deritzon Condylura cristataren sator sudur izarkaraduna euskerazko izena, gure lankidea  eta kontu hauetan maisu den Jesus Mari Txurrukari diogu zor. Berak luzatu digu, halaber, National Geographicetik hartutako izarraren argazkia, non Eimer organoak horren dotore ikus daitezkeen

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>