Arratoi gizena

Psammomys obesus du izen zientifikoa. Halako izen espezifikoa! Baina, dirudienez, ondo merezita du, arrak batez ere. Afrikako ipar-ekialdean eta ekialde hurbilean bizi da, hau da, Algeriatik ekialdera eta Itsaso Gorriko bi kostaldeetatik hurbilen  dauden herrietan. Izatez, ez da arratoia, jerboa baizik, eta oso ezaguna biomedikuntzaren zenbait esparrutan.

Basamortuetan bizi da, landare gutxi eta ur gutxiago dauden tokietan. Atriplex halimus izen zientifikoa duen  lur gazitako sastraka da bere oinarrizko jana. Landare horiek jaten ditu, toki idor horietan hazten diren landareak, hain zuzen ere, eta landare horien multzoak dauden tokietan ditu bere zuloak. Oso landare eskasak dira, elikatze-balio apalekoak. Izan ere, arratoi gizena da landare horiek baliatzen dituen animalia bakarra edo bakarrenetako bat. Hortaz, bera bizi den tokietan ez dago lehiakiderik, ez baitago landare hori jaten duen beste animaliarik. Aktibate apaleko animalia dugu; gazi-sastrakak jango dituen beste animaliarik ez dagoenez, “astiro” bizi daiteke. Astiro bizitzen energia gutxiago gastatzen du, eta horrek mesede egiten dio hain toki beroetan bizi ahal izateko, aktibitate garaiak dakarren beroa dispatzea ez baita erraza.

Lehen esan bezala, oso landare eskasak dira arratoi gizenak jaten dituenak. Hori, seguraski, aktibitate apalekoa izateko beste arrazoi bat da. Baina horrek badu ondorio tamalgarri bat: gatibu mantentzen direnean, oso erraz loditzen dira, loditu eta gainera, II motako diabetesa hartu; hau da jakiak eta jateko ohiturek sorturiko diabetes mota, hain zuzen ere. Hori gertatzen zaio jakiaren aldaketagatik, laborategian pentsuak eta zerealak ematen baitizkiote. Hori dela eta, arratoi gizena oso erabilia izan da gizentasunari eta diabetesari buruzko ikerketetan eredu biologiko gisa. Egun  soilik bi hazkuntza-leinu artifizial mantentzen dira munduan,  izan ere, ez da erraza gatibu mantentzea, diabetesak jota erraz hiltzen baitira.

Arratoi gizenak ez du urik edaten. Landareen egunsentiko garoa miazkatuz eta landaren ehunetatik ateratzen du behar duen ur guztia. Alde horretatik, oso antzekoak dira bere ur ekonomia eta hemen ikusia dugun kanguru-arratoiarena. Ez batak eta ez besteak ez dute urik edaten eta ura aurrezteko erabiltzen duen mekanismorik eraginkorrena giltzurruneko ur-birxurgapena da, oso gernu kontzentratua sortzen baitu. Izan ere, 17 bider handiagoa da gernuko solutu-kontzentrazioa odolekoa baino. Oso balio garaia da hori; gogora dezagun 14 bider handiagoa zela kanguru-arratoiaren gernuko solutu-kontzentrazioa odol-plasmakoa baino; hau da, apur bat handiagoa. Horrek, seguraski, jaten dituen landareekin du zerikusia, gatz edukin garaiko landareak baitira Atriplex halimus gazi-sastrakak.

Ezaugarri horiek ikusita, argi dago gazi-sastrakak jateko moldapen oso bereziak garatu dituela jerbo honek. Oso eraginkorra da, eta baliabide hori ustiatzen duen belarjale bakarra.

Oharra: hemendik hartu dugu argazkia.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>