Mamutaren odola

Mamutez (Mammuthus generoa) aritu izan gara hemen dagoeneko. Toki hotzetan bizitzeko moldapen nabarmenak zeuzkaten. Ilaje lodia eta koipetsua, eta belarri eta buztan txikiak ziren beroa gordetzeko (ez galtzeko) moldapen horiek. Horiexek dira oraingo elefanteekin erkatuz gero, ikus litezkeen desberdintasun morfologiko argienak.

Orain dela gutxi mamuten beste moldapen baten berri izan dugu. Kasu honetan ez dagokio mamutaren anatomiari, bere fisiologiari baizik. Baina, -pentsatuko duzu, irakurle-, nola jakin daiteke mamuten fisiologiari buruzko zerbait, duela milaka urte desagertu baziren! Egungo bioteknologiako metodoei zor diegu iraganeko animalia horren fisiologiari buruzko informazioa eskuratu ahal izana. Ondoren azalduko dugu kontua.

Duela berrogeita lau mila urte inguru hil zen mamut baten aztarnen ADNa hartu dute bere sekuentzia (ADN) anplifikatzeko eta ezagutzeko. Horrela lorturiko ADN katetik hemoglobina kodifikatzen duten zatiak (loci) hartu dira eta Escherichia coli bakterio ezagunaren genoman txertatu dituzte, bakterioek “loci” horiek transkriba ditzaten eta dagozkion proteinak -hemoglobinaren kateak kasu honetan- sintetiza ditzaten. Ohikoak diren esperimentuak egin dira  gero horrela erdietsiriko hemoglobinarekin, bere ezaugarriak ezagutu ahal izateko.

Ikertzaile-taldeak interes berezia zuen hemoglobinaren funtzioaren eta tenperaturaren arteko harremanean. Izan ere, arnas pigmentuen oxigenoarekiko kidetasuna jaitsi egiten da tenperatura goratzen denean. Hori dela eta, tenperatura apaletan oxigenoarekin konbinatuta gelditzeko joera dute arnas pigmentuek eta hori, mamutaren hemoglobinaren lanarentzat, eragozpen handia izan zitekeen.

Mamutak animalia homeotermoak ziren, hau da, konstante mantentzen zuten barne tenperatura. Hala ere, tenperaturaren egonkortasun hori ez da osoa izaten. Hotza egiten duenean, gorputzaren luzakinak hoztu egiten dira; bestela energia gehiegi beharko litzateke gorputzaren luzakinak ere bero mantentzeko. Pinguinoen kasua, esaterako, oso argia da, izotzaren gainean dauden oinetatik bero handia galtzeko arriskua baitute; horregatik gelditzen dira zerotik hurbil, ez dituzte berotzen. Mamuten kasua ez zen, seguraski ere, hain muturrekoa, baina kontu segurua da hankak eta tronpa, neurri txikiagoan, hoztu egiten zitzaizkiela. Hori horrela, elefante baten hemoglobinak ez luke askatuko oxigenoa, konbinatuta geratuko bailitzateke hotzaren eraginez.

Mamutaren hemoglobinaren eta oxigenoaren arteko konbinatze/askatze hori aztertu dutenean behatu dute mamutaren hemoglobina eta elefantearena desberdinak direla. Mamutaren hemoglobina, baldintza fisiologiko arrunten menpe, ondo deszamatzen da tenperatura hotzetan, elefantearena tenperatura beroan deszamatzen den neurri berean. Beraz, desberdintasun molekular txiki bati esker mamuten hemoglobinak oxigenoa aska zezakeen elefantearen hemoglobinak aska ezin izango zuen baldintzen menpe. Garrantzi handiko moldapena zen, izan ere, zeren oxigenoa zeluletara ondo iristeko ezinbestekoa baita pigmentuaren zamatze/deszamatze jarduera hori behar bezala gertatzea. Bestela oxigenoa hartu zukeen biriketan, baina gero gorde egingo luke hanketan eta hankek ez lukete izango energia-sustratuak metabolizatzeko modurik.

Erreferentzia: Kevin I. Campbell et al (2010): “Substitutions in woolly mammoth hemoglobinconfer biochemical properties adaptive for cold tolerance”, Natur Genetics (advance online publication) (5 may)

3 iruzkin honentzako: Mamutaren odola

  • RNEko “A hombros de gigantes” saioko podcast-a entzuten ari nintzela izan dut honen berri gaur goizean. Bertan emandako informazio motza ederto zabaldu didazu artikulu honetan. Zur eta lur utzi nau honelako ikerketak nola egiten diren jakiteak: 44.000 urtetan izotzetan egon den mamut baten ADN sekuentzia anplifikatu eta bakteria batetan txertatu, zer nolako jokamoldea duen ikusteko… Benetan, aulkitik altxatu eta zuei zientzilari guztiei txalo eta txalo egiteko gogoa sartzen zait, zer egiteko gai zareten/garen ikasten dudan bakoitzean. Mila esker lan zientifiko hori guztia ezagutzera hain argi emateagatik.

  • JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS

    Zientzialariena, beste lan bat da, ez du besteonak baino meritu handiagorik edo txikiagorik. Baina Pedro Etxenikek dioen bezala, gizateriaren kultur lorpen kolektibo handiena da zientzia. Hau da, zientzialari solte (eta jenial) batzuk izan zenik, besteena ez da beste munduko gauzarik, baina talde-lantzat hartuz gero, ikaragarria da.
    Eskerrik asko iruzkinagatik.

  • […] This post was mentioned on Twitter by Juan Ignacio Pérez. Juan Ignacio Pérez said: "Mamutaren odola" sarrera berria "Uhandreak" bitakoran: http://bit.ly/bcNsZ9 […]

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>