And the grunion ran again…

Charles Bukowski idazle estatubatuarrak, arrain marmartia (Leuresthes tenuis) aipatzen du bere “Mockingbird Wish Me Luck” (1972) liburuko bi poematan. Horietako batean, “The hunt” izenburukoan hain zuzen ere, honelaxe dio:

and the grunion ran again

through the oily sea

to plant eggs on shore and be caught

by unemployed drunks

with flopping canvas hats

and no woman at all.

“Ran”, “run” aditzaren iraganaldia, erabili zuen Bukowskik poema horretan, arrain horrek arearen gainetik “ibiltzen” edo “korrika egiten” baitu. Ez beti, hori ez baita bere bizimodua, baina poeman irakur daitekeen bezala, kostaldean errutera (“to plant eggs on shore…”) irteten da uretatik. Portaera harrigarria da, uretatik kanpo erruten duen arrain bakarra baita.

Ilargi beteko eta ilargi berriko egunetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten bultzada baliatuz. Gero, ahal duen guztia urruntzen da uraren bazterretik. Emeak, burua gora begira mantentzen duen bitartean, zulo bat egiten du arean isatsarekin. Area bustita dagoenez, ez zaio gehiegi kostatzen zulatze-lan hori, eta bular-hegatsetaraino sartzen da egindako zuloan. Orduan, arrautzak jartzen ditu barruan (azaletik 10 cm-ra), eta hainbat ar, -zortzi ere izan daitezke-, inguratzen zaizkio eta euren espermatozitoak bertan askatu. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta hurrengo olatuaren zain geratzen da emea; uhina iristean zulotik irteten da eta berau ere, uretara itzuli. Arinen egiten duten arrainek, 30 segundutan burutzen dute eragiketa osoa, baina minutu batzuk uretatik kanpo egotera ere irits daitezke.

Kontuan hartu behar da arrainez ari garela eta arrainek, arrain gehienek, behintzat, eta hauek ere, brankien bitartez hartzen dutela arnasa. Bada, uretatik kanpo dauden aldi horretan ez dute gasik elkartrukatzen eta beraz, hipoxia-baldintzen menpe daude. Pentsa liteke oso denbora laburra dela, baina arrain horientzat ez da denbora laburra, txikiak baitira eta beraz, metabolismo-tasa garaia baitute. Ez da harritzekoa, beraz, hipoxiak beste zenbait espezietan eragiten duen erantzun bera eragitea. Ikus dezagun erantzun hori zein den.

Itsas ugaztunek, urperatzen direnean, oxigeno-biltegi moduko bi erabiltzen dituzte, alegia odolaren globulu gorrien kopuru handia batetik eta muskuluko mioglobina-kontzentrazio garaia bestetik. Hala ere, baldintza mugagarriak dira, hipoxia egoeran baitaude; ez zaie komeni oxigeno gehiegi gastatzea. Hortaz, itsas ugaztunek bi modutara aldarazten dute zirkulazio-sistemaren funtzionamendua. Batetik bradikardiara jotzen dute; hau da, bihotz-taupadaren frekuentzia beheratu egiten dute nabarmen. Eta bestetik, zirkulazio periferikoa murriztu egiten dute, periferiako odol-hodi asko itxiz. Era horretara, bihotzak askoz lan gutxiago egiten du eta guztiz ezinbestekoak ez diren organoetara ez da oxigenorik bideratzen. Garunaren oxigeno- emaria bermatuta dago, jakina, bai eta igeri egiteko ezinbestekoak diren muskuluena ere, baina guztira, nabarmen beheratzen da oxigeno-kontsumoa.

Bada, arrain marmartiak berdin jokatzen du uretatik irteten denean. Azken batean, hauek ere, airean egonik, hipoxia-egoeran daude eta bistan da hipoxiari berdin egiten diotela aurre batzuek eta besteek, lehorrekoak uretan sartzen direnean eta urtarrak uretatik irteten direnean. Hortaz, esan beharra dago arrain hegalariak ere berdin jokatzen duela, baina hegalaria askoz denbora laburrago mantentzen da uretatik kanpo, istripu baten erruz ez bada, noski.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>