Arrainak vs. zefalopodoak

Zefalopodoek milaka urte daramate itsasoetan. Arrainak sortu baino lehen, eurak ziren itsasoetan harrapari nagusiak. Zefalopodoak ziren aktibitate-maila garaiena garatzen zuten animaliak. Baina gero, arrainak sortu ziren, uretako ornodunak, lehen ornodunak. Eta gailendu egin ziren. Sortu eta berehala lortu baitzuten sekulako arrakasta; arrainak bilakatu ziren harrapari nagusiak eta zefalopodoak bigarren plano batean geratu ziren.

Arrainen arrakasta horren gakoa da hemen, laburki, aztertu nahi duguna. Litekeena da oxigenoa izatea gako hori, edo hobeto esan, oxigenoarekin zerikusi handia duten fisiologia-ezaugarriak izatea gakoa.

Zefalopodoen igeri egiteko modua ikusgarria da, benetan, eta oso trebeak dira. Baina ez da bat ere eraginkorra arrainen igeri egiteko moduaren alboan. Zefalopodoen jet-propultsioko igeriketa oso garestia baita. Energia asko kontsumitzen du eta, energiarekin batera, oxigeno asko. Izan ere, zefalopodo batek arrain batek baino lau bider oxigeno gehiago kontsumitu behar du abiadura bera lortzeko.

Energia gehiago kontsumitu behar izatea, berez, kontrako argia da janari-gertutasuna mugagarria denean (eta ia beti izaten da mugagarria janaria). Baina baliteke energia baino gehiago oxigenoa izatea kasu honetan gakoa. Alde batetik abiadura bera garatzeko lau bider oxigeno gehiago erabili behar baitute zefalopodoek arrainek baino. Garrantzi handikoa izan daiteke hori, noski, baina horrez gain, zefalopodoen odolaren oxigeno-kapazitatea arrainena baino askoz apalagoa da. Izan ere, %5-koa da zefalopodoena eta %10ekoa arrainena. Horren ondorioz, askoz oxigeno gehiago eskura dezakete kanpo-mediotik arrainek zefalopodoek baino, bikoitza, zehatzago izateko.

Zefalopodoen arnas-pigmentua hemozianina da eta arrainena hemoglobina. Gainera, globulu gorrien barruan gordetzen dute arrainek, baina zefalopodoek disolbatuta dute plasman. Hori dela eta, zefalopodoek ezin izango lukete eduki hemozianinako kontzentrazio garaiagorik, zeren pigmentua disolbatuta egonik bere kontzentrazioa handituko balitz odolaren biskositatea garaiegi izango bailitzateke.

Laburtuz, arrainek garatu zuten igeri egiteko modua batetik eta arnas pigmentuaren ezaugarriak bestetik, gakoak izan bide ziren ozeanoetako harrapari nagusi gisa gailendu ahal izateko.

Oharra: irudia Ozeana webgunetik hartua dago

5 iruzkin honentzako: Arrainak vs. zefalopodoak

  • Juan Carlos Odriozola

    Egia al da olagarroek arraine batzuej baina adimen handia dutela. Badakigu oso zaila dela adimen-neurri objektiboak erabiltzea, baina…

  • JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS

    Nik esango nuke baietz, baina egia esan, ez dakit, eta ez dakit neurtzerik ote dagoen.

  • Juan Carlos Odriozola

    Egia al da olagarroek arrain batzuek baina adimen handia dutela? Badakigu oso zaila dela adimen-neurri objektiboak erabiltzea, baina, deigarri gertatzen zait eboluzioan aurrerago dauden (beranduagokoak diren) arrain horiek adimenean “atzera” egotea. Askotan gertatzen ote da “desfase” hori animalien artean?

  • Juan Carlos Odriozola

    Honen antzerako zerbait esan zigun aspaldi Pilik, Txema eta biok bere Burgoseko etxean egon ginenean. Ordutik, Txema liluraturik dago eboluzio/adimen lotura hori dela-eta.

  • JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS

    Garaikideagoak izateagatik ahalmen handiagoa edukitzearen ideia hori ez da zuzena. Eboluzioa ez da aurreratze sistematikoa.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>