Hegaztien esnea

Ugaztunen ezaugarri behinenetako bat, esnea ekoizteko ahalmena dugu. Balio handiko ezaugarri fisiologikoa da, kumeen elikatzea horrela ez baita geratzen egunez eguneko janari-eskuragarritasunaren menpe. Hau da, naturan, elikagai-gertutasuna aldakorra izan daiteke sasoi emankorretan ere. Hori dela eta, esnerik ekoizten ez duten animaliak aldagarritasun horren menpe daude euren kumeak elikatzeko orduan. Izan ere, janaririk gabeko aldiak luzeegiak izan daitezke zenbait kasutan. Jakina, ingerituriko energia eta elikagaietatik dator esnea, baina lehendik pilaturiko erreserbetatik ere. Hortaz, gerta daitezkeen janari-gertutasunaren aldaketen nolabaiteko tanponatzea ahalbidetzen du esneak eta hori, bistan da, ona da kumearen biziraupen-probabilitaterako.

Ugaztunak ez dira, baina, esnea ekoizten duten animalia bakarrak. Bi hegaztiren kasuan behintzat esnea ekoizteko ahalmena aurkitu baita. Pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Gogora ekarri behar dugu beste sarrera batean pinguino enperadoreari buruz azaldu genuena. Pinguino arrak arrautza txitatzen oso denbora luzea ematen du, emea, papoa beterik, itsasotik itzuli arte. Pinguino arrarentzat oso aldi gogorra da txitatze-aldia, baraurik, tenperatura hotzenen menpe egon behar baitu. Emearentzat ere, abentura ez da nolanahikoa; itsasoraino joan behar du, itsasoan ahal duen guztia jan, eta gero itzuli arrarenera. Gogorra da bidaia eta gainera, atzeratu ere egin daiteke zenbait kasutan. Bada, estualdietarako irtenbiderik egongo ez balitz, erabateko ondorioak izango lituzke atzerapenak. Hau da, txitoa arrautzatik irten ondoren pinguino emea beranduegi heltzen bada, txitoa hil daiteke janaririk ez edukitzeagatik. Hori horrela, garrantzi handikoa da egoera horretarako irtenbide bat izatea eta, kasu honetan, esnea da irtenbidea. Baina esnea, oraingo honetan, arrak sortzen du, arra baita arrautza txitatzen gelditzen dena. Pinguinoaren hestegorriak ekoizten duen esnea, esne berezia da, baina ugaztunen esneak betetzen duen zeregin bera betetzen du.

Pinguinoak ez dira, hala ere, esne mota hori sor dezaketen hegazti bakarrak: usoek ere egiten dute. Usoen kasuan, baina, papoak sortzen du esnea eta hori dela eta, “papo-esnea” esaten zaio. Usoen esnearen konposizioa eta ugaztunena, gainera, antzekoak dira eta hori gutxi balitz, horra beste kontu bitxi bat: ugaztunen hormona berak eragiten du ekoizten hastea, prolaktina alegia.

2 iruzkin honentzako: Hegaztien esnea

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>