Serengetiko herbiboro handien migrazioak

Afrikan, iraganean, ugariak ziren herbiboro handien migrazio luzeak; orain, berriz, oso gutxi gelditzen dira, eta gelditzen direnak, Serengetin eta antzeko beste zenbait ekosistematan.  Serengetin ugaztun belarjale asko daude oraindik eta horietako batzuek migratu egiten dute.

Serengetin urteko migrazio handi bat gertatzen da. Migrazio horretan esku hartzen duten belarjaleak hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretik leku hezeetara. Euri-sasoian nahikoa ur dago txoko guztietan eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak lehen eta ibaiak gero lehortu egiten dira. Putzu txiki batzuk baino ez dira gelditzen. Uraren ingestioaren ezmenpekoak diren belarjaleek ez dute migratzen, gelditu egiten dira. Besteak, ordea, bai. Gero, sasoi hezea itzultzen denean hego-ekialdera bueltatzen dira.

Uraren beharren araberakoak dira, beraz, Serengetin gertatzen diren migrazioak. Ñu urdinak eta zebrak migratzen dute. Ura edan behar dute; uraren menpekoak dira eta horrexegatik migratzen dute. Sasoi beroan egunero edo bi egunetan behin behintzat edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik.

Grant-en gazela eta antilope ipotxa (dik-dik), berriz, ez dira ura edatearen menpekoak eta beraz, ez dute migratu behar ur bila joateko. Ur ekonomiari dagokionez, desberdintasun nabariak daude ñu urdinaren eta Grant-en gazelaren artean. Ñu urdinak, esaterako, gerizpeak bilatzen ditu, bai eta bero egiten ez duenean ere, baina Grant-en gazelak ez du behar. Batak itzalpea bilatzen duenean ur-lurruntzeari egin nahi dio aurre; besteari, berriz, berdin dio. Grant-en gazelaren urarekiko ezmenpekotasun horri esker asko urrun daiteke ur-iturrietatik eta beste belarjaleek ustia ezin ditzaketen baliabideetara irits daiteke horrela.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>