Basamortu lehorreneko ugaztunak

Hiru espezie ditu Oryx generoak, Oryx gazella (lurmuturreko orixa), Oryx beisa (orix beixa) eta Oryx leucoryx (orix arabiarra). Hirurak bizi dira toki lehorretan, munduko leku idor eta beroenetan, seguraski. Oryx generoko espezieak bizi diren basamortuetan kasik ez du euririk egiten, urtean behin gehienez ere.

Jakina, horrelako tokietan bizitzeko moldapen bereziak behar dituzte, ura aurrezten oso eraginkorrak diren moldapenak, gainera. Hasteko, ura lortzeko dituzten aukera guztiak baliatzen dituzte. Ahal dutenean ura edaten dute eta, inoiz, erreketako ubide lehorretan indusketak ere egiten dituzte ura bilatzeko. Denbora luze igaro daitezke urik edan barik; izan ere, egiaztaturik dago 34 hilabete egon daitezkeela horrela, baina adituek uste dute hiru urtera arte ere egon daitezkeela urik edan gabe.

Basamortuetan bizi diren beste ugaztunek bezala, ur metabolikoa baliatze dute uraren beharren zati bat asetzeko, baina behar guztien %25 baino gehiago ez dute asebetetzen horrela. Janaritik ere ura ateratzen dute. Orixek basamortuko arboletako (akaziak) hostoak jaten dituzte eta belar lehorrak ere; harrigarria bada ere, akazietako hostoek %50-%60-ko ur edukia dute. Bestalde, jokaerak ere garrantzi handia du; esaterako, egunsentian eta egunak argitu aurretik jaten dute, ordu horietan baita garaiena landare idorren hezetasuna. Eta gainera, zulo handiak (1 m) egiteko ahalmena dute eta %50-ko ur edukia duten landareen sustraiak edo tuberkuluak eskura ditzakete horrela.

Ura lortzeko moldapenak ez dira orixek erakusten dituzten aparteko ezaugarri bakarrak. Ura aurkitzeaz gain, ura aurrezteko moldapenak ere badituzte antilope hauek. Tenperaturaren eraentzeari dagokio horietako bat; izan ere, eta dromedarioek egiten duten bezala, orixek ez dute mantentzen guztiz konstante gorputzaren tenperatura. Neguan ingurune-tenperatura 13ºC eta 27ºC-en artean alda daiteke, eta orixen gorputzena 37’5 ºC eta 39’1º C-en artean; udan, berriz, 29º C eta 44º C-en artean dago ingurumeneko tenperatura, eta gorputzarena, 36’5º C eta 40’5º C-en artean alda daiteke. Udan, gorputz-tenperatura goratzeari uzten diote, eta ur asko aurrezten dute horrela. Egunean zehar gorputz-tenperatura aldatzen uzten dutenez, gorputza hozteko ez dute jo behar ura lurruntzera eta gero, gauez, tenperatura jaisten denean hozten dira; hau da, gorputz-tenperatura ez dute beheratzen ura lurrunduz, irradiazioz eta konbekzioz jaisten baita. Horri esker, 0’3 l aurrezten dute eguneko. Gainera, barne-tenperatura 40’5ºC-tara eramanez, 4ºC-ko tenperatura-gradientea geratzen da; bestela 7ºC-koa izango litzateke eta bero gehiago sartuko litzateke. Oso tenperatura garaia da 40’5 ºC, garunerako batez ere, baina kontuan hartu behar da toki beroetako ugaztunek badutela garuna hozteko sistema berezi bat, arteria karotidaren “rete mirabile” bat hain zuzen ere (ikusi Thomson Gazelaren beroaldia).

Eta azkenik gernuari erreparatu behar zaio, Oryx generoko antilopeek oso gernu bolumen txikia kanporatzen baitute. Hori dela eta, iraitzi behar duten nitrogeno-hondarra oso kontzentrazio garaian geratzen da gernuan, ur-bolumen handia birxurgatzen baitute giltzurrunean. Izan ere, 8 aldiz kontzentratuago dago gernua odola baino; hori baino kontzentrazio garaiagorik ere bada animalietan zehar, baina ugaztun handien artean dik-dika (Madoqua kirkii izen zientifikoa duen antilope ipotxa) da gernu kontzentratuagoa sortzen duen bakarra, 12 aldiz kontzentratuago baitago antilope horren gernua odola baino.

Orixak ondo baino hobeto daude toki idorretan bizitzeko moldatuta, berezi samarrak baitira jokaera eta fisiologiaren aldetik. Bere tamainako beste animalia gehienek baino eraginkorrago jokatzen dute ura lortzen eta ura aurrezten. Argi dago bestela ezin izango liratekeela bizi munduko tokirik lehorrenetan.

Iruzkin bat honentzako: Basamortu lehorreneko ugaztunak

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>