Hegaztien berogailuaren faktura

Duela gutxi egin den hegaztien mokoen azterketa zabal baten arabera, luzeagoak dira klima beroko hegaztien mokoak klima hotzekoenak baino.

Orain arte, elikatzeko eta bikotekidea erakartzeko dituen zereginei egotzi izan zaie hegaztien mokoaren itxura eta tamainaren aldagarritasunaren azalpena, baina tukanaren mokoarekin hemen ikusi genuen bezala, beroa xahutzeko organo garrantzitsua izan daiteke mokoa. Hona ekarri dugun lanean, 214 espezie aztertu zituzten, talde askotakoak. Eta behatu zuten mokoaren tamainaren eta hegaztia bizi den latitude eta garaieraren arteko harremana zegoela. Izan ere, tenperatura apalagoa den heinean, txikiagoa da mokoaren luzera; horixe da aurkituriko araua.

Azterketaren egileen arabera, tamaina handiko mokoak bero handia xahutzeko organo gisa bilakatu badira ere, aurkitu duten harremanaren eragilea hotza da; hau da, euren ustez, tenperatura hotzek muga hertsia ezartzen dute mokoaren tamainan. Ikertzaileen hitzak erabiliz, zentzugabea litzateke toki hotzetan moko luzeak edukitzea, berogailu bat kanpoan eramatea bezain zentzugabea. Toki hotzetan berogailua kanpoan jartzeak nabarmen goratuko luke berogailuaren faktura; bada, era berean, eraenketa termikoari legozkiokeen kostuak handiegiak izango lirateke toki hotzetako hegaztien mokoa handia izango balitz.

“Allen-en araua” izenekoari babesa eman diote hemen aurkeztu ditugun emaitzek. Hemeretzigarren mendean proposaturiko araua da, eta horren arabera, toki hotzetan beroetan baino txikiagoa da gorputz-luzakinen (gorputz-adar, belarri, buztan eta mokoen) tamaina, luzakin horietatik bero handia gal baitaiteke.

Erreferentzia: “Birds reduce their heating bills in cold climates” izenburuko oharra, “e! Science News” weblogean irakurri genuen ekainaren 23an (2010). Australiako Melbourneko Unibertsitateko Matt Symondsek eta Kanadako Brockeko Unibertsitatean diharduen Gleen Tattersallek egin dute ikerketa, Melbourneko Unibertsitateak jakitera eman duen bezala.

Oharra: irudia, hemendik hartu dugu.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>