Hartzen neguko lozorroa

Aurreko sarrera batean esan genuen hartzek ez dutela hibernatzen, horretarako handiegiak baitira. Marmotak eta tamaina horretako beste ugaztun zenbaitek hibernatzen dute, bai, baina hartzek ez. Aski ezaguna da, hala ere, hartzek neguan habietan sartzen direla eta lotan bezala gelditzen direla, baina hori ez da hibernatzea, ez behintzat marmoten moduko hibernatzea.

Teknikoki, hartzek hibernatu beharrean neguko lozorroan sartzen dira. Ñabardura terminologikoa ez da berez horren garrantzitsua. Baina benetako hibernatzaileekin alderatuz, badaude ikuspuntu fisiologikotik garrantzitsuak diren zenbait desberdintasun, hurrengo lerroetan azalduko ditugunak.

Izatez, XVIII mendean ezaguna zen jada “hibernatzeko“ modu desberdinak zeudela. Buffon kondea bezala ezagunagoa den Georges Louis Leclerc-ek, bere “Histoire naturelle, générale et particulière“ liburuan hartzei buruzko atalean idatzi zuenez, “neguan zehar hartzak gordelekuetan ezkutatzen dira, baina muxerrak eta marmotak ez bezala, ez dituzte zentzuak guztiz galtzen eta ez daude zeharo baldartuta edo trakets“. Hartzek ez hibernatzearen zergatia izeneko  ekarpenean azaldu bezala, benetako hibernazioa gantz nabarra duten ugaztun txikietan baino ez da ematen. Baina,orduan, zer da neguko hilabeteetan  habietan gordeta hartzek egiten dutena?

Hasteko, esan beharra dago neguko lozorroa energia aurrezteko modu bat dela. Beraz, benetako hibernatzaileen antzera, jakia eskasa denean edo janaririk ez dagoen aldian energia aurrezteko estrategia dela esan dezakegu hartzen neguko lozorroa. Antzekotasunekin jarraituz, letargia horretan daudenean, hartzen arnasketa-tasa eta bihotz-taupadaren maiztasuna asko beheratzen dira (laurden batera edo bosten batera): bihotzaren uzkurtze-tasa, ohiko  minutuko 40-50 taupadatik  minutuko 8-10era jaisten da lozorroan.

Baina badaude fisiologikoko garrantzitsuak diren zenbait desberdintasun energia aurrezteko bi estrategia hauen artean, eta aipatu ekarpenean azaldu bezala, animalien tamainarekin erlazionatuta daude: Batetik, hibernatzaile txikiek aldizkako esnatzeak erakusten dituzte hibernazioan zehar, eta dirudienez derrigorrezkoak diren esnatze horietan, metaturiko hondakinak kanporatzen dituzte. Hartzak, ordea, ez dira sekula habitik ateratzen lozorroak irauten duen artean (3- 6 hilabete); eta bitartean ez dute ezer jaten, eta ez dute gernurik ez gorotzik ekoizten. Eta hala ere, Buffonek behatu zuen modura, ez dira benetako hibernatzaile txikiak sartzen diren egoera komatosora heltzen.

Bestetik, ezberdintasun garrantzitsuenak tenperaturarekin du zerikusia: hartzen kasuan, hibernatzaile txikietan ez bezala, gorputzeko tenperatura pixkatxo bat baino ez da beheratzen, ohikoa den 37-39ªCtik 31-35ra jaisten oi da lozorroan, eta beraz, inguruneko tenperatura baino askoz ere garaiagoa mantentzen da gorputzeko tenperatura. Horretan laguntzen dute hartzen tamanina handiak, lo dauden artean kiribilduta egotea, eta aurretiaz pilatu duten lipido geruza  eta udazkenean nabariki loditzen den ilaje isolatzaileak. Are gehiago, garuneko eta funtsezko organoen tenperatura balio ia normaletan mantentzen da lozorro osoaren iraupenean zehar. Beraz, benetako hibernatzaileekin erkatuz  hauxe da izan ere alderik behinena: gogora dezagun hibernatzaileetan gorputz-tenperatura kanpoko tenperaturaren ingururaino beheratzen dela, eta hain zuzen ere esnatze-aldietan soilik igotzen dela tenperatura gantz-nabarraren bero-ekoizpenari esker.  Izan ere hipotermia nabaririk ez erakusteagatik esaten da hartzak ez direla benetako hibernatzaileak, eta jarduera oso oso moteleko aldi horri beraz, neguko lozorroa deritzo bentako hibernazio-prozesuetatik ezberdintzatzeko.

Oharra: argazkia, hemendik hartu dugu

3 iruzkin honentzako: Hartzen neguko lozorroa

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>