Haginkadarik handiena

Planetako harrapari handienak dira egungo zeroiak (Physeter macrocephalus). Zefalopodoak bide dira euren harrapakin nagusiak; zeroiek urperatzeko eta sakonera handiko uretara iristeko ahalmena baliatzen dute ur sakonetan bizi diren txibiak harrapatzeko. Txibia erraldoien garroen markak ikusi izan dira zeroein larruazaletan eta marka horiek iradokitzen dutenak, alegia ur sakonetako bi kolosoen arteko talkak, gure irudimena pizten du oso erraz. Gustukoa baitugu txibia erraldoi eta zeroien arteko borrokak irudikatzea. Borroka horiek, baina, ez bide dira hain ugariak. Batetik oso ur sakonetara iritsi behar dira zeroiak txibia erraldoiak harrapatu ahal izateko; bestetik, txibia erraldoiek kalte handia egin diezaiekete zeroiei (markak dira horren froga argiena) eta azkenik, badira errazago harrapa ditzaketen beste txibia batzuk, Humboldten txibia edo antzekoak bezala.

Zeroiak, esana dago, harrapariak dira, baina harraparien artean nahiko bereziak dira. Hortzak dituzte; izan ere, hortzak dituzten animalia handienak dira. Baina soilik beheko masailezurrean dituzte, goiko hortz-lerrorik ez baitute. Gainera, hortzak ez dira batere zorrotzak. Hori dela eta, kaxaloteek ez dituzte zatitzen harrapakinak, ez dituzte tarrat egiten, hortzak ez baitira horretarako egokiak. Harrapakinak, zurrupatuz irensten dituzte, osorik edo ia osorik. Eta hortzak, dirudienez, zeroein arteko borroketan bakarrik erabiltzen dituzte.

Duela gutxi, egungo zeroien antzeko tamainako[1] espezie baten aztarna fosilduak aurkitu dituzte Peruko basamortuan. Espezie berria da Zientziarentzat eta 12-13 milioi urteko antzinatasuna dute aztarnek. Hortzeria da, izan ere, oraingo zeroien eta aurkitutako ezpezie berri horren artean dagoen desberdintasun handiena. Oraingo orkek dituzten hortz zorrotzak zituzten espezie aurkitu berriaren zeroiek, zorrotzak eta bi masailezurretan gainera; hortaz, orain arte ezagutu den haginkadarik handiena da zeroi fosildu horrena. Hori dela eta, aurkikuntza egin duten paleontologoek uste dute baleak zirela euren harrapakin nagusiak, ez balea handienak, baina ez zetazeo txikienak ere. Leviathan melville izena jarri diote espezie berri horri. Izen ederra, benetan!

Iturria: Olivier Lambert, Giovanni Bianucci, Klaas Post, Christian de Muizon, Rodolfo Salas-Gismondi, Mario Urbina & Jelle Reumer (2010): “The giant bite of a new raptorial sperm whale from the Miocene epoch of Peru” Nature 466: 105-108 (doi:10.1038/nature09067)

Oharra: irudia, hemendik hartu dugu


[1] Paleontologoek 13’5-17’5 m-ko luzera proposatu dute buruezurraren tamainan oinarrituta, eta egungo zeroi handienek 20 m-ko luzerakoak izan daitezke.

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>