Alkohol zaleak

Akohola gizakiaren laguna izan da milaka urtetik hona. Denek ez dute gustuko eta denek ez dute onartzen, baina asko gara alkohola duten edariak maite ditugunak. Ordea, gizakiok ez gara horretan bakarrak. Gainontzeko primateei eta beste ugaztun herbiboroei hartzituriko fruituak gustatzen zaizkie jateko aukera dutenean. Alkohola, fruitu helduek dute, elikagaietan aberatsak diren fruituek, eta jateko gogoan duen eragin sustagarria oso onuragarria da zenbait belarjalerentzat, janari-iturri iraungikorra dutenentzat batez ere. Hori dela eta, pentsatu behar dugu alkohola duten fruituak dituzten landareen eta beren kontsumitzaileen arteko koeboluzio-prozesu bat gertatu dela eta prozesu horren baitan alde bakoitzak, -landareak eta animalia kontsumitzaileak-, dagozkien elkarrenganako moldapen osagarriak garatu dituztela. Hortaz, landareek gero eta alhohol-edukin handiagoa ipiniko zuten loreen nektarrean edo fruituetan, eta herbiboroek alkohola onartzeko eta metabolizatzeko gero eta ahalmen handiagoa garatuko zuten. Animalientzako onura zein den esana dago, eta landareek lortuko zuten horrela polinizazioa eta hazien sakabanatzea erraztea.

Duela urte pare bat kontu honi buruzko ikerketa interesgarri bat argitaratu zen. Malasiako ohianetako palmondo (Eugeissona tristis) eta satitsu zuhaiztar baten (Ptilocercus lowii) arteko harremanaren ezaugarriak aztertu zituzten ikerketa horretan. Palmondoko loreak %3’8ko alkohol-edukina duen nektarra sortzen du dituen legamiei esker. Satitsuei eta, neurri txikiagoan, Nictycebus coucang loris geldoei loreetara heltzen uzten ez zitzaienean, normalean baino fruitu kopuru erdia ekoizten zuen palmondoak. Bestalde, ugaztun txiki horiek, bi orduko aldiak egoten ziren gauero (gautarrak dira) nektarrez elikatzen eta nektar hori zen, alde nabarmenarekin gainera, euren janari-iturri nagusia. Zoritxarrez, satitsuek baloratzen dutena alkohola ote den ez dago jakiterik, nektarreko beste osagai zenbait izan baitzitezkeen satitsuek benetan maite zutena, baina nolanahi ere, alkohola onartzeko ahalmen handia garatu dutela argi dago. Begira zein neurritan onartzen duten alkohola, tamainaren eragina zuzendu ondoren, bi orduko janaldi horietan satitsuek harturiko alkohola nahikoa eta soberan izango baitzen guregan izugarrizko mozkorra sortzeko.

Erreferentzia: Wiens, F., Zitzmann, A., Lachance, M., Yegles, M., Pragst, F., Wurst, F., von Holst, D., Guan, S., & Spanagel, R. (2008). Chronic intake of fermented floral nectar by wild treeshrews Proceedings of the National Academy of Sciences, 105 (30), 10426-10431 DOI: 10.1073/pnas.0801628105

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>