Dromedarioaren legendazko ur-biltegia

Plinio Zaharrak, bere Naturalis Historia liburuaren VIII liburukian honakoa zioen:  “Egarria jasaten dute, bai eta lau egunetan zehar ere, eta edateko aukerarik dagoenean, iraganagatik eta geroagatik betetzen dira urez; hori bai, ostiko eginez ura uhertu ondoren, bestela ez baitute urik edan nahi.” Plinio Zaharraren eta, seguru asko, bere garaikideen ustetan, dromedarioek ur biltegi bat baitzuten euren baitan. Mendeetan zehar bilatu izan dute biltegi hori, eta naturzaleek organo zenbait proposatu dituzte zeregin horretarako. Batzuek, esaterako, errumena zela uste izan zuten. Gero, ura metabolismotik lor zitekeela jakin zenean, konkorrean gordetzen ziren lipidoetatik atera zitekeela proposatu zuten beste zenbaitek. Horixe uste zuen, esaterako, gure biokimikako irakasle batek.

Horrelako ideiak ziren nagusi Schmidt-Nielsen fisiologo handiak kontua aztertu zuen arte. Berak bazituen eginda beste zenbait lan kanguru-arratoiaz eta bazekien kanguru-arratoia urik edan gabe bizirik manten zitekeela. Baina dromedarioak desberdinak dira eta aski ezaguna zen ura edan behar dutela; hori bai, ur eskasiarekin jasankortasun handia dute. Bada, Schmidt-Nielseni jakinmina piztu zitzaion eta Algeriako basamortu sakonean dagoen oasi batera joan zen emazte eta hiru seme-alabekin urte oso baterako. Sahararen erdian dago oasi hori eta han, udan, 43ºC-tik gora joan daiteke tenperatura. Bere autobiografian (“The camel’s nose” 139 orr.) oasi horretan udan egiten zuen beroaz honakoa idatzi zuen: “Lagrib could again buy eggs, but it was so hot we had to eat them immediately; if we kept them for a day, a chick promptly started developing. Lagrib had an ingenious approach to the problem of getting fresh eggs: if a woman had more than two eggs for sale, he didn’t buy any, but if she had only one or two, he felt reasonably certain that they had been laid the same day. Usually he was right”.  (Ordea, Lagribek arrautzak eros zitzakeen, baina horren bero handia egiten zuenez, berehala jan behar genituen; egun oso baterako gordetzen bagenituen, berehala hasten zen txitoren bat garatzen. Lagribek bazuen arrautza freskoak lortzeko modu bitxia: emakume batek bi arrautza baino gehiago bazituen salgai, orduan ez zion bat ere erosten, baina arrautza bat edo bi baino ez bazituen, egun berean ipinitakoak zirela ondoriozta zezakeela uste zuen. Gehienetan asmatu egiten zuen.).

Schmidt-Nielsen berehala konturatu zen gameluek ez zutela aparteko ur-biltegirik; izan ere, oso antzekoak dira gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainontzeko hausnarkariena. Eta bestalde, konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur iturri egokia. Izan ere, lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste sustratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek  argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur bolumen handia ez dutela edaten gehiago gordetzeko, lehenago galdutakoa berreskuratzeko baizik.

Gameluen jasankortasun handia, beraz, beste ezaugarri desberdinei dagokie. Hasteko, gorputzaren bero-irabaziak mugatzen dituzte. Errepara diezaiogun ilajeari, esaterako, oso dentsoa da eta horri esker isolatze egokia lortzen dute; gainera, distiratsua da, eguzki-irradiazioaren zati bat islatzen baita horrela. Bestalde, jokaera ere garrantzitsua da; hortaz, esertzen direnean eguzkiari so esertzen dira eta horrela jokatuz murrizten da irradiazioaren intentsitatea.

Moldapen eraginkorrenak, baina, fisiologiari dagozkio. Oso zorrotzak dira, izan ere, ura aurrezten; ez dute erraz galtzen. Hortaz, gernu gutxi ekoizten dute eta gainera, gernu ekoizpena berehala murrizten dute urik edan ezin dezaketenean. Hori dela eta, kontzentrazio garaiko gernua sortzen dute, odolarena baino 8 aldiz garaiagoa baita bere kontzentrazio osmotikoa[1]. Eta bestalde, ur gutxi galtzen dute gorotzetan (%45eko ur edukia dute soilik).


[1] Gernu-kontzentrazio eta odol-kontzentrazioaren arteko aldea handia bada ere, badira hori baino handiagoa duten ugaztunak ere, dromedarioa ez baita punta-puntako adibidea.

2 iruzkin honentzako: Dromedarioaren legendazko ur-biltegia

  • Harrigarria benetan! Askotan galdetu izan diot neure buruari dromedarioen ur-biltegi ustezko horri buruz. Sistema osoa behar da halako zailtasunei aurre egiteko!

  • JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS

    Eta hurrengo sarreran sistemaren beste osagai batzuk azalduko ditut, kontua ez baita sarrera honetan amaitu!

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>