Gameluaren sudurra

Gameluaren sudurraAnimalia askok, arnas azaleretatik galtzen dute ur gehiena (horixe gertatzen zitzaion kanguru arratoiari, esaterako). Gameluek, baina, oso gutxi galtzen dute hortik, biriketan lurruntzen den uraren zati handi bat, arnas aparatuaren goi bideetan eta sudurrean berreskuratzen baitute. Botatzen duten airearen hezetasun erlatiboa %50ra izatera hel daiteke. Sudurraren ohiko jariakinak eta epitelio-zelula hilak lehortu egiten dira eta epitelioaren gainean geratzen den geruza hori oso higroskopikoa da, hau da, ur lurruna xurgatzeko ahalmen handia du; gauza bera gertatzen zaie, adibidez, galletei giro hezean daudenean, airearen hezetasuna xurgatu eta bigundu egiten dira.

Schmidt-Nielsen izan zen, hain zuzen ere, hori frogatu zuena. Berak sortu zuen hipotesi hori basamortuko ikerketak egin ostean. Gameluak kanporatutako airearen hezetasuna neurtu zuen eta %50koa zela behatu zuen, baina ez zekien biriketatik ote zetorren hezetasun horrekin ala lurrun-edukia aldatzen ote zen arnas-bideetan zehar. Uste zuen biriketako albeoloetatik irtendako airea %100ko hezetasunetik gertu zegoela baina gero, arnas bideetatik, uraren zati bat kentzen zitzaiola aireari. Hipotesi hori frogatu ahal izateko, sudur artifizial bat sortu zuen bere laborategian; sudur horretan, geruza higroskopiko artifiziala erabili zuen eta lorturiko emaitzek bat egin zuten basamortuan gamelu deshidratatuei egindako esperimentuetatik lorturiko emaitzekin.

Ura berreskuratzeak, baina, aurkako nabarmena du, sudurra berotu egiten baita horrela, eta sudurrarekin batera, gorputza. Hau da, airea sartzerakoan ura lurrunduz beroa galtzen den bezalaxe, aurkakoa gertatzen da airea irteterakoan, ur lurruna kondentsatzean beroa irabazten baita. Hori dela eta, deshidrataturik badaude, gameluek ez dute guztiz konstante mantentzen gorputz tenperatura. Izan ere, 6ºC-tako tenperatur aldaketa paira dezakete deshidrataturik daudenean (41 ºC-raino). Garuna, hala ere, babestuta dago, hotzago mantentzen baitute arterio karotidoaren rete mirabile delakoari esker.

Eta azkenik, ur galerarekin jasankortasun ikaragarria dute dromedarioek. Txakurrek edo zaldiek, esaterako, ezin dute jasan uraren %15 baino gehiago galtzerik. Dromedarioei buruz, berriz, badakigu %25ko ur galerak paira ditzaketela, baina nabarmen gehiago izan daiteke, hori jakin ahal izateko inork ez baitu utzi dromedario bat hiltzen. Eta noski, janaritik ere ur apur bat lortzen du, orixek edo basamortuetako beste animaliek bezala. Nolanahi ere, zenbait egun (udan) edo zenbait aste (sasoi hotzetan) egon daitezke urik edan gabe. Gero, egia da ur bolumen handia edaten dutela. Hortaz, deshidrataturik daudenean, masaren %33 edaten ikusi zituen Knut Scmidt-Nielsen-ek. Izan ere, horrenbeste edanez gero, urez pozoinduko litzateke beste edozein animalia, baina horrek ez du esan nahi gameluek ur-biltegi bat dutenik; bolumen horrekin berrezarri egiten dute lehenago galdutako ura, ez besterik.

Schmidt-Nielsenek sudurraren zereginari buruzko lana “Proceedings of the Royal Society” aldizkarira bidali zuen argitara emateko, baina sorpresa handia harrapatu zuen artikulua argitaratu baino lehenago, Peanuts komiki-bineta ezagunean sudurraren zeregin horren aipamena ikusi zuenean. Berak, honelaxe azaltzen du bere autobiografian: “In the first panel Charlie Brown says to Lucy: “I just found out why camels can go so long without water. It has something to do with their big noses.” In the next panel Lucy turns to the dog Snoopy and suggests that with his large nose he could go for years without a drink. We had been scooped! I wrote to Charles Schulz, the artist, to ask how he had learned of our unpublished work. A secretary replied that Mr. Schulz couldn’t remember. At any rate, in the scientific literature we retained our priority”. [Lehenbiziko binetan, Charlie Brownek Lucyri honakoa esan zion: “Jakin berri dut nolatan egon daitezkeen gameluak hain denbora luze urik edan gabe. Euren sudur handiekin du zerikusia, omen.” Lucy, hurrengo binetan, Snoopy txakurrari begira geratzen zaio eta iradokitzen dio bere sudur luzeari esker urteetan egon litekeela bat ere edan gabe. Berri fresko-freskoa kendu egin ziguten! Charles Shultz margolariari idatzi nion gure lan argitaratu gabearen berri nola izan zuen galdetzeko, baina bere idazkari batek erantzun zigun esanez Schultz jaunak ezin zezakeela gogoratu. Nolanahi ere, lehentasuna bermatuta genuen zientzia-literaturan.]

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>