Haragijale izatetik belarjale izatera

Itsaso Adriatikoko Lastovo uhartetik ipar-mendebaldera dauden bi irlatxotan bizi dira harreman estua duten Podarcis sicula sugandila italiarraren bi populazio. Irlatxo batetik bestera 4’5 km dago; batean, Pod Copiste izenekoan, sugandilen jatorrizko populazioa bizi da eta bestean, Pod Mrcaru-n,  lehen populaziotik 1971an artifizialki sortutako beste populazio bat. Bietako sugandilen ezaugarri zenbait aztertu zituzten 2008an, hau da, elkarrengandik banatu eta 37 urte igaro ondoren. Desberdintasun interesgarriak aurkitu zituzten.

Elikatze-aparatuari eta digestio-sistemari dagozkie desberdintasunak, eta litekeena da janari-aldaketaren ondorio izatea. Izan ere, orojaleak dira sugandilak, baina jatorrizko irlatxoan harrapakinak ugariak direnez, haragiz osatua da euren jatekoa. Kolonizatutakoan, berriz, urriagoak dira; hori dela eta, Pod Kopiste-koekin erkatuz gero, landare-jatorriko janari gehiago jaten dute Pod Mrcaru-ko sugandilek. Zehazkiago esateko, landare-jatorrizkoa da Pod Mrcaru-ko sugandilen janariaren erdia, gutxi gorabehera: %34 udaberrian eta %60 udan (bolumenean), baina Pod Copiste-koen janari gehiena, animalia-jatorrizkoa da ( %7 udaberrian eta %4 udan besterik ez da landare-jatorrizkoa).

Pod Mrcaru-ko sugandilek buruhezur handiagoa dute eta indar handiagoa egiten dute koska egiterakoan. Halaber, agin zabalagoak dituzte. Horri esker errazago zatitzen dituzte jaten dituzten landareak. Gainera, urdaila handiagoa dute eta hestea luzeagoa; eta hori gutxi balitz, itsu gehiago dituzte hestean. Heste-itsuetan denbora gehiago gelditzen da janaria eta horiek dira landare-materiala digeritzea errazten duten mikroorganismo askorentzako guneak. Hartzidura-guneak izaten dira[1]. Ondorioz, denbora luzeago ematen du janariak digestio-sisteman eta beraz, gehiago luzatzen da digestio-entzimen eta mikroorganismo sinbiontikoen ekintza.

Laburbilduz, agin zabalagoak, masailezur indartsuagoak, digestio-sistema handiagoa eta itsu gehiago dituzte Pod Mrcaru-ko sugandilek Pod Copiste-koek baino, eta horren ondorioz, efizientzia handiagoz digeritzen dute janaria Pod Mrcaru-ko sugandilek.

Egia esan, ez dira aldaketa txikiak 37 urtetan gertatu direnak. Hortaz, malgutasun handia erakutsi dute narrasti horiek janari mota berriak baliatu ahal izateko. Baina, zeri dagokio malgutasun hori? Moldatze-balioa duten eboluzio-aldaketak ote dira ala aldaketa fisiologikoak dira? Itzulezin ala itzulgarriak dira? Bada, galdera horiei erantzuteko, intsektuak jaten hamabost astetan zehar eduki zituzten laborategian Pod Mrcaru-ko sugandila batzuk. Eta ikusi zuten zenbait ezaugarri aldatu egin zirela. Hortaz, digestio-sistemaren tamaina txikiago egin zen eta itsu-kopurua murriztu  15 aste horien buruan. Beraz, oso sistema malgua dela esan daiteke, eta malgutasun hori fisiologikoa da.

Aspalditik zen ezaguna digestio-aparatuaren ezaugarri nagusiak oso desberdinak izan daitezkeela janari-motaren arabera. Espezie bakoitzari zegozkion ezaugarriak zirela pentsatzen zuten lehen. Gero, espezie bereko populazio desberdinetako aleen arteko desberdintasun nabarmenak hasi ziren ikusten. Orduan pentsatu zuten denbora luzean zehar gertaturiko aldaketen ondorio zirela desberdintasunok. Orain, berriz, hemen ikusi ditugun datuei erreparatuz, eta beste zenbait espezierekin lorturiko informazioari esker, badakigu digestio-sistemaren aldaketak oso arin gerta daitezkeela.

Hemen ikusi dugunez, narrastiak bezain animalia konplexuetan behatu dira aldaketak digestio-sisteman, baina aurreko sarrera batean ikusi genuen bezala, hegazti migratzaileetan ere aldaketa handiak gerta daitezke digestio-aparatuan.

Iturriak:

Herrel A., K. Huyghe, B. Vanhooydonck, T. Backeljau, K. Breugelmans, I. Grbac, R. Van Damme, y D.J. Irschick (2008): “Rapid large scale evolutionary divergence in morphology and performance associated with exploitation of a different dietary resource”. Proc Natl Acad Sci USA 105:4792–4795.

Bart Vervust, Panayiotis Pafilis, Efstratios D. Valakos y Raoul Van Damme (2010): “Anatomical and Physiological Changes Associated with a Recent Dietary Shift in the Lizard Podarcis sicula”. Physiological and Biochemical Zoology 83(4): 632–642.


[1] Zenbait animalia belarjalek dituzte heste-itsuak.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>