Humboldten txibiaren abantaila

Humboldten txibia

Humboldten txibia

Animalia gehienek oxigenoa behar dute, energia (ATP) ekoizten duten metabolismo-bideetan ezinbestekoa baitzaie. Oxigeno-kontzentrazioa apala izanik ere, zenbait animaliak lor dezakete behar duten oxigeno guztia, mekanismo bereziak baitituzte horretarako. Beste batzuek, berriz, oxigenorik behar ez duten metabolismo-bideetara jo dezakete, baina bide horiek (bide anaerobikoak) emankortasun apalekoak izaten dira; hau da ATP gutxiago eskura dezakete bide horiek erabiliz. Gainera, animalia guztiek ez dute bide horiek erabiltzeko aukerarik. Normalean, aktibitate-maila garaiak dituzten animaliek oxigeno asko behar dute eta ezin dira bizi egoera anoxikoetan.

Humboldten txibia ez da txibia erraldoia bezain handia, ez eta txibia kolosala bezalakoa ere, baina ez da batere txikia. Bi metro luze izan daiteke eta 50 kilo eduki dezake. Dosidicus gigas du zientzia-izena eta eta zorrotada bidezko propultsioz mugitzen den harrapari indartsua da. Oso animalia aktiboa da; sasoi-migrazio horizontal luzeak egiteaz gain, denbora laburragoko migrazio bertikalak ere egiten ditu. Ur-masan gora eta behera mugitzerakoan oxigeno gutxiko urak (<5 uM) aurkitzen ditu maiz eta ur horietan egon daiteke zenbait ordutan zehar. Emankortasun handiko aldeetan, gainera, gehiagotan aurkitzen ditu ur hipoxikoak. Oxigeno-kontzentrazio apaleko ur-masei “oxigeno gutxieneko geruzak” esaten zaie.

Orratz-arrain, bela-arrain eta atunak bezalako harrapari pelagiko handiak ez dira sartzen ur hipoxikoetan. Oso aktiboak dira eta euren oxigeno-atalasea 150 uM ingurukoa da; hortaz, arrain horiek ez dute oxigeno gutxieneko geruzetan sartzerik eta beraz, goiko geruzetara mugatu behar dute euren jarduera-esparrua. Izan ere, harrigarria da Humboldten txibiak ur hipoxikoetan denbora luze egon ahal izatea, zeren tasa metaboliko garaia duten animaliak baitira. Zorrotada bidezko propultsioz mugitzen diren animaliek metabolismo-tasa garaiak dituzte, propultsio modu hori eraginkortasun energetiko apalekoa baita. Izan ere, askoz eraginkorragoa da arrainen igeri egitea txibien eta, oro har, zefalopodoen propultsioa baino.

Metabolismo-tasa garaiko animaliak izanik, oso handiak dira txibien oxigeno-beharrak. Hori dela eta, oxigenoarekin kidetasun apalekoa izan behar da euren arnas-pigmentua (hemozianina). Oxigenoarekiko kidetasun handikoa izango balitz, oxigenoa ez luke erraz askatuko eta ez lioke erraz emango ehunei, berarekin konbinatuta geratuko litzateke-eta. Baina aurkako nabarmena du horrek, zeren kanpo-mediotik oxigenoa hartzea zailago egiten baita. Oxigeno-kontzentrazio normala dagoen uretan (egoera normoxikoetan, berba teknikoa erabiliz) kidetasun apaleko pigmentuak ez du batere arazorik; baina ur hipoxikoetan arazoak sor daitezke, ur horietan oxigeno gutxi egonik nekez zamatuko baita pigmentua oxigenoz. Hori horrela, txibia gehienek ezin ditzakete jasan egoera hipoxikoak, egoera horietan modurik ez baitute oxigenoa lortzeko.

Baina, lehen esan bezala, ur hipoxikoetan sartzen dira Humboldten txibiak eta bertan ordu batzuk eman. Orduan, arnas-kontsumoa beheratzen du nabarmen eta metabolismo-bide anaerobioetara jotzen du. Oktopina da bide horren amaiera-produktua. Erabilitako glukosa mol bakoitzeko 3 mol ATP ekoizten dira oktopinen bidean[1].  Egoera horretan askoz ere aktibitate apalagoa garatzen du, baina arrainak harrapatzeko gai da oraindik. Jakina, harrapatzen dituen arrainak ur hipoxikoetan bizi daitezke baina ez dira oso aktiboak. Seguru aski, ur hipoxikoetan ur normoxikoetan baino arrain gutxiago daude, baina gutxiago egon arren, Humboldten txibiak etekin handia ateratzen dio ur horietan egon ahal izateari, bera baita egoera hipoxikoetan egon daitekeen harrapari pelagiko handi bakarra. Hortaz, abantaila nabarmena da hori, beste lehiakideek egin diezaioketen konkurrentzia sahiesten baitu bide anaerobikoen erabilerari esker.

Iturria: Rui Rosa y Brad A. Seibel (2010): “Metabolic physiology of the Humboldt squid, Dosidicus gigas: Implications for vertical migration in a pronounced oxygen minimum zone”. Progress in Oceanography 86: 72–80


[1] Gogora dezagun, bide aerobiko arruntak ATP 36 mol ekoizten dituela.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>