Munduko begirik handienak

Txibia erraldoien begiak dira animalien artean dauden begirik handienak. Architeuthis txibia erraldoia bizi den uretara iristen den argi-intentsitatea oso apala da; kasik ez da argirik heltzen. Txibia erraldoiak haragijaleak dira, harrapariak seguru aski. Balizko harrapakinak antzemateko sistema eraginkorra behar dute txibiek, beste edozein harraparik bezala. Hortaz, begi handiak dituzte txibia erraldoiek, animalien artean handienak hain zuzen ere. Eta neurri handi batean behintzat, ur sakonetara heltzen den argi-intentsitate apalagatik dute tamaina handi hori.

Egunez bizi diren animalien begiak ez dira handiak. Gauez edo argi gutxi dagoen inguruetan bizi direnek, berriz, begi handiak dituzte. Begira, esaterako, ontzaren begien eta arranoaren begien tamainen arteko aldeari. Beste alde batetik, inolako argirik ez dagoen tokietan, -kobazulo ilunetan, esaterako-, bizi diren animaliek, ez dute begirik edo bestelako fotohartzailerik, ez baitute behar. Paradoxikoa da, nonbait, argi asko egotetik inolako argirik ez egotera dagoen iragapen edo trantsizio hori. Begi txikiak izatetik begirik ez izatera iragaten dira animaliak, baina oso argi gutxiko egoeretan handiak dira begiak, oso handiak batzuetan.

Architeuthis txibia erraldoiarentzat, itsas azaletik heltzen den argiak baino garrantzi handiago izan dezake hondo abisaletako zenbait arrainek igortzen dutena. Bioluminiszentzia deritzo gertaera horri eta ez dira gutxi horrelako ahalmena garatu duten sakonera handiko uretako animaliak. Komunikatzeko eta harrapakinak erakartzeko erabiltzen dute sorturiko argia baina, aldi berean, harrapariak ere erakarriak izan daitezke  ikusteko ahalmena baldin badute. Hortaz, txibia erraldoiaren begien kasuan, tamaina handiari esker, oso urrun dauden argiak ere antzeman ditzakete, eta horrek abantaila handia ematen die txibiei.

Txibia erraldoien begiek 10 cm-ko diametroa dute eta izugarri handia da dituzten zelula fotohartzaileen kopurua. Gutxi gorabehera mila milioi fotohartzaile dituzte, gizakion begiek dituztenak halako zortzi (132 milioi dituzte gure begiek). Fotohartzaile bakoitzak oso argi gutxi hartzen du, baina bakoitzak hartzen duen energia bere albokoek hartzen dutenarekin batzen da eta beste ia edozein animaliak ezer ere ikus ezin dezakeen egoeretan ikus dezake Architeuthis-ek horri esker.

Iturria: Ángel Guerra Sierra eta Ángel F. González González (2009): “¿Qué sabemos de? El calamar gigante” Libros de la catarata/CSIC, 116 orr.

Giant squid tentacle

Smithsonian National Museum of Natural History-ko web orritik hartu dugu bai goiko irudia eta baita hemen behean ikus daitekeena. Beheko honetan begien tamainaz jabetu gaitezke, erreferentzia ezagun bat dugulako  erkatzeko: txibiaren begia Clyde Ropers ikerlariaren buruaren bestekoa da!

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>