Begi-nini bertikalak, zertarako?

Begi-nini bertikalak dituen sugea

Nork ez du ikusi, argazki edo marrazki batean, begi-nini bertikaleko begirik? Ornodun askok dituzte holako begiak. Begi-nini horiek gaueko bizimoduarekin lotu izan dira iraganean, baina lotura hori ez dago argi. Gainera, badirudi bestelako hautespen-indarrek jokatu dutela ezaugarri horren alde.

Izan ere, argi-intentsitatea apala denean ikusi ahal izateko, begi-nini bertikalek ez dute ezertan laguntzen; begi-nini horiek dituzten animaliek guztiz zabaltzen dituzte gauez, borobil bihurtzen dituzte. Gauez, argi gutxi dagoenean, bestelako ezaugarriak eduki behar dituzte begiek ikusi ahal izateko. Ikus dezagun kontu hau lehenik.

Bi eratako zelula fotohartzaileak ditugu ornodunok, makilak eta konoak. Horiexek dira ematen dizkiegun izenak. Konoek uhin-luzera desberdinak bereizten dituzte eta hori dela eta, koloreak hautematen ditugu eurei esker. Baina ez dira egokiak argi-intentsitatea apala denean. Makilek ez dute balio koloreak bereizteko, baina askoz ere sentikortasun garaiagoa dute eta argi-intentsitate apalak ere kitzikatu egiten ditu horri esker. Hortaz, gaueko bizimodua duten ornodunen fotohartzaile gehienak makilak dira, horiexek baitira gauean ikusteko egokienak. Horrez gain, kornea handiak eta konkordura handikoak dituzte; handia dute aurreko ganbara, eta leiar handi eta esferikoa ere. Bestalde, begi-nini borobilak dituzte gaueko animalia askok, eta nahikoa handiak dira foku-distantziari dagokionez.

Zein da, orduan, begi-nini bertikalen abantaila? Malgutasun handia eskaintzen dute begiak har dezakeen argi-intentsitateari dagokionez. Izan ere, irekiera-maila oso desberdinak lor ditzakete eta, beraz, argi-intentsitate garaia dagoenean kasik itxita gera daitezke eta apala denean, guztiz irekita, ia borobil dute. Hortaz, oso begi-nini egokiak dira egunaren edozein unetan (gauez zein argiz), jardun dezakeen animalia batentzat.

Baina aurrekoaz gain, bada ikertzaile-talde australiar batek proposatu duen bigarren abantaila bat, elikatze-moduarekin zerikusirik duena. Ikertzaile horiek pentsatu zuten zelatan egoten diren harrapariei alboetatik hurbiltzen zaizkien harrapakinak zehaztasun handiz ikusteko oso egokiak direla begi-nini bertikalak. Izan ere, begi-ninia bertikala izanik, eremu-sakontasun eta zehaztasun handiagokoak gertatzen dira irudiak plano horizontalean bertikalean baino. Hortaz, eseri-eta-itxaron moduko harraparientzat oso egokiak suertatzen dira begi horiek, horien harrapakinak alboetatik (buruaren plano horizontalean) iristen baitzaizkie.

Lehen esan bezala, asko dira begi-nini bertikalak dituzten ornodunak, baina narrastietan oso ugariak dira. Hori dela eta, ikertzaile-talde australiarrak Australiako sugeen (Acrochordidae, Colubridae, Elapidae, Homalopsidae eta Pythonidae familietako 127 espezie) begiak aztertu zituen eta bizimoduarekin (gaueko, egunekoa edo egun osokoa) eta ehiza-moduarekin (aktibo, misto edo eseri-eta-itxaron) harremanetan jartzen saiatu ziren.

Erdietsi zituzten emaitzak, berriz, harrigarri suertatu ziren ikertzaileentzat. Izan ere, eta itxaron ez bezala, gaueko bizimodukoak ziren begi-nini bertikala zuten suge asko. Ikertzaileen arabera, gaueko sugeek egunez ere jardun behar izaten dute askotan, eta egoera horretan, balio handikoa izan daiteke begi-nini bertikala, argi-intentsitate garaien menpe daudela jardun ahal izateko.  Proposatu zuten ehizatzeko moduaren eta begi-niniaren morfologiaren arteko harremana, berriz, baieztatu egin zuten. Hau da, zelatan egoten diren “eseri-eta-itxaron” moduko harrapari gehienen begi-niniak bertikalak ziren, eta ehizatzeko modu aktibo edo mistoa zuten espezieenak, berriz, esferikoak.

Beraz, artikulu honen izenburuko galderari erantzuteko, esango genuke begi-nini bertikalei esker hobeto antzeman daitezkeela alboetatik hurbiltzen diren harrapakinak.

Iturria: F. Brischoux, L. Pizzatto & R. Shine (2010): “Insights into the adaptive significance of vertical pupil shape in snakes” Journal of Evolutionary Biology, vol. 23: 1878–1885

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>