Emakumeen kurbak

”]Emakumeen gerri-aldaka ratioa (GAR), hau da, gerriaren diametro eta aldakaren diametroaren arteko zatidura, gorputz-gantzaren kokapenaren adierazlea da, eta ezaguna da ratio horren balio apalak dituzten emakumeak direla gizonak gehien erakartzen dituztenak. Hitz gutxitan esanda, gerri estu eta aldaka zabaletako emakumeak gustatzen zaizkie gizonei. GAR zatiduraren bitartez adierazten badugu, esango genuke 0’67tik hurbil dagoen GAR dutenak direla andrazko erakargarrienak. Balio horrek adierazten du aldakako diametroa gerrikoa baino %50 handiagoa dela.

Hori horrela, pentsatu behar dugu hautespen-indarren batek eragin izan duela gizonen gustu hori moldatzeko; hau da, pentsatzekoa da gizonen gustua horrelakoa izateko arrazoi sendoak egon behar dutela. Eta hori bakarrik uler daiteke GAR delakoaren balio horrek arrakasta (eboluzioaren ikuspegitik) goratzen badu, edo, bestela esanda, ezaugarri horrek moldatze-balioa badu. Hainbaten ustez, ugalkortasun handiago eta osasun hobeagoko adierazleak dira GAR horren balio apalak, baina egia da hori ez dutela berdin ikusten ezagutza-esparru honetako aditu guztiek.

Ipurmasailetan eta izterretan gantza pilatzeak garrantzi handia du andrazkoaren garapenean. Haurtzaro eta nerabezaroan pilatzen den koipe gehiena gorputzaren atal horietan metatzen da. Bestalde, izterrean eta ipurmasailean gantz asko pilatzen bada, lehenago iristen da menarkia [1] eta alderantziz gertatzen da gantza sabelean pilatzen denean. Gainera, kontu ezaguna da izter eta ipurmasailetako gantza haurdunaldiaren azken hilabeteetan eta edoskitzaroan bakarrik erabiltzen dela , ez lehenago, ez eta gose egonda ere. Kontuan hartu behar da aldi horietan gertatzen dela haurraren garunaren hazkunde azkarrena.

Bestalde, emakumeen asegabetasun-maila garaiko gantz-azidoen (PUFA[2]) iturri nagusia da izter eta ipurmasailetako gantza, eta umeki eta umearen garunaren garapenerako ezinbestekoak dira gantz-azido horiek. Izan ere, garunaren %20 asegabetasun-maila garaiko gantz-azidoek osatua da. Hortaz, hemen azaldutakoa eta ildo bereko beste zenbait datu kontuan hartzen badira, andrazkoen ipurmasailak eta aldaka umeki eta haur jaioberrien garunaren garapenerako ezinbestekoak diren gantz-azidoen biltegi direla ondoriozta daiteke.

Beraz, zentzuzkoa dirudi gizonek beren seme-alaben garun-garapena eta horrekin lotuta dauden kognizio-gaitasunak goratuko dituen ezaugarri bat bilatzea beren bikotekidearengan. Hortaz, andrazkoen kurbak ez lirateke izango irizpide estetiko arbitrarioa, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik.


[1] Lehen hilekoa heltzen den unea.

[2] “Poliunsaturated fatty acids” ingelesezko izenaren akronimoa da PUFA.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>