Bikotekidea aukeratzea ez da kontu makala

Diamante mandarina

Bikotekide egokia aukeratzea, garrantzi handikoa da norberaren geneak hurrengo belaunaldietara iragan ahal izateko. Bikotekidea indartsua bada, baliabideak lortzeko ahalmen handia badu, errazago atera ahal izango dira aurrera seme-alabak. Horrexegatik da garrantzizkoa bikotekidea ondo aukeratzea.  Animalia gehienetan emeek aukeratzen dute arra. Arra, bere aldetik, saiatu behar da erakargarria dela erakusten, ona dela, kalitate oneko geneak dituela. Badira horretarako bideak: hegaztiek, esaterako, txorrotxioa baliatzen dute horretarako, eta zenbait kasutan gorteiatzea. Bata eta bestea gene-kalitatearen adierazle egokiak dira hegaztietan.

Emea denez aukeratzen duena, emeek hobetsi dituzten arren kanpo-ezaugarriek baldintzatu dituzte arrek erakusten dituzten sexu-adierazleak. Hau da, hegazti-espezie bateko emeek moko luzea hobesten badute eta, beraz, moko luzeko arrak aukeratzen badituzte, arren mokoak gero eta luzeagoak izango dira belaunaldietan zehar. Sexu-hautespena esaten zaio prozesu horri eta natura-hautespena bezain indartsua edo indartsuagoa da zenbait espezieren eboluzioan. Sexu-hautespenari buruzko ikerketen ideia nagusietako baten arabera, arren gene-kalitatearen adierazle zintzoak dira emeek hobesten dituzten kanpo-ezaugarri edo adierazle horiek. Hortaz, adierazle horien eta arrakasta izateko probabilitatearen arteko lotura dagoela uste dute kontu honetan aditu direnek. Ideia horretan oinarrituriko aurreikuspenen arabera, emeek, kalitate handiko arrak aukeratu nahi izango zituzten beti.

Baina orain badakigu hori ez dela horrela, kanpo-ezaugarri (fenotipo) desberdinetako arrak hautatzen baitituzte emeek. Zenbait ikertzaileren arabera, gainera, emearen fenotipoaren kalitatea bera izan daiteke emearen zaletasuna baldintzatzen duen ezaugarria. Genoma eta ingurunearen arteko elkarrekintzak direla-eta, fenotipo-desberdintasunak daude espezie eta populazio baten banakoetan zehar. Desberdintasun horien ondorioz, bestalde, desberdinak dira banakoen hazkunde-tasak, bai eta gorputz-funtzioen mantenura eta ugalketara bideratzen dituzten baliabide-kopuruak ere. Hortaz, egoera fisiologiko desberdinetan egoten dira populazio bereko aleak, eta lehen aipatu ditugun arren adierazle horietan (gorteiatzearen edo txorrotxioaren ezaugarriak) islatzen dira egoera fisiologiko desberdin horiek.

Lehen esan bezala, litekeena da emeek arra aukeratzeko erabiltzen duten irizpide nagusietako bat hauxe izatea: arraren fenotipo-kalitatea, emearen parekoa izatea. Hipotesi hori esperimentu bidez frogatu nahi izan du ikertzaile-talde batek. Helburu hori ikusmiran izanik, kalitate desberdineko txoriak (diamante mandarin espeziekoak) hazi zituzten esperimentu batean eta horretarako, kopuru desberdineko arrautza-multzoak sortu zituzten artifizialki, 2-3 arrautzeko eta 5-6 arrautzeko multzoak hurrenez hurren. Arrautza-multzo txikiko txitak arrautza-multzo handikoak baino kalitate handiagokoak ziren, multzo txikietan baliabide gehiago egokitzen baitzaio txita bakoitzari. Horrela sorturiko desberdintasunak, gainera, iraunkorrak dira eta heldutasuneraino iristen dira. Esperimentuek baieztatu egin zuten ikertzaileen hipotesia. Ikus dezagun.

Aukera desberdinen aurrean, bakarrik kalitate garaiko emeek aukeratu zituzten kalitate garaiko arrak; kalitate apaleko emeek kalitate apaleko arrak aukeratu zituzten. Beraz, egoera desberdinen menpe hazi izanak ondorio iraunkorrak ditu espezie honetan eta arra aukeratzeko irizpideen aldagarritasuna da ondorio horietako bat. Bestalde, bikotekiden kalitatea garaia zein apala izanik, errutea lehenago gertatu zen bikotekide biak kalitate berekoak zirenean. Lehenago eratu ziren kalitate bereko kideek osaturiko bikoteak, eta lehenago eratzearen ondorioz, lehenago gertatu ziren ernalketa eta errutea ere. Garrantzi handiko kontua da hau espezie honetan. Izan ere, oso laburra da diamante mandarinek arrautzak txitatzeko eta txitoak hazteko duten denbora, euren ingurunea oso lehorra delako eta oso motza euria egiten duen aldia. Hori dela-eta, laburra da janaria ugaria den aldia eta beraz, oso estua eta mugatua da txitak hazteko duten denbora-tartea ere. Hortaz, garrantzi handikoa da, espezie honetan bederen, txitatze-aldia eta hazkunde-aldia ahalik eta laburren izatea.

Eman dezagun kalitate apaleko eme batek ez duela aukeratzen kalitate bereko ar bat beste ar hobeago baten zain geratzen delako. Horrela jokatuz, bikotekiderik gabe gelditzeko edo beranduegi hartzeko arriskua du, eta beraz, kasurik txarrenean ez litzateke ugalduko. Hori dela eta, berme handieneko aukera hartzen du, kalitate apaleko arra hautatzen du alegia.

Lehen esan bezala, ingurune-egoera oso gogorra da ugaltze-aldien artean. Izan ere, oso apala da txori helduen biziraupen-probabilitatea (urteko %4-%28 tartean dago biziraupenen ehunekoa). Beraz, garrantzi handikoa da ugaltzearekin asmatzea, norberaren gene-ondarea desagertzeko arrisku handia baitago bestela.

Ikerketaren egileen arabera, bada hemen aurkeztu den jokaeraren eta gizakiengan behatutako jokaeren arteko antzekotasunik. Erakargarritasun apaleko emakumeek, edo erakargarritasun apalekotzat euren burua hartzen duten emakumeek, erakargarritasun apaleko gizonekin parekatzea nahiago dute. Gizakiaren kasua, baina, ingurune-ezaugarriak oso deberdinak dira. Baliteke, beraz, beste eragileren bati egokitzea portaera bera, edo bestela, animalien ezaugarri orokorra izatea. Hortaz, seguru asko aurrerantzean espezie desberdinetan egingo dira antzeko ikerketak, arrak aukeratzeko emeen jokaera-eredu hori unibertsala ote den edo beste eragileren menpekoa ote den jakiteko.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>