Tamainak badu garrantzirik… nerbio-bulkadari dagokionez behintzat

Europako satitsua

Ugaztun txikienak, satitsuak dira eta elefanteak, handienak. Animalia handietan garunak bidaltzen dituen seinaleek, distantzia luzeagoak egin behar dituzte helmugaraino iristeko. Beraz, bestelako ezaugarri berezirik gabe, seinale bat garunetik oinetaraino helarazteko, denbora luzeagoa beharko luke elefante batek satitsu batek baino. Hau da, nerbio-bulkadaren lastertasuna animalien tamainarekin batera aldatuko ez balitz, animalia handiek txikiek baino denbora luzeagoa beharko lukete bai zentzumen-hartzaileetatik garunera doazen seinaleak jasotzeko zein garunean igorritakoak muskuluetara helarazteko. Hortaz, muga nabarmena ezarriko lioke horrek tamaina handiko animalien mugikortasunari.

Baina nerbio-bulkadaren abiadura ez da konstantea animalietan zehar. Lodiagoak dira animalia handien neuronen axoiak eta lodiagoak izanik, karga elektrikoak -ioiak, kasu honetan- bizkorrago mugitzen dira axoiaren barrenetik. Horren arrazoiak zerikusi handia du kable batek korronte elektrikoari jartzen dion erresistentziaren eta kablearen lodieraren arteko harreman negatiboarekin; ezaguna denez, kable meheagoek erresistentzia handiagoa jartzen diote karga elektrikoaren mugimenduari. Bada, antzeko zerbait gertatzen da axoi neuronalekin: axoi lodiek arinago eroaten dute nerbio-bulkada.

Afrikako elefantea

Elefantearen nerbio ziatikoaren[1] diametroa, 15um-takoa da eta satitsuarena, 9 um-takoa; nabarmen lodiagoa da, beraz, elefantearena. Baina, elefantearen garunetik hanken muturretara eta satitsuaren garunetik hanken muturretara nerbio-seinaleak denbora berean irsiteko nahikoa ote da hori? Ez da nahikoa; inondik ere. Izan ere, elefantearen hankak satitsuarenak baino 100 bider luzeagoak dira, baina bakarrik bi aldiz handiagoa da elefantearen nerbio ziatikoaren axoian zeharreko nerbio-bulkadaren lastertasuna. Elefantearen nerbio ziatikoan 70 m s-1-ko abiadura darama nerbio-bulkadak, eta satitsuarenean 37 m s-1-koa. Beraz, nerbio-seinalea garunetik hanken muturretara irits dadin elefanteak behar duen denbora 50 bider luzeagoa da satitsuak behar duena baino.

Hori horrela, berehala sortzen zaigu galdera bat: zergatik ez dira lodiagoak elefantearen axoiak? Lodiagoak izan litezke, bai, baina lodiagoak izango balira, nerbio-dentsitatea apalagoa izan beharko litzateke, halabeharrez, eta ondorioz, apalagoa izango litzateke bereizmena[2]. Hau da, nolabaiteko oreka behar da bereizmenaren eta hedatze-abiaduraren artean. Hedatze-denbora laburtzeak bereizmenaren jaitsiera ekarriko luke eta alderantziz.

Eta ondorioak? Nabariak, animalia handientzat: nerbio-bulkadaren eroapen-abiadura motela bada, muga nabarmenak gertatzen dira bai zentzumen-harrerari bai agindu motoreei dagokienez. Eta logika berbera erabil genezake espezie bereko baina tamaina desberdineko animalien kasuan? Bai, baina tamaina-desberdintasun horien ondorioak arbuiagarriak dira nerbio-bulkaden hedatze-denborari dagokionez.

Iturria: Heather L. More, Douglas J. Weber, John R. Hutchinson, Steven K. Aung, David F. Collins, Max Donelan (2009): “Scaling of sensorimotor control in terrestrial mammals” Journal of Comapartive Biochemistry and Physiology A, Vol 153:  S52 (doi:10.1016/j.cbpa.2009.04.510)


[1] Pelbisetik hanketarantz doan nerbioa da nerbio ziatikoa, gorputzeko nerbiorik lodiena eta luzeena dena.

[2] Zentzumen-terminalen dentsitatearen menpekoa da bereizmena; hau da, azalera unitateko hartzaile-kopurua handia bada, bereizmena ere handia da, eta alderantziz. Bestalde, nerbio-dentsitatea apala bada, terminalen dentsitatea ere apala izan behar da. Hortaz, nerbio-dentsitatea apala denean, bereizmena ere baxua da.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>