Urtxintxa marradunaren lozorroa

Hibernatzen duten animaliez aritu gara hemen dagoeneko. Marmotak, esaterako, hibernatzaileak dira. Eta badira egiazko hibernazioa egiten ez duten baina lozorro-egoeran sartzen diren ugaztunak ere. Hartzak, esaterako, horietakoak dira: lozorro-egoeran sartzen dira negua heltzen denean, baina ez dira egiazko hibernatzaileak.

Tamias striatus urtxintxa marraduna dugu beste jokaera baten adibidea. Negua heltzen denean, lozorro egoeran sartzen da, baina berezia da lozorro hori. Izan ere, lozorroan sartu aurretik janaria pilatzen du bere gordelekuan eta gero, barruan dagoela, noizean behin esnatu eta jan egiten du. Egiazko hibernatzaileek, ordea, ez dute horrelakorik egiten, euren gorputzetako gantz-erreserbetan pilatuta baitute behar duten energia.

Lozorro-egoeran egonik, gorputz-tenperatura jaitsi egiten da eta metabolismo-tasa oso apala dute urtxintxa marradunek; energia asko aurrezten dute horri esker. Horixe da jokaera horrek dakarren onura. Izan ere, gordelekuan janari asko gordetzeko aukera dutenean, gorputz-tenperatura ez zaie hainbeste jaisten eta denbora gutxiago egoten dira hibernazio moduko egoera horretan. Janari gehiago edukitzeagatik lozorroa ez da geroago hasten, hori ez da aldatzen, baina gehiagotan “esnatzen dira” eta azkenean, denbora luzeago egoten dira eutermian (tenperatura normalean).

Lehen esan bezala, onura nabarmenak ditu lozorro-egoeran sartu ahal izateak. Baina desabantailarik ere badu lozorroak, oxidazio-estresa eta inmunogaitasun apalagoa baitakartza. Hortaz, onuren eta eragozpenen arteko balantzea garrantzi handikoa da lozorroaren luzapenari dagokionez. Hortaz, janari gehiago dutenean, energia aurrezteko beharra ez da hain handia. Hori dela-eta, denbora gehiago egoten dira eutermian, eta lozorroak dakartzan kalteak gutxiagotu egiten dituzte horrela.

Iturria: Murray M. Humphries, Donald L. Kramer & Donald W. Thomas (2003): “The Role of Energy Availability in Mammalian Hibernation: An Experimental Test in Free-Ranging Eastern Chipmunks”. Physiological and Biochemical Zoology 76(2): 180–186.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>