Basamortuan bizitzea ez da erraza (ugaztun txikia bazara, batez ere)

Planigale generoko sagu martsupialio baten marrazkia

Sagu martsupialio izenez ezagunak diren animaliak ez dira egiazko saguak. Saguen eta satitsuen arteko itxura dute, baina ez dute zerikusirik horiekin, martsupialioak baitira, ugaztun martsupialioak alegia. Dasyuriomorphia ordeneko kideak dira, Tasmaniako deabrua bezala, baina Tasmaniako deabrua handiagoa da, askoz handiagoa. Sagu martsupialioak oso txikiak dira, martsupialio txikienak edo txikienetakoak, izan ere. Planigale generokoak dira guztiak eta bost espezie baino ez dira ezagutzen. Giles planigalo izen arruntarekin ezaguna den Planigale gilesi da horietako bat. Bere generoko beste kideak bezala, txikia da: 6-15 g-ko masa dute. Australiako erdialdeko basamortuetako alubioi-lautadetan ohikoak diren buztinezko lurretan sortzen diren arrakala luze (> 1m) eta estuak izaten dira haien bizileku. Toki horiek, uholderik ez denean, oso idorrak dira, hilabeteak igaro daitezke-eta euririk egin gabe. Arrakalen barruan ematen dute denbora gehiena, baina gauez irteten dira ehizatzera. Haragijaleak dira, oso aktibo ehizatzen dutenean, eta jatunak.

Planigale generoko espezieek, biologoen interesa piztu dute; hortaz, basamortu horietan bizi ahal izateko moldapen bereziak izan zitzaketela pentsatu zuten. Kontua ikertu zutenean, baina, harritu egin ziren aurkitu zutenarekin, sagu martsupialioek ez baitute erakusten aparteko ezaugarririk. Nola lor dezakete, orduan, hain toki idorretan bizitzea?

Giltza, dirudienez, eguneko lozorroan dago. Gorputz-tenperatura 32 ºC-en azpitik beheratzen denean eta beherapen hori 24 ordukoa baino laburragoa denean esaten da eguneko lozorroan sartzen direla animaliak.

Planigale gilesi

Esan bezala, sagu martsupialioak oso txikiak dira eta jarduera-maila handia gara dezakete. Energia asko eskatzen du horrek, eta bizi diren tokietan ez dago fauna ugari. Beste alde batetik, ur asko gal dezakete arnas egiterakoan, eta paradoxikoa bada ere, gehiago galtzen dute ingurune-tenperatura beheratzen denean. Dirudienez, kanpo-tenperatura jaisten denean, arnaste-maiztasuna goratu egiten dute oxigeno gehiago barneratzeko eta metabolismo-tasa igotzeko. Horrelaxe konpentsatzen dute tenperatura hotzagoan gertatzen den bero-galera handiagoa. Baina horrek ondorio kaltegarria du, arnas frekuentzia goratuz eguraste-tasa igo egiten baita; beraz, aire gehiago sartzen eta ateratzen dute arnas organotik eta ondorioz, ur gehiago lurruntzen da arnas-azaletan eta ur gehiago galtzen da arnas egiterakoan.

Gauzak horrela, jarduera-maila etengabe altu mantentzea garestia ateratzen da, bai energia-balantzeari zein ur-balantzeari dagokienez. Eta horren aurrean, hiru dira sagu martsupialioek erakusten dituzten jokabideak.

Batetik gorputz-tenperatura ez dute guztiz konstante mantentzen kanpo-tenperatura beheratzen denean. Kanpo-tenperatura 10 ºC-takoa denean, esaterako, 32’4 ºC-etara jaisten da gorputzarena; hau da, ez da mantentzen 34’4 ºC-etan, ohikoa den bezala, eta horri esker energia-gastua %9an murrizten da. Zeresanik ez, horrekin batera, ura ere aurrezten da.

Bestetik, eguneko lozorrora jotzen dute. Energia eta ur asko aurrezten dute lozorro mota horri esker. Izan ere, metabolismo-tasaren %79ko eta ur-galeraren %62ko jaitsierak gertatzen dira lozorroan zehar ingurune-tenperatura 20 ºC-ekoa denean.

Eta azkenik, ohiko jokabidea bera ere garrantzitsua da; mikroklima egokiak bilatzen dituzte, eta animalia ektotermoek euren gorputzak berotzeko egiten dutenaren antzera, eguzkitan jartzen dira aukera dutenean.

Ikusi dugun bezala, ugaztun txikiek badute ur gutxi eta janari gutxi dagoen tokietan bizitzeko modurik. Deigarria da, bai, egoera benetan mugagarria da-eta. Ugaztun martsupialio izateak gauzak errazten ditu; seguru asko, gorputz-tenperatura plazentalioek baino baxuago mantentzeak laguntzen du, baina batez ere, lozorroari esker dago bermatua sagu martsupialioen biziraupena ohikoak dituzten muturreko egoeretan.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>