Oxigeno gutxiko uretan bizitzearen ordaina

Ur-medioetan oso egoera desberdinak egon daitezke oxigeno-kontzentrazioari dagokionez. Normoxikoak dira naturan diren ur masa gehienak; ura normoxikoa denean, orekan dago atmosferarekin eta, horren ondorioz, oxigeno-kontzentrazioa egokia izaten da bizidun aerobio arruntentzat. Baina ur hipoxikoak ere badira; izan ere, lehen mailako ekoizpen altuko uretan oxigeno-kontsumoa ere oso garaia da eta horren ondorioz, atmosferatik igarotzen den oxigenoa ez da nahikoa egoera normoxikoa mantentzeko. Hortaz, egoera hipoxikoak sortzen dira horrela.

Pseudocrenilabrus multicolor victoriae ur gezetako arrain ziklidoa da eta oxigeno-kontzentrazio desberdinetako uretan bizitzeko gaitasuna du. Ekialdeko Afrikako ibai, aintzira eta zingiretan bizi da. Oxigeno-kontzentrazioak oso desberdinak dira toki horietan. Ibaietan garaia izaten da, nahiz urte-sasoiaren araberako aldaketak gertatzen diren. Izan ere, euririk gabeko sasoietan ur-lasterrak gelditu egin daitezke eta putzuak sortu; egoera horren menpe oso oxigeno-kontzentrazio apalak gerta daitezke putzuetan geratzen den uretan. Euri-jasa handiak gertatzen direnean, berriz, normoxiko bilakatzen da ura. Zingirak, bestalde, hipoxikoak dira gehienetan; hau da, lehen azaldutako arrazoiak direla-eta, oxigeno-kontzentrazio apalak gertatzen dira.

Oxigeno-kontzentrazio apaleko uretan bizitzeko ahalmenak zenbait ezaugarri fisiologikotan du oinarri. Arnas pigmentuaren oxigenoarekiko kidetasuna eta odoleko kontzentrazioa, esaterako, desberdina izan daiteke egoera desberdinen menpe bizi diren arrainetan. Baina ez hori bakarrik, arrainen anatomia ere desberdina izan daiteke. Pseudocrenilabrus arrainetan ikusi da brankia handiagoak dituztela oxigeno-kontzentrazio apaleko uretan bizi diren populazioetako aleek. Gainera, ez dirudi ikusitako desberdintasunek oinarri genetikoa dutenik; hortaz, arrainen garapenaren malgutasunaren ondorioa dira. Hau jakin izan dugu oxigeno-kontzentrazio apaleko egoera esperimentalen menpe hazitako arrainen brankiak handiago gertatzen direlako.

Argi dago zein den ur hipoxikoetan brankia handiagoa edukitzearen abantaila: brankia handiagoak gasen trukerako azalera handiagoa du eta oxigenoa hartzea errazten da horrela. Hortaz, balio handiko moldapena da aldagarritasun anatomiko hori, oxigeno gutxiko uretan bizitzeko gaitasuna ahalbidetzen baitu.

Baina brankiei dagokiena ez da arrain horietan ikusi den aldaketa anatomiko bakarra. Garunaren tamaina ere desberdina dute arrain batzuek eta besteek. Izan ere, ur hipoxikoetan bizi diren arrainek garun txikiagoa dute ur normoxikoetan bizi direnek baino. Desberdintasun horiek aztertu dituzten ikertzaileen arabera, desberdintasun hori ezin daiteke moldapentzat har, hipoxiaren ondorio kaltegarritzat baizik. Izan ere, oxigeno asko behar duen organoa da garuna, gainontzeko organo gehienek baino metabolismo-tasa altuagoa baitu. Dirudienez, ur hipoxikoetan bizi ahal izateko garunak txikiagoa behar du izan, bestela, oxigeno-beharrak asebete ezin litezkeelako. Horrek, seguru aski, ondorio kaltegarriak ditu, pentsatzekoa baita garun txikiagoek ezagumendu?-ahalmen mugatuagoa dutela. Bistan da, hala ere, ur hipoxikoetan bizitzea merezi diela arrain horiei; kognizio-ahalmen mugatuak badituzte ere, onuragarria gertatzen zaie ur horietan bizitzea, seguru aski konkurrentzia gutxiago aurkitzen dutelako ur hipoxikoetan.

Iturria: E. Crispo eta L. J. Chapman (2010): “Geographic variation in phenotypic plasticity in response to dissolved oxygen in an African cichlid fish” Journal of Evolutionary Biology 23: 2091–2103

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>